NAIZ

Txirrindularitza denboraldia amaitzeko erakustaldia espero da Il Lombardia lasterketan

Alejandro Valverde murtziarra –bere hamargarren parte hartzea izango da–, Tadej Pogacar eta Primoz Roglic esloveniarrak, Julian Alaphilippe bi aldiz munduko txapeldun fratziarra, Remco Evenepoel belgikarra, Adam Yates britainiarra edota Mikel Landa euskalduna ageri dira faboritoen artean.

Il Lombardia urteko azken monumentuaren txanda izango da larunbat honetan. (IL LOMBARDIA)
Il Lombardia urteko azken monumentuaren txanda izango da larunbat honetan. (IL LOMBARDIA)

Hemen da jada txirrindularitza denboraldiko azken monumentua: Il Lombardia. Como eta Bergamo artean korrituko den 239 kilometroko lasterketa honetarako hitzordua hartu dute munduko txirrindularirik onenek. Hortxe arituko da, besteen gainetik, Alejandro Valverde murtziarra. Bere hamargarren parte hartzea izango da larunbatekoa.

41 urte beteta, Movistarreko liderrak garaipena erdietsi nahiko du. “Hildako hostoen klasikoa” bezala ere ezagutzen den lasterketa honetan, zenbait alditan lortu du bigarren izatea: 2013, 2014 eta 2019.

2018an Munduko txapeldun izandakoa talde ona izango du bere mesedera: Marc Soler, Davide Villella, Jose Joaquin Rojas, Antonio Pedrero, Nelson Oliveira eta Dario Cataldo. Abuztuan, Espainiako Itzulian erorikoa izan eta gero, indartsu bueltatu zen Valverde errepideetara. Izan ere, garaipen bat eta sailkapen nagusiko bigarren postua lortu zituen Siziliako Giroan, eta Milan Turin lasterketan hamargarren izan zen.

Hala ere, esperientziarekin bakarrik ezin izango du garaipena erdietsi. Eta aurrean txirrindulari gazteagoak baina oso ibilbide oparoa dutenak arituko dira Il Lombardian. Hala, berriki Emiliako Giroan eta Milan Turinen irabazitako Primoz Roglic esloveniarra buru dela, aurkari indartsuak egongo dira Comoko irteeran.

Hasteko, Tadej Pogacar bere herrikideak palmaresa handitu nahiko du. Ondo-ondoan izango dute, ziur aski, Julian Alaphilippe ostadar maillota jantzita duela. Hautagaiak asko izango dira, ordea: Copa Bernocchin erakustaldia emandako Remco Evenepoel, bere taldekide Joao Almeida portugaldarra, Adam Yates britainiarra –Jonathan Castroviejo bizkaitarraren laguntzarekin Ineos taldean–, Bauke Mollema herbeheretarra, Michael Woods kanadiarra edota Vincenzo Nibali italiarra.

Zerrenda horretan Mikel Landa Bahrain taldeko euskalduna ere sar liteke. Berriki Kroaziako Itzulian parte hartu du 31 urteko txirrindulari arabarrak, eta berarekin batera arituko dira Dylan Theuns –hautagaietako beste bat–, Santiago Buitrago, Matej Mohorič, Domen Novak, Hermann Pernsteiner eta Stevie Williams.

“Hildako hostoen klasikoa” udazkeneko egunetara itzuli da berriro ere eta urteko monumentuen egutegia itxiko du. Ibilbideak aldaketa izan du, Bergamoko amaiera berreskuratu baita eta horrekin batera Città Alta malda gogorra.

Hiri hau Comorekin txandakatuko da datozen urteetan irteera eta helmugetan. Hala, Madonna del Ghisalloko igoera ibibidearen hasieran igoko da, alde suabeagotik. Horren ondoren beste zazpi igoera gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Horietako bost aipatzekoak dira: Roncola (9,4 km %6,6ra), Berbenno (7 km %5era), Dossena (11 km %6,2ra) / Zambla Alta, Passo di Ganda (9,2 km %7,3ra) eta lehen aipaturiko Bergamo Alta.

Caja Rural, Vendéeko Tourrean

Caja Ruralek egun bateko lasterketa den Vendéeko Tourrean emango dio amaiera aurtengo denboraldiari. Jon Aberasturi esprinterraren indarra erabili nahiko du talde nafarrak garaipena erdiesteko. Arabarraren azken lasterketa izango da Caja Ruralekin, Trek taldearekin fitxatu baitu datorren denboraldirako.

Berarekin batera arituko dira David Gonzalez, Joel Nicolau, Josu Etxeberria, Jon Barrenetxea, Jokin Murguialday eta Alberto Serrano. Lasterketak 199,8 kilometroko ibilbidea izango du Les Herbiersetik La Roche sur Yoneraino. Bidean hamar igoera izango dituzte eta amaieran lau buelta eman beharko dizkiote zirkuitu bati.