NAIZ

Alaveseko jokalari Edgar Mendez taldera itzuli da eta igandean Betisen aurka joka lezake

Erasoko jokalari kanariarra hiru astez egon da min hartuta, belauneko bihurritu baten ondotik. Astelehen honetan taldeko lan-saioan hartu du parte eta igandeko neurketarako jokatzeko moduan egon daiteke. 

Edgar Mendez Real Madrilen aurkako norgehiagokan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Edgar Mendez Real Madrilen aurkako norgehiagokan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Abuztuaren bukaeratik zelaietatik at zegoen Edgar Mendez Alaveseko erasoko jokalaria. Belauneko bihurritu baten ondotik, hiru astez jokatu gabe egon behar izan du kanariarrak, zeina Callejaren plangintzan garrantzitsu izatera deitua zegoen –hiru neurketatik bietan hasieratik aritu zen–.

Hiru aste beranduago, astelehen honetan itzuli da taldearekin lan egitera. Lan saioko zati bat egin du taldearekin eta klubak adierazi duenaren arabera, iganderako jokatzeko moduan egon daiteke. Igande honetan, 19.00etan Betisek bisitatuko du Mendizorrotza eta babazorroak beste garaipen eskuratu beharrean daude, Atletico Madrilen aurka irabazitako partida salbuespen bat izan ez zela erakusteko. Pasa den ostiralean Taxoaren jokatutako Osasunaren aurkako lagunartekoan ere porrota jaso zuten babazorroek, 2-1eko emaitzarekin. 

Edgar Mendezekin batera, Pere Ponsek ere lan-saioko zati bat burutu du astelehen honetan. Erdilari kataluniarrak ezkerreko aduktorea mindu zuen iraila hasieran eta ordutik, baja izan da.  Florian Lejeune, aldiz, oraindik ere bakarkako lanean dabil buru-belarri, orkatileko arazoak konpondu asmoz. 

Mamadou Loum, berriz, Senegalgo selekzioarekin dago –astelehen honetan beste neurketa bat jokatuko du– eta beraz, datozen egunetan batuko da Alavesera.