Berlinek hitz egin eta erabaki du: Etxebizitzak sozializatu
Inbertsio funts erraldoienak diren milioi laurden etxebizitza desjabetzeari atea zabaltzen dion erreferenduma egin eta aise irabazi da Berlinen. Munduaren atentzioa bildu du ekimenak, boteretsuak beldurtu eta beste bazterretako borrokei bidea erakusten die.
Berlin, hamarkada luzez zatikatutako hiria, erdia kapitalista eta beste erdia sozialista. Berlin birbatua, memoria kondentsatu askoren hiri errebeldea. Ekialdean merkeak eta publikoak ziren etxebizitzak, alokairu mugatuak zituzten mendebaldean; hiriarenak ziren etxebizitza gehienak, jabego publikoa zeukaten. Segur aski, Europan klase segregazio txikiena izan duen hiria da Berlin, jatorri sozial ezberdinetako jendea batera bizi den hiri identitatea historikoki gorde duena.
Egun, Europako beste hiriburu askotan bezala, gauzak kontroletik kanpo dabiltza han ere, alokairuen prezioek zeru guztiak hautsi dituzte, espekulazioa da jaun eta jabe. Eta, gainera, modan dagoen 3,4 milioi biztanleko hiria da, azken hogei urteetan etengabe hazi dena. Bulkada artistiko eta teknologiko betean segitzen du eta errealitatea hori da: ez dagoela etxebizitza nahikorik etengabe handitzen doan hiriarentzat.
Berlingo biztanleen %80-85 alokairuan bizi dira. 2008ko krisiaren ostean milaka etxebizitza publiko saldu eta finantza munduko konpainia handien eskuetara pasatu ziren, Deutsche Wohnen eta Vorovia bezalako higiezinen funts erraldoiek botere handia eskuratu zuten, bereziki prezioak finkatzeko.
Gauzak, baina, aldatzen hasi dira. Munduaren atentzioa bereganatu duen erreferenduma egin zen hauteskunde orokorrekin batera eta parte hartzea eta baiezkoen kopuruak argi adierazi zuten mezua: etxebizitza berriz sozializatu behar da Berlinen, Deutsche Wohnen eta Vorovia bezalako funts erraldoiei oharra pasatuz: aurrerantzean desjabetzerako bidea irekita dago.
Erreferendumaren kanpaina animatu duen Kalle Kunkel ekintzailearekin solastatu gara, mugimendua hobeto ulertu eta bere inplikazioak eta irismena aletzeko. Izan ere, momentua asmatu eta olatua altxatu dute, masa kritiko itzela eraikiz (300.000 sinadura eta milioi bat boto-emaile baino gehiago). Milaka jende bihurtu da ekintzaile, etsai indartsuen aurka borrokatu eta lehen bataila irabazi dute. Baina bide luzea geratzen da oraindik. «Mugimendua 2010-2011n hasi zen –diosku Kunkelek–, eta egia da Berlinek etxebizitzaren inguruan borroka tradizio handia duela, ‘squatter’ mugimendua agian Europan indartsuen bertan zegoela. Oraingo hau olatu berria da, eta maila batean, hiria pentsatzen dugun modua aldatu egin du».
Erreferenduma ez da zilarrezko bala
Inspiratzailea izan da “Deutsche Wohnen & Co desjabetu” kanpaina. Misio argia zuen: 3.000 etxebizitzatik gora dauzkaten funtsak zituen jopuntuan (Deutsche Wohnen bera da hiriko handiena), desjabetzea bultzatuko duen politika bat. Guztira, 240.000 etxebizitza, Berlingo etxebizitzen %11, sartuko lirateke ekimen honetan. Eta boto-emaileen %56,4ren oniritzia jaso du.
Kunkelen ustez, «erakutsi da badagoela inbertsio-funtsen aurrean, kapital handiaren aurka, jende botere bat; etxebizitza giza eskubidea dela aldarrikatu da, eta arrastoa utzi da, beste hiri handi askotan jendea inspiratu dezakeen seinalea pasatuz». Izan ere, Europa osoan oso nabarmena da arazoa; higiezinen merkatua jabe handien eskuetan ikaragarri kontzentratuta dago, eta horrek boterea ematen die, oso bereziki alokairuen prezioak finkatzeko.
Desjabetzeen aurkariek, baina, ez duela arazoa konpontzen diote, are pasatu ezin den marra gorria dela, hiriak munduratu ezin duen irudia, diruak eta inbertsioak beldurtuta ihes egingo dutelako. Kunkelen aburuz, soluzio erabatekoa ez dela aitortu arren, hau dio: «Etxebizitzak merkatuaren prezioaren azpitik jartzean, Berlingo higiezinen merkatuan inbertitzea ez da hain errentagarria izango eta nolabaiteko ondorioak izan beharko lituzke alokairuen prezioetan».
Gentrifikazioaren aurka Europan eman den erantzun erradikalenetarikotzat jo da Berlineko ekimena, ia milioi laurden etxebizitzaren sozializazioari bidea irekitzea ez delako txikikeria. Erreferenduma irabazi da, bai, baina bide luzea geratzen da.
Eta gainera, konstituzionala da
Izan ere, erreferenduma ez da legalki loteslea, eta orain erreferendum egunean bertan hautatu zen hiriko gobernuari dagokio herriaren hitza aintzat hartu eta lege eginda aurrera egitea. Potentzialki eraldatzailea den momentua eraiki da, beste hiri batzuetako borroketan inpaktu handia izan dezake, baina denboran luzatu eta lege trikimailuetan hondatu daiteke energia sozial hori guztia. Kunkeli galdetu diogu: «Bai, arriskua badago. Jendeak hitz egin du, herri ordezkariei dagokie orain legea egitea, baina mugimendu bezala indartsu gaude, presio egiteko pronto. Berriz asmatu beharko ditugu gure buru eta bidea, erreferenduma irabazita ere bataila asko geratzen direlako».
Kanpainak asmatu du 1949ko Konstituzioa bere alde erabiltzen. Izan ere, hau dio: «Jabetzak betebeharrak inplikatzen ditu» eta «jabetzaren erabilerak guztien ongiaren zerbitzura egon behar du». Konstituzioak baimentzen du aktibo pribatuen sozializazioa «konpentsazioaren natura eta irismena ebazten duen lege baten bitartez».
Kunkelek, amaitzeko, aitortzen du desjabetzeak beldur ematen diela batzuei, erradikalegia iruditzen zaiela, baina argi dauka: «Berlinek erakutsi du komunitatearen antolakuntzak eta maizterren ekintzaletasunak duten boterea. Hemen harrotasunez esan da: gure hiria da, gure etxea da».