Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritarrek jatorri atzerritarra duten pertsonekiko tolerantzia-indizeak markak hautsi ditu, 66,09 puntura iritsita, iaz baino puntu bat gehiago eta 2019an baino sei puntu gehiago. Funtsean, «EAEko gizartearentzan immigrazioa ez da arazo bat».
Hala eman dute jakitera asteazken honetan Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak; Gorka Moreno EHUren Bizkaiko Campuseko errektoreordeak eta Arkaitz Fullaondo Immigrazioaren Euskal Behatokiko ikerlariak, hiru erakundeen artean ondutako txostena aurkezteko Bilbon emandako prentsaurrekoan.
Lakuako sailburuaren esanetan, ohikoa den arren krisi egoeretan migranteekiko tolerantzia mailak okerrera egitea, guztiz kontrakoa pasatu da EAEn pandemiaren testuinguruan: «Tolerantziak behera egin beharrean, EAEko gizarteak elkartasuna areagotu du eta ulerkorrago agertu da, eta jatorri atzerritarra duten pertsonen inguruan jarrera inklusiboagoa eta toleranteagoa erakutsi du».
Zentzu horretan, barometroak ondorioztatzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek covid-19ak eragindako osasun krisiari, ekonomia krisiari eta krisi psikosozialari tolerantzia gehiagoz erantzun diotela eta, hortaz, «gizarte-elkartasunak hark eragiten duen ziurgabetasunak baino indar handiagoa» duela.
Hobera, baina konpondu beharrekoekin
Fullaondok eman ditu Ikuspegiren 2021eko barometroari buruzko zehaztasunak eta esan du hiru herrialdeotako biztanleek ez dutela ikusten immigrazioa arazo bezala. «Ez da ideia berria, baina egonkortzen ari da», azpimarratu du. Modu honetara, «berretsi egin dira 2020an pandemiaren testuinguruan eman ziren datuak, non EAEko gizarteak elkartasun eta hurbiltasun gehiago erakusten baititu atzerriko jatorria duen kolektibo etorkinaren inguruan».
Hainbat aldagai aurkeztu ditu ideia hori berresteko. Batetik, immigrazioa positiboa da EAEko lan merkatuarentzat bertako herritarren iritziz. Positiboa, baina zentzu «funtzionalean», esan du Ikuspegiko ikerlariak, herritar autoktonoak nahi ez dituzten lanpostuak hartzen dituztelako.
Bestetik, migranteekiko esteretipo eta zurrumurru kaltegarriak gizartean errotuta jarraitzen duten arren, «pixkanaka» indarra galtzen ari direla esan du Fullaondok. Eta, lehen aldiz, handiagoa da atzerriko jatorria duten pertsonak gizarte-babeserako sistemaren gehiegizko onura jasotzen dutela baztertzen duen pertsona-kopurua, baieztapen hori bultzatzen duena baino.
Horrez gain, herritar gehienek iritzi dute migranteek eragin positiboa dutela EAEko biztanleriaren ongizate orokorrean, 0tik 10erako eskalan 6ko puntuazioa emanda, inoizko balorazio onena.
Azterlanak erakusten du, halaber, herritar autoktonoek ez dutela nahi soilik Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako pertsonentzat zuzendutako gizarte-babeserako sistema bat, are, uste dute osasun eta hezkuntza publikoak pertsona guztien eskubide unibertsalak izan behar dutela.
Beste eskubide batzuen inguruan galdetutakoan, ordea, EAEko biztanle ugarik ez du uste paperik gabeko migranteek ere izan ditzaketeenik. Hau gertatzen da, kasurako, zerbitzu judizialekin, gizarte laguntzekin edo botorako eskubidearekin.
Gizarte asimilazionista, baina Islamaren baztertzaile
EAEko gizartea neurri batean asimilazionista dela azaldu du Arkaitz Fullaondok. Barometroak erakutsi du herritarren gehiengoak (%82k) uste duela etorkin zein autoktonoek egin behar dutela esfortzua integrazio prozesuetan, baina batzuen ustez esfortzu horrek ezin du simetrikoa izan, etorkinek indar handiagoz saiatu behar direla uste dute.
Ideia hau Islamarekiko onarpen ezetik etor daiteke Fullaondoren ustez. Islamaren jarraitzaileekiko intolerantzia eta konfiantza eza handia dela dio eta, are, gizarte-estigmatizazioa egonkortzen ari dela esan du.
Enkargua Lakuari
Pertsona migranteen erregularizazioari buruz galdetzerakoan, eta afera honetan Lakuako Gobernuak egin beharko lukeenaren inguruko iritziak jasota, herritarren gehiengoak argi uzten du paperik gabeko etorkinak erregularizatzeko beharra. %37,5ek uste du etorkin guztiak erregularizatu behar direla, eta %45ek adierazi du erregularizaziorako bidea soldatapeko lanak ekarri beharko lukeela. Soilik %3k esan du kanporatu egin behar direla, «aspaldiko portzentairik txikiena», Arkaitz Fullaondoren hitzetan.