Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Egoki eta zuzen jokatzeak balio izan dio Bakaikoari Promozioko txapeldun izateko

Etxarri Aranatzeko pilotariak oso serio jokatu du Lau eta Erdiko finala, pilota paretan asko baztertuz, eta 11-0eko partzial batekin, 22-10 irabazi dio Iraitz Zubizarretari, hiru urte eta gero txapel bat berriro irabaziz.

Joanes Bakaikoa, txapela buruan eta garaikurra eskuan dituela. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Joanes Bakaikoa, txapela buruan eta garaikurra eskuan dituela. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hiru urte geroago, Joanes Bakaikoa berriro igo da podiumeko lehen postura, eta hirugarren txapela eskuratu du. Igande honetan, Altsasuko Burunda pilotalekuan, Lau eta Erdiko Promozioko finalean 22-10 irabazi dio hasiberri-saria sufritu duen Iraitz Zubizarretari –bere lehen finala zuen Ataungo pilotariak–.

Ez da aparteko partida izan, baina Etxarri Aranatzeko aurrelariari egoki eta zuzen jokatzeak balio izan dio txapela janzteko. 7-7ko berdinketa ostean apurtu du neurketa nafarrak, izan ere 11-0eko partzial ikaragarri batekin markagailuan aldendu, bere aurkaria urduri ipini eta garaipena erdietsi du etxetik oso gertu dagoen pilotalekuan.

Finalaren hasieran urduritasuna nabaritzen zitzaien bi pilotariei. Are gehiago, Iraitz Zubizarreta aritu da hobeto lehen tantoetan. Gipuzkoarrak asmoarekin bidaltzen zituen pilotakadak bere lehen finalean. Bakaikoak, aldiz, ez zuen asmatzen errematean. Gantxo batzuk egin ditu, baina Zubizarreta bertan zegoen ondo kokatuta.

Hala ere, Etxarri Aranatzeko pilotariak esperientzia handiagoa zuela erakutsi du eta 4-1 ipini du markagailuan jokoa gogortuz, berari gehiago interesatzen baizitzaion. Ez hori bakarrik. Estrategia aldatu du, bere botilero Jon Mariezkurrenak aholkatuta. «Jonek esan dit txokotik txokora jotzen banuen min handia egingo niola. Zorionez, hala egin dut eta min handia egin diot», aitortu du Bakaikoak partidaren amaieran.

Zubizarretak launa berdintzea lortu du, baina Bakaikoak segituan aurreratu da berriro ere tanto eder bati esker. Nafarrak dejadaz erantzun dio gipuzkoarraren beste dejada bati.

Partidako momenturik orekatuena izan da honakoa, baina 7-7koa ondoren, Joanes Bakaikoak partida apurtu du guztiz. 11-0eko partzial bat lortu du (7-7tik 18-7ra), tartean polemikarako unea izan duen tanto bat egonda –Zubizarretak huts egin du bi pareta saiatzerakoan, baina lehenago Bakaikoaren sakean zaleak kexatu egin dira falta izan zitekeelako–.

Ataundarrari kostatu egin zaio berriro sakea lortzea. 18-8koa egin du, ezker gantxo ederrarekin aurkariaren erasoei ondo eutsi ondoren. Baina alde handiegia zen. Bakaikoak tantoen iniziatiba hartzen jarraitu du eta 21-9raino heldu da.

Hor, ordea, larunbatean Joseba Ezkurdiari Lehen Mailako hirugarren posturako partidan gertatu bezala, falta egin du sakez Etxarri Aranatzekoak, nolabaiteko suspense pixkat emateko.

Baina partida eta garailea aspalditik erabakita zeuden. Zubizarretak sakez egin du 21-10ekoa ipintzeko, baina bere azken huts batek txapela eman dio telebista aurrean oso emzionatuta agertu den Joanes Bakaikoari.

Besarkada hunkigarria eman dute Bakaikoak eta Mariezkurrenak partida amaiean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ez da gutxiagorako. «Hau oso oso garrantzitsua eta polita da. Momentu txarrak pasa ditut. Zalantzarik gabe, ez dago esan beharrik, baina gurasoei eskaini nahi diet dudarik gabe. Beraiek badakite pasatu dudan guztia eta beraientzat da», aitortu du.

Gainera, txapel honek beste sari bat dakar: datorren urteko Lehen Mailako Lau eta Erdikoa jokatzeko aukera izango du nafarrak. «Hori sari ona eta garrantzitsua da. Nik niregan sinisten dut eta sinistu egin dut bolada txarretan ere», amaitu du txapeldunak.

PARTIDAKO FITXA

Bakaikoa: 22

Zubizarreta III.a: 10

Pilotakadak: 246. Partidaren iraupena: 45 minutu eta 25 segundo. Markagailua: 0-1, 4-1, 4-4, 7-4, 7-7, 18-7, 18-8, 21-8, 21-10 eta 22-10. Sakez: 5 Bakaikoak (eta falta bat) eta 2 Zubizarreta III.ak. Jokoan egindakoak: 9 Bakaikoak eta 5 Zubizarreta III.ak. Galdutakoak: 2 Bakaikoak eta 8 Zubizarreta III.ak. Gertaerak: Giro bikaina Altsasuko Burunda pilotalekuan. Jon Mariezkurrena pilotaria izan da Bakaikoaren botileroa eta Rafael Zubizarreta aita, Zubizarreta III.arena. Lehen sakea, gorri.