Duela hamabi urte Bateragune auzia delako kasuan atxiloketak izan ziren. 2009ko urriaren 13an Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta beste lagun batzuk atxilo eraman zituzten Donostiako Igara auzoko LAB sindikatuaren egoitzan, ezker abertzalearen baitan egiten ari ziren lan politikoa zela eta. Horrela gogoratu dute gaur sare sozialetan Otegik eta Rodriguezek.
Gaur, duela 12 urte, atxilotu eta kartzelaratu gintuzten. 12 urte geroago, gure kondenak guztiz bete eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren aldeko epaia jaso ondoren, berriro epaitu nahi gaituzte.
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) October 13, 2021
Bakearen etsaiek indartsuak izaten jarraitzen dute. #BateraAurre pic.twitter.com/RkPrCndPm4
Hoy hace 12 años nos detuvieron y encarcelaron durante 6 años de forma absolutamente injusta e ilegal, tal y como corroboró el TEDH. ¿Nuestro delito? Haber impulsado la apuesta de la izquierda abertzale por las vías pacíficas y democráticas.#Bateragune#DemocraciaALaEspañola pic.twitter.com/x9d3PX6sPh
— Arkaitz Rodriguez Torres (@arkarodriguez) October 13, 2021
Rufi Etxeberria, Ainara Oiz, Amaia Esnal, Txelui Moreno eta Mañel Serra ere atxilotu zituzten, eta azken hirurak epaitu ere bai.
Garai haietan etorkizunera begira zen ezker abertzalea eta datozen urteotako ildo politikoa zein izango zen erabakitzeko eztabaidan murgilduta zegoen. Eztabaida hori baldintzatzeko helburuarekin egin zen operazio hau, baina ez zuten lortu. Izan ere, 2010eko otsailean ezker abertzalearen barne prozesua amaitu zuen ezker abertzaleak ‘Zutik Euskal Herria’ adierazpena onartuz. Urtebete beranduago Sorturen estatutuak aurkeztu zituzten Bilbon. Eta 2011. urtean egoera politikoa zeharo aldatu zen Euskal Herrian, Aieteko Konferentzia eta ETAren erabakiaren bitartez. Oraintxe beteko dira hamar urte
Ibilbide judizial korapilatsua eta luzea
Auzitegi Nazional espainolak 2011n atxiloturikoak zigortu zituen. Otegi eta Diezi hamarna urteko espetxe zigorra ezarri zieten eta Jacinto, Zabaleta eta Rodriguezi zortzina. Aieteko Konferentzia baino hilabete lehenago heldu zen epaia, ekainean eta uztailean egindako epaiketaren ondorioz.
2012ko maiatzean Epaitegi Goren espainolak Auzitegi Nazionalaren epaiari oniritzia eman zion. Aldaketa bakarra espetxe zigorrak txikitu zituela izan zen. Otegi eta Diezi sei urte eta erdi bakoitzarentzat eta Jacinto, Zabaleta eta Rodriguezentzat seina.
Auzi honen ibilbide judizialaren hurrengo urratsa Epaitegi Konstituzionala izan zen. 2014ko uztailean auziperatuek aurkeztu zuten helegitea ez zuen onartu eta, ondorioz, ezarritako espetxe zigor osoa bete beharko zuten. Konstituzionalaren erabakia ez zen ahobatekoa izan. Zazpi epailek epaiaren alde egin zuten eta beste bostek, ordea, helegitea onartzearen aldeko jarrera erakutsi zuten.
Estatu espainoleko ibilbide judizial osoa agortu eta gero, auziperatuek Estrasburgon egoitza duen Europako Giza Eskubideen Epaitegira jo zuten 2015eko azaroan. Garai horietan Otegi eta Diez oraindik espetxean ziren. Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta 2015eko urrian atera ziren kalera.
2018ko azaroan izan zen Estrasburgoko Epaitegiaren erabakia. Eta oso argia izan zen; epaiketa bidegabekoa izan zela nabarmendu zuen.
Estrasburgoren epaiak, ordea, ez zuen auziaren amaierarik ekarri. Auzitegi Nazionalaren asmoa epaiketa berriro egitea baita eta honi oniritzia eman zion Gorenak 2020ko abenduan. Ondorioz, gerta ezinezkoa dirudiena gauzatuko da: jada espetxe zigorrak oso-osorik bete dituzten bost lagunak epaituko dituzte berriz.
Epaiketa berri hau egiteko data ez da oraindik erabaki eta iturri juridikoek diotenaren arabera ez da epe motzean erabakiko. Hamabi urte eta gero, epaileen erabakien zain jarraitzen dute Bateragune auzian atxiloturikoek.