NAIZ

Literatura eta memoriaren arteko erlazioa esploratuko du aurtengo Literaktumek

Literaktum letren jaialdiak azaroaren 8tik 21era izango du aurtengo hitzordua, Donostian. Proposamen berriekin eta kolaborazio sare zabalarekin gauzatuko da, bere asmo nagusiari eutsiz: literaturara beste hizkuntza eta diziplina batzuekin eta eztabaidarik gaurkoenekin batera hurbiltzea.

Literaktumen aurkezpena, asteazken honetan Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Literaktumen aurkezpena, asteazken honetan Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Datorren azaroaren 8tik 21era egingo da Literaktum letren jaialdia, Donostian. Bere egitarau zabalean diziplina ugarik izango dute tartea, guztiak ere literaturarekin elkarrizketan. Izango dira hitzaldiak, solasaldiak, eztabaidak, ikastaroak, erakusketak, antzerkia... eta gehiago. Literaturaren eta jendartearen arteko konexioak arakatzeko ahaleginari helduko dio, hori baita bere ezaugarrietako bat bidea abiatu zuenetik.

Memoria da aurtengo gaia. Literatura eta memoria. Idazleek memoria zein modutan erabiltzen duten, zenbateko pisua duen memoriak beren sorkuntza prozesuan, edo zenbateraino aldentzen diren bizi eta sentitu izandakoaz istorio berriak sortzeko; horiek izango dira solasaldirako abiapuntu batzuk.

David Grossman eta Leila Slimani

Memoriaz jarduteko, nazioarteko literaturaren izen esanguratsuak bilduko dira Literaktumgo plazara. Horien artean dira hainbatetan Nobel Sarirako hautagaia izan den David Grossman israeldarra, 2016ko Goncourt sariaren irabazlea; Leila Slimani frantziar-marokoarra; edota Marta Barone eta Paolo Giordano italiar idazle gazteak eta Isabela Figueiredo portugaldarra.

Memoria ezin hobe lantzen duen idazle batek, Luis Landerok, ere hartuko du parte Literaktumen. Baita familiaren memoria gorabeheratsua jaso duen Borja Ortiz de Gondrak ere. Jordi Amat, Maria Dueñas, Edurne Portela, Javier Cercas, Maria Belmonte eta Manuel Jabois ere izango dira jaialdian.

Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe, labetik ateratzear

Euskal literaturak ere presentzia nabarmena izango du Literaktumen. Labetik ateratzear dauden euskal sorkuntzez hitz egingo dute Eider Rodriguez eta Kirmen Uriberekin eta duela 100 urte sortu zen Martin Ugalde, XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal kulturaren arloko figura garrantzitsuenetakoa gogoratuko dute Anjel Lertxundiren ahotan. Aurelia Arkotxak eta Jean Desy idazle quebectarrak akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasunaz diotena entzun ahalko da Etxepare Institutuaren eskutik.

‘Euskal literaturaren historia sobrenatural bat’ ikuskizuna plazaratuko du Irati Jimenezek, ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ bere lanean oinarritutakoa. Izango dira diziplina arteko beste proposamen batzuk ere, literatura beste hizkuntza batzuekin elkartuko den unea; hala nola, ‘Unisonoa’-n, ‘Los hermanos Machado’ antzezlanean edo Dylan dosian.

Literaktum Txikia ere bai

Luis Buñuelen film baten gaineko Harkaitz Canoren azken lanak, biografia eta karigrafia ikastaroek, irrati tailer batek, erakusketek, Lauki Makala instalazioak osatzen dute programa zabala.

Eta nola ez, urtez urte hazten doan Literaktum Txikia ere izango da aurten programazioa zabalarekin: Harry Potterren inguruko ilustrazio lehiaketa, antzerkiak, ipuin kontalariak, festa, tailerrak... Gonbidatu berri bat ere izango du: Xagutxo Gaztaberria, txikienei udal liburutegiak aurkeztuko dien pertsonaia. Eider Eibar ilustratzaileak margotutako pertsonaiak haurren udal liburutegiak aurkeztuko dizkie txikieneei Xabier Olasok idatzitako istoriotxo baten bitartez.

Literaktumen webgunean kontsulta daiteke egitaraua.