Interneten kutsadura; ikusezina deitzen diote baina hor dago

Interneteko konexioek eragiten duten kutsadurari erreparatu dio UOCek, «streaming» bidezko edukiek, bideo deiek, Tik Tok-ek... duten inpaktu handiak azpimarratuz. Adituek kontzientziazioa areagotzearen beharraz eta nabigazio ohitura berriez hitz egiten dute.

«Streaming» plataforma bat, Interneteko kutsatzaile handia (GETTY IMAGES)
«Streaming» plataforma bat, Interneteko kutsatzaile handia (GETTY IMAGES)

Pasa den igandean Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna izan zen eta horren harira, Internetek eta bereziki plataforma digitalek duten aztarna ekologikoari begiratu diote UOC Kataluinako Unibertsitate Irekiko adituek.

Ez da kontu ezezaguna. Kutsadura hori kuantifikatzen joan diren zenbait ikerketa daude, baina horren kontzientzia maila oso txikia da oraindik. Adituek «kutsadura ikusezinaz» hitz egiten dute.

Planetaren (bizitzaren) zaintza erdigunean dagoen une honetan, gogora ekarri dute gure online bidezko egintzek arrastoa ere badutela, are handiagoa multimedia edukiak bistaratzen ditugunean, behar duten datu kantitatea kontuan hartuta. Arazoa da ez garela horretaz jabetzen, ez garela oso kontziente, eta horri ere erreparatu diote.

Azken urteotan ikerketa ezberdinek kuantifikatu dute Interneteko konexioek edo nabigazioak CO2ko isurketetan duten inpaktua. Duela urte batzuk, grafikoki erakutsi zuen egoera Greenpeace antolakunde ekologistak, «Internet herrialde bat izango balitz, munduko seigarren kutsakorrena» izango litzatekeela esan zuenean. Auziaren inguruan, National Geographic-ek «eguneko argazkia Instagramera igotzeak, fitxategiak hodeian gordetzeak edo posta elektronikoaren sarrera ontzia beteta edukitzeak munduko energiaren %7 eskatzen duen aztarna ekologikoa» sortzen duela kalkulatu zuen.

Ezaguna da, beraz, eguneroko klik horiek duten inpaktua, baina guztien artean bereziki kutsakorrak izan daitezkeen keinuak daude, eta digitalizazio prozesuarekin, gero eta handiagoak direla ohartarazten dute.

Bilaketek aztarna uzten badute, gure transakzio digitalak prozesatzen dituzten datuen zentro handiak dira energia gastu erraldoi horren eragile nagusiak, adituen esanetan. «Eskala globalean», Estatu espainola bezalako tamaina ertaineko herrialde batek kontsumitzen duen beste elektrizitate kontsumitzen dutela uste da, ikerketetan oinarrituta. Onartzen dute, halere, ezinezkoa dela mundu mailako klik kantitate erraldoi horrek eragin dezakeen kostua neurtzea, are gehiago «aldi berean aplikazio ugariri zerbitzu ematen dioten zentroen» kasuan.

Gogoratu dutenez, Netflixek berak onartu du bere edukiak Estatu espainolean ordubetez ikusteak 55 gramo CO2 sortzen duela. Mikrouhinean lau krispeta poltsa egitearekin alderatu du. Publizitaterik gabeko telesailak eta filmak eskaintzen dituen streaming zerbitzu ezagunak inpaktua murrizteko konpromisoa hartu du, karbono aztarna digitalarekin kezkatuta neurriak hartzen ari diren beste enpresa teknologiko batzuen bideari jarraituz.

Google eta CO2a

Datu globalek ingurumen eragin handia sortzen badute ere, Interneten nabigatzeak, bilaketak egiteak edo edukiak deskargatzeak duten ondorio ekologikoa ez da oraindik oso agerikoa herritarrentzat, eta zehaztu dute ezberdintasun handiak daudela erabileren artean. Denek ez dute neurri berean kutsatzen.

Ikerketa batzuen emaitzetara berriro joz, zera gogoratu dute: «Googleren 47.000 bilaketak 500 kilogramo CO2 sortzen dituzte segundo bakoitzean, eta YouTuberen urtebeteko kontsumoa (hamar milioi tona) Glasgow eskoziar hirikoaren antzekoa da».

Xabier Vilajosana eta Borja Martinez UOCeko Internet Disciplinary Institute-ko ikertzaileen ustez, ez dago «errudun bakarra». Egungo gizarteak erabiltzen duen datuen bolumena izugarri hazi dela gogoratu dute, merkataritza digitalarekin hasi eta egungo streaming plataformen azken boom-era arte. Aipatu dutenez, datu guztiek adierazten dute (eta bistakoa da) pantailetara gero eta engantxatuago gaudela eta gero eta erabiltzaile gehiago dagoela. Ondorioztatu dutenez, digitalizazioa gero eta sektore gehiagotara helduko da, hezkuntzara edo erakunde publikoetara hedatuz, eta horrekin batera, handitzen joango da teknologia horrek sortzen duen energia kontsumoa.

