Nafarroako Memoriaren Institutuak Atxiloketa Zentroen Memorialaren proiektua aurkeztu du

Nafarroako Memoriaren Institutuak Atxiloketa Zentroen Memorialaren proiektua aurkeztu die astelehen honetan elkarte memorialistei. Iruñeko Arrieta eta Aralar kaleen elkargunean kokatuko da.

Memorialaren aurzkezpena, memoria historikoaren aldeko elkarteeen aurrean. (@gob_na)
Memorialaren aurzkezpena, memoria historikoaren aldeko elkarteeen aurrean. (@gob_na)

Nafarroako Gobernuak astelehen honetan aurkeztu die memoria historikoaren aldeko elkarteei Atxiloketa Zentroen Memoriala irudikatzeko hautatutako proiektua. Proiektu hori Iruñeko Arrieta eta Aralar kaleen elkargunean kokatuko da.

Aurkezpenean, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariarekin batera, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Martin Zabalza, Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendari Josemi Gaston, Dokumentazio Zentroko arduradun Cesar Layana eta proposamen artistikoaren egile Alberto Oderiz iruindarra izan dira.

1936ko atxilotze-zentroei buruzko Memoriala Arrieta eta Aralar kaleen elkargunean kokatuko da, Zezen Plazaren eta Eskolapioen ikastetxearen (Gerrako Batzorde Karlistaren kuartel nagusia) aurrean, eta Salestarren ikastetxe zaharretik (Falangeko zentroa) eta desagertutako ‘la Perrera’ udal gordailutik gertu, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Esku-hartze artistiko-memorialista harri-bloke multzo bat da, Iruñean errepublikanoen atxiloketa-zentro desberdinak gogorarazten dituena, «erauzi zituztenen gatibutasun-espazioak, Nafarroako lurraldean sakabanatutako hobi ugaritan modu basatian erailak izateko», nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.

Memorialak etorkizunari ere begiratzen dio, topaleku gisa eskaintzeko agora txiki bat ere delako, Alberto Oderizen hitzetan.

Oroimenaren belaunaldien arteko transmisiorako gune bat da, Eskolak Memoriarekin programaren esparruan. Bertan, iraganeko erro politiko eta sozialeko indarkeriari buruzko gogoeta egingo da, 36ko kolpe militarra babestu zutenek Errepublika espainolaren legezkotasuna defendatzen zutenaren aurka egindakoa.

Ollo kontseilariak iragarri duenez, 1936ko atxilotze zentroen Memoriala Nafarroako Memoria Historikoaren Leku gisa proposatuko da, lehendik dauden beste batzuekin bat eginez, hala nola Iruñeko Probintzia Espetxea edo San Kristobal gotorlekutik abiatzen den GR225 bidezidorra, Botelletako hilerria inguratu ondoren 1938ko maiatzeko ihesaldi handia gogorarazten duena.

Memorialaren proiektuarekin batera, atxiloketa- eta gatibutasun-guneei buruzko txosten bat egin da, Nafarroako Memoriaren Institutuak Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsari eskatu ziona.

Bertan, 1936tik 1945era Iruñean izan ziren gatibutasun-espazioak zehazten dira, tipologia zabal batetik abiatuta: polizia-etxeak eta kuartelak, espetxeak, kontzentrazio zentroak eta bat-bateko atxilotze-zentroak, guztira hogei inguru.

Atxiloketa-zentro horietako bakoitzari buruzko informazioa geolokalizatu egingo da, eta herritarrei hainbat euskarriren bidez eskainiko zaie.

Elkarteek iradoki zuten bezala, hiriburutik kanpoko beste atxiloketa-leku batzuetara zabalduko da informazio hori, frankismoaren lehen hamarkadan errepublikaren gatibutasunaren Nafarroako mapa osatuz.