NAIZ

Alda mugimenduak Biarritzen abiatutako okupazio ekimena amaitutzat eman du

Urriaren 22an Alda mugimenduak Biarritzen abiatutako okupazio ekimena amaitutzat eman du larunbat honetan. Euskaldunen Kostako eremuan kokatuta dagoen eraikinaren jabeak apartamendu turistikoa erregularizatzeko prozedura martxan jarri du.

Biarritzen abiatutako okupazio ekimena amaitutzat eman du Alda mugimenduak. (@Alda_EH)
Biarritzen abiatutako okupazio ekimena amaitutzat eman du Alda mugimenduak. (@Alda_EH)

Alda mugimenduko kideek amaitutzat eman dute Airbnb plataformak legea urratzen duela urriaren 22an Biarritzen abian jarritako okupazio ekimena. Jabeak apartamendu turistikoa erregularizatzeko prozedura martxan jarri du.

2017. urtean Biarritzeko Herriko Etxeak indarrean eman zuen araua «behin eta berriro eta nahitara» urratzen duela salatzeko Airbnb plataformaren bidez alokatu daitekeen apartamendua okupatu zuten Alda mugimenduaren hainbat ekintzailek joan zen urriaren 22an.

Portu Zaharrari begira dagoen apartamentu turistiko hori urte osoan zehar alokagai dela Udalak ezarritako erroldatze zenbakirik izan gabe ere salatu zuen etxebizitzaren eskubidea aldarrikatzen duen mugimenduak.

Protestari hasiera emateko egin zuten agerraldian «etxebizitzaren krisia arazo sozial larria bilakatu dela Ipar Euskal Herrian» oroitarazi zuten Alda mugimenduko ordezkariek. «Herritarren hiru laurdenek ez dute beraien etxe jabe bilakatzeko baliabiderik», salatu zuten Ainize Butron eta Xebax Christy Alda mugimenduko bozeramaleek.

Hain zuzen ere, etxebizitza eskubidea erdigunean jartzeko xedez 30etik gora eragileren babespean mobilizazioa izanen da azaroaren 20an Baionan.