Kontzientziazioa

Auziak mahai gainean daukan arazoetako bat dagoen kontzientziazio maila txikia da, eta adituek hausnarketa zabaltzeko deia egiten dute. «Beharrezkoa da pixkanaka gure ingurumen aztarnaren alde fisikoenean sartu dugun kontzientziazioa plataformen kontsumo arduratsura ere eramatea», dio Elena Neira UOCeko Informazio eta Komunikazio Zientzien Ikasketetako irakasle kolaboratzaileak.

Energia gastu handiagoa duten erabileren identifikazioa ere planteatzen dute adituek, denak ez duelako berdin kutsatzen. Azaltzen dutenez, Zoom-en bideo dei batek informazioa ahalik eta gehien konprimitzen du, baina HBOn film bat ikusteko datuen bolumena biderkatu egiten da, bereizmen handiaz gozatzeko. Zehaztutakoaren arabera, gako bat eduki mota da, streaming bidez ikustea edo deskargatzea baino gehiago.

Eragina duten erabakiak

Ingurumenean eragina duen guztian bezala, arlo honetan ere eragin dezaketen erabakiak daude. Adituek aipatu dute, esaterako, bideo dei batean kamera ez aktibatzeak %61 murriztu dezakeela inpaktu hori; baita musika bideorik ikusi gabe entzuteak, irudiak beharrezkoak ez direnean, beraz, YouTube erabili beharrean Spotify erabiltzea. Irudien kostu ekologiko horrekin lotuta, sare sozialak eta plataformak konparatu dituzten azterlanen arabera, Tik Tok da gehien kutsatzen duena, zehaztu dutenez, hain zuzen ere, bideoak ikusi eta igotzean datzalako.

Gailuen erabilera eta horien eraginkortasuna energia gastuan eragiten duten faktoreetako bi dira. Adibide adierazgarri bat jartzen dute atal honetan, smartphone batek telebista handi batek baino gutxiago kontsumitzen du, baina telefonoa eguneko 24 orduetan piztuta egoten da.

«Gurasoek etxeko argiekin erakutsi zigutenez, erabiltzen ez direnean gailuak itzaltzea ohikoa izan beharko litzateke», nabarmendu dute Vilajosanak eta Martinezek. Haien ustez, pedagogia funtsezkoa da planetarekiko kalteaz jabetzeko eta etorkizunari begira «ereiteko», baina erantzukizuna enpresa teknologikoekin partekatua behar dela izan azpimarratu dute.

Cristina Canorekin batera ikerlari biek UOCen Campus Birtualaren erabilerari buruzko ikerketa bat egin dute, eta ondorioztatu dute «nabigazio ohiturak» hobetu daitezkeela, adibidez, deskonexioa egiten, zabaldutako plataforma edo leihoan denbora luzean mugimendurik egiten ez denean.

Aipatutako azterlan horretan, 100.000 erabiltzailek hartu zuten parte eta horien %40k gaian interesa agertzen bazuten ere, ekintza zehatzetan gauzatzea ez zutela lortu onartu dute. Beraz, soluziobidea plataformak berak deskonektatzea izan daitekeela proposatu dute, erabilerarik ez dagoela detektatzen dutenean. Grafikoki azaltzeko, «ur hornitzaileak uraren txorrota zabalik eduki beharrik ez duzula detektatu eta zugatik ixtea» bezalakoa da planteatu duten irtenbidea.

Nabigazioen kutsadura gutxitzeko, online edukien kontsumoa arrazionalizatzearen beharra ere planteatu dute. Hala ere, agertu dute ez dela erraza izango plataforma digitalak eta streaming bidezko edukiak baztertuak izatea, eskaera gero eta handiagoa denean. Estatu mailako ikerketa baten arabera, ikus-entzunezkoen eskaeraren hazkundea %26koa izan da 2020an, koronabirusaren pandemiarekin batera. Eta proiekzioek goranzko joera mantenduko dela diote.

UOCeko adituen ustez, aplikazioen artean «beharrezkoak» eta «normalak» daude. Lehen taldean banketxeko kontua kudeatzeko aplikazioa kokatzen dute, eta film edo telesail bat ikusteko erabiltzen direnak bigarren multzoan, baina «toxikoak» ere badaudela azpimarratu dute, «binge-watching» deiturikoa bezalakoa: online bidezko edukiak ikusten orduak ematea.

Hor dago, bestalde, lan egiteko eta ikasteko edo aisialdian bisitatzen ditugun plataformen erabilera. Erabiltzen ez direnean deskonektatzea da gomendioa, baita edukiak deskargatzea ere, behin baino gehiagotan kontsultatu behar ditugunean.