NAIZ

Bergaran eraiki nahi duten errauste plantaren aurka atera dira bizilagunak

Bergarako Larramendi industriagunean hondakinak tratatzeko eraiki nahi duten plantaren aurkako elkarretaratze jendetsua egin dute gaur arratsaldean. 

Bergarako plazan egin dute errauste plantaren aurkako kontzentrazioa. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Bergarako plazan egin dute errauste plantaren aurkako kontzentrazioa. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Valogreene Paper BC enpresak Bergarako Larramendi industriagunean eraiki nahi duen errauste plantaren aurkako mobilizazioa egin dute gaur arratsaldean herriko plazan. «Osasuna interes ekonomikoen gainetik» eta «Errauskailua, ez hemen ez inon» lelopean egin dute elkarretaratze jendetsua, euripean.

Bergarako Udalak hasieratik azaldu du kezka Valogreenen proiektuarekin. Pirolisi delako prozesuaren bidez paper lantegietako hondakinak kudeatzeko planta eraiki nahi du, Zaldibarren izan zen istripuaren ondoren papergintzan sortzen diren hondakinak tratatzeko tokirik gabe gelditu baitira.

Egitasmoaren bultzatzaileen arabera, pirolisi bidezko prozesuak ez du apenas kalterik sortzen ingurumenean. Hainbat taldek, ordea, hori ez dela horrela nabarmendu dute eta egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dute.

Udalak txosten bat eskatu zuen eta, jaso ondoren, planta hori Larramendin kokatzeko baldintzarik ez dagoela ondorioztatu zuen, ez osasunaren aldetik ezta ingurumenari dagokionez ere.

Azkenean, Udalak baliorik gabe utzi du Valogreene enpresari Larramendi poligonorako emandako hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena, berau egiteko adierazitako jarduera «ez datorrelako bat ez ingurumen baimen integratua lortzeko proiektuan jaso den jarduerarekin, ez eta irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarritako jarduerarekin ere».

Lakuako Gobernuak, bere aldetik, proiektuari babesa erakutsi dio, nahiz eta onartu duen oraingoz ez duela ingurumen baimenik.

Ikama gazte antolakundeak errauste plantaren aurkako mobilizazio gehiago iragarri ditu ostiral honetarako, ikastolako aldapan.