Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Pentsiodunak larunbat honetan mobilizatuko dira murrizketak deusestatzea eskatzeko

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean deitu ditu mobilizazioak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak larunbaterako. Pentsioetan murrizketak eten eta pribatizaziorik ez ezartzeko aldarrikatuko dute.

Iruñean pentsiodunek egin duten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Iruñean pentsiodunek egin duten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak azaroaren 13an Hego Euskal Herriko lau hiriburutan indarrean dauden erreformen eta Kongresuan izapidetzen ari diren erreformaren aurka deitutako manifestazioen helburuen berri eman du Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan.

Azaroaren 13an, larunbatean, aterako dira kalera «pentsio publiko duin eta nahikoen defentsan». Iruñean egindako agerraldian, Oneka, Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Sasoiak espainiar Gobernuaren lege-proiektua kritikatu dute. «2011ko eta 2013ko pentsio erremormen murrizketei eustea du helburu. Urte gehiago lan egitea eta pentsio gutxiago kobratzea. Pentsioen Sistema Publikoa iraupeneko asistentzia sistema bihurtu nahi da, pentsio plan pribatuak sustatzeko».

Horren aurrean, bai espainiar Gobernuari, Kongresuko alderdiei eta Hego Euskal Herriko erakundeei lege proiektu hori erretiratzeko eskatu diete. «Ez dugu onartuko 2011 eta 2013ko murrizketak leheneratzen ez dituen erreformarik eta, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala, gutxieneko pentsioa batez besteko soldataren %60ko gutxieneko soldatarekin berdindu arte handitzen ez duen erreformarik».

Era berean, 1080 euroko eta bizitzaren kostuaren arabera igoko den gutxieneko pentsioa, iraunkortasun faktorea eta belaunaldien arteko ekitate faktoreak indargabetzea, 40 urte kotizatzerakoan erretiroa aurreratzea, genero arrakala desagerraraztea eta pentsio publikoak kalitatezko enpleguaren bidez bermatzea eskatu dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragileek bat egin dute deialdiarekin. ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT eta EHNE sindikatuek parte-hartuko dute, baita Bilgune Feminista, Ernai, Nafarroako Osasun Plataforma, SOS Racismo Nafