Jon Ormazabal

Jakak asko estutu badu ere, Ezkurdia da partidarik galdu gabe jarraitzen duen bakarra

Gorabehera eta takada handiko partida batean, Erik Jaka lehiakorra izan da berriz, baina unerik desegokienean egindako hutsek garaipenik lortu ezinda utzi dute lizartzarra (22-20).

Jokoan ezer askorik ez zen arren, ikuskizun ederra eman dute Ezkurdia eta Jakak. (Jon URBE/FOKU)
Jokoan ezer askorik ez zen arren, ikuskizun ederra eman dute Ezkurdia eta Jakak. (Jon URBE/FOKU)

Bezperan Labriteko aulkitxotik Peio Etxeberriari eskatu ziona –«sentsazio onekin amaitzea»– lortu du Joseba Ezkurdiak igande honetan erdi hutsik zen Astelenan Erik Jakari 22-20 irabazita. Hori bai, partida elektriko batean, txapelketan partidarik galdu gabe jarraitzen duen pilotari bakarra izateko ikaragarri sufritu behar izan du Lau eta Erdiko honetan bere partidarik onena jokatu duen lizartzarraren aurka.

Sailkapenean ez zegoen ezer jokoan, Ezkurdiak aurretik bazekien igandean Ogetan arituko dela astelehenean Tolosako Altuna eta Bengoetxearen arteko demako irabazlearen aurka –Peio Etxeberria eta Lasoren artekoa larunbatez jokatuko da Labriten– eta Erik Jaka aurreko jardunalditik zegoen lehiaketatik kanpo, baina bietako inor ez zegoen aurkariari ezer barkatzeko, aukerarik txikienarekin aurrera pausoa eman eta erasora pasa da bate zein bestea.

Gauzak horrela erritmo oso bizian, partida sakeak oso baldintzatua egon da, takadak handiak izan dira eta. Hasiera-hasieratik Joseba Ezkurdiak sasoi ikaragarrian dela berretsi du, saketik hasita pilotari abiadura handia eman eta angeluak ondo bilatuta.

Erasoan oso eraginkor, azkar xamar partida bere aldera eramana zuela ematen zuen 10-2 aurreratu denean, baina arbizuarrak sakez egindako falta batetik hasita, Erik Jaka partidan sartu da. Mikel Urrutikoetxearen aurkako partida amaiera hartan bezala, atzera begiratu gabe erasora jo du lizartzarrak eta orain arte txapelketa guztian inork ez bezala estutu du Ezkurdia (11-11).

Gipuzkoarraren zoritxarrerako, gaur ere sakez egindako falta batek eten du bere bolada eta Ezkurdiak beste takada batekin erantzun dio (16-11). Erasoak defentsaren oso gainetik izan dira eta horrexegatik akats bakoitza garesti ordaindu dute. 

Gauzak horrela, partida hogeina berdindu eta bere kontrolpean zuela zirudienean, luzeegi botatako pilota batek Ezkurdiari eman dio azken sakea eta honek ez du barkatu.

Dario aurrera

Hamasei tanto eginda nahikoa zuen, baina Dariok Egigureni 22-15 irabazia egin du aurrera eta, ezusteko handirik ezean, astelehenean berretsi beharko du Tolosan Salaberriaren aurka, Joanes Bakaikoaren aurka jokatuko du Promozio mailako finalerdia Logroñon azaroaren 1ean. Bestean Zabala eta Zubizarreta ariko dira egun eta leku berean.

 

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia: 22

Erik Jaka: 20

Pilotakadak: 232. Iraupena: 46.42 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 10-2, 10-4, 11-4, 11-11, 16-11, 16-17, 20-17, 20-20, 22-20. Sakeak: 2 (falta 1)  Ezkurdiak eta 4 (falta 1) Jakak. Tantoak: 13 Ezkurdiak eta 10 Jakak. Hutsak: 4 Ezkurdiak eta 7 Jakak. Gorabeherak: Oso jende gutxi Eibarko Astelenan. Jon Apezetxea izan da Joseba Ezkurdiaren botileroa eta Iraitz Olaetxea Erik Jakarena.