Endesa Ligak azaroko aurreneko bi asteburuetan ez du neurketarik izango –hilaren 18an, osteguna, jokatuko dira hurrengo partidak–, 2023ko Emakumeen Eurobasketeko sailkatze faseak jokatuko baitira aipatu asteburu bietan. Hargatik, geldialdi aurreko jardunaldia izango da asteburu honetakoa.
Kutxabank Araski izango da larunbatean eta etxean jokatuko duen bakarra, domeka eguerdian izango baitituzte beren hitzorduak Lointek Gernika Bizkaiake eta IDK Euskotrenek, Basket Zaragoza eta Lugoko Ensinoren aurka, hurrenez hurren. Gasteiztarrek, berriz, Tenerife izango dute aurkari Mendizorrotzan, larunbatean 18.00etan hasita.
Joan zen asteburuan oso makal aritu ziren Madelen Urieta eta bere jokalariak. Kanaria Handia talde ona izanagatik, 74-58 galtzea askotxo da Araski bezalako talde batentzat; hau da, Kopa eta play-offak jokatzea helburu duen talde batentzat. Egia da Izaskun Garcia Urlezaga oraindik ez dagoela sasoian eta Galdkova ere lesiotik atera berria dela. Alabaina, agian uneotan arabarrek duten gabeziarik handiena Maria Asurmendiren joko puntu eskasa da. Antolatzaile iruindarra bere onenetik urruti ageri da eta hala, behin baino gehiagotan Arrate Agirrek hartu du nafarraren betebeharra, nahiz eta gasteiztarra berez hegalekoa den eta ez antolatzailea.
Tanaya Atkinson hegalekoa bikain aritu zen, eta Ligak jardunaldiko «Bosteko Onenean» sartu zuen, baina ez zuen behar adina laguntza izan partida irabazi ahal izateko.
«Kanaria Handiaren aurka galduta, lan egitea besterik ez zaigu geratzen», adierazi du asteon Leia Dongue pibotak. Bere iritziz, «geldialdia baino lehen, ahaleginak eta bi egin behar ditugu azken partida hau eramateko, nahiz eta jakin Tenerife gu bezain ona badela».
Bere aldetik, zapatuko partidari begira, Bea Sanchez pibotak «Araskirik onena ikustear» dela adierazi du asteon. «Entrenamenduetan egiten den lana oso ona da eta nik uste, berandu baino lehen Araskirik onena ikusi ahal izango dugula», azpimarratu du Cadizko jokalariak.
Aldaketak Tenerifen
Tenerifeko taldea, dena den, ez dabil bera ere ongiegi. Gasteiztarren balantzea 3-3 baldin bada, Kanariar Irletako taldeak sei partidatik bi baino ez ditu irabazi. Astean zehar Paola Ferrari galdu dute gainera, behin behineko kontratua amaitu ostean Lugora joan baita.
Hala ere, Paraguayko jokalariaren lekuan bi jokalari berri iritsi dira Tenerifera: Megan Walker, 23 urte eta 1,86 metroko hegalekoa, Phoenix Mercury taldearekin WNBAko txapeldunorde geratu berri den jokalaria batetik, eta bestetik Macarena Rosset antolatzaile argentinarra.