NAIZ

20-29 urtekoen txertaketa, oraindik motelago: %78,4ak jaso du bigarren dosia

Lakuak argitaratu dituen azken datuen arabera, 12 urtetik gorako 1.783.231 hiritarrek osatu dute covid-19 gaitzaren aurkako txertaketa jarraibidea. Gazteen artean, bereziki 20-29 urte bitartekoen artean portzentaia jaisten da, eta ez da oraindik %80ra iristen.

Osakidetzako profesional bat covid-19aren aurkako txertoarekin xiringa bat betetzen. (Gorka RUBIO/FOKU)
Osakidetzako profesional bat covid-19aren aurkako txertoarekin xiringa bat betetzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 12 urtetik gorako 1.783.231 hiritarrek osatu dute covid-19 gaitzaren aurkako txertaketa jarraibidea, horretarako beharrezko dosiak jasota, hau da, populazio talde horretakoen %90,1k. Gainera, %91,1ek gutxienez dosi bat jaso du, eta %3,0k ez du txertorik hartu kontraindikazioengatik edo uko egin diolako, Osasun Sailak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Hain zuzen, EAEko osasun agintaritzak 3.719.130 txerto dosi jaso ditu kanpaina hasi zenetik (2.647.530 Pfizer, 526.100 Moderna, 444.200 AstraZeneca eta 101.300 Janssen), eta 3.453.448 eman dira, hau da, jasotakoen %92,9. Emandako txerto guztietatik 1.544.333 bigarren dosiak izan dira, eta 238.898 dosi bakarrekoak.

Adinari dagokionez, ezberdintasun handiak ikusten dira Lakuak argitaratu berri duen txostenean. Hala, txertoaren dosi bat gutxienez jaso dute EAEko 100 urtetik gorako hiritarren %95,8k, 90-99 urtekoen %93,4k, 80-89 urtekoen %97,3k, 70-79 urtekoen %95,9k, 60-69 urtekoen %94,5ek, 50-59 urtekoen %94,9k, eta 40-49 urtekoen %91,4k,

Baina 30-39 urtekoen artean %84,1ek jaso dute txertoaren lehengo dosia, eta 20-29 urtekoen artean %80,4k. Adin tarte hauetan jarraibide osoa osatu duten pertsonen tasa %82,3koa da 30-39 urtekoen artean, eta %78,4koa 20-29 urtekoen artean. 16-19 urtekoen %86,9k eta 12-15 urtekoen %86,7k osatu dute jarraibide osoa.

Azkenik, 90 urtetik gorako 20.509 hiritarrek jaso dute txertoaren hirugarren dosia, hau da, populazio talde horretakoen %64,6k, bai eta 80-89 urtekoen 57.062k (%47,3), 70-79 urtekoen 20.694k (%10,0) eta 70 urtetik beherakoen 8.304k (%0,6).