Aurreko edizioetan ez bezala, DA! PRO jardunaldiak 4 eguneko iraupena izango du Durangoko Azokako 56.edizioan. Sortzaile eta industriako programatzaileen arteko topagunea abenduaren 1etik 4ra bitartean ospatuko da eta aurten, musikara mugatu ordez, familia ikuskizunetako sortzaileek eta idazleek ere izango dute beraien proiektuak plazaratzeko aukera.
Izan ere, aurten diziplina berriak txertatuz «jauzi bat» egin nahi izan dutela azaldu du Gerediaga elkarteko kudeatzailea den Beñat Gaztelurrutiak: «Aurten ez dugu musikara bakarrik mugatu nahi izan». Horregatik, BBKren babesarekin, azokaren baitan egun bateko iraupena izatetik lau eguneko iraupena izatera pasatu da DA! PRO.
«Helburua sortzaileak kultur arloko eragile desberdinekin harremanetan jartzea da», zehaztu du Gaztelurrutiak. Hori horrela, sortzaileei bide profesionalari ekiteko gutxieneko jakintza bat eman nahi diela gaineratu du. Horretarako, sortzaileek argitaletxe, disketxe, programatzaile eta managerren aurrean aurkeztu ahalko dituzte beraien proiektuak.
Lehenengo egunean, abenduaren 1ean, musikariek eta musika taldeek beraien azken lanak aurkezteko aukera izango dute Euskal Herriko disketxe eta managerren aurrean. Horretarako, artista edo talde bakoitzak 10 minutuko aurkezpen bana egingo du Durangoko San Agustin Kultur Gunean.
Abenduaren 2an, ostegunean, familia ikuskizunen eta tailerren txanda izango da. Sortzaileak Bizente Mogel Bibliotekan elkartuko dira beraien ikuskizun eta tailerrak sektore honetako teknikarien aurrean aurkezteko.
Hurrengo egunean, abenduaren 3an, ‘Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?’ hitzaldi labur zikloa eta mahai-ingurua egongo dira Durangoko Zugaza Zinemetan (Irudienean). Jardunaldi hau idazle, zinemagile, gidoilari eta ekoizleei dago bereziki zuzenduta. Hori horrela, eleberri edo komiki bat pantaila handira egokitzearen aldeko apustua egiteko beharrezkoak diren baldintzak azalduko dituzte ikus-entzunezkoen industriako profesionalek.
DA! PRO-ren azken egunak, abenduaren 4ak, Azokaren hasierarekin bat egingo du eta Landako Gunean, 13.30ean, ‘Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak’ izenburuko solasaldia egongo da. Solasaldian, egile eskubideen, kontratazioen eta komunikazioaren moduko aferen inguruan hausnartuko dute EKKI Euskal Kulturgileen elkarteak, Amaia Ocerin komunikazio aholkulariak eta Euskal Herriko Musikarien elkarteko kidea den Miriam Mirandak. Gaztelurrutiak nabarmendu du solasaldi honen bidez sortzaileei, hasiberri zein ez hain hasiberriei, bide profesionalari ekiteko «erremintak» eskaini nahi dizkietela.
Abenduaren 1etik 3ra arteko solasaldi zein tailerrak presentzialak izango dira eta izena aurretik eman beharko da. Abenduaren 4ko hitzaldiak, aldiz, online ere jarraitu ahalko dira eta ez da izena aurretiaz eman beharko.
Parte hartzeko baldintzak
Lehenengo hiru egunetako jardunaldietan parte hartu nahi duten sortzaile zein industriako eragileek azaroaren 2tik 11ra bitartean eman beharko dute izena Durangoko Azokako web orrialdean.
Sortzaileen kasuan, nahitaezko bi baldintza bete beharko dituzte topagunean txoko bat izateko: aurkeztutako lana euskaraz izatea eta 2021ean sortua. Durangoko Azokan aurkeztutako lanek lehentasuna izango dute, baina ez da nahitaezkoa izango lana azokan aurkeztu izana topagunean parte hartu ahal izateko.
Bukatzeko, Gaztelurrutiak topagunean parte hartzera animatzeko eskatu die sortzaile zein eragileei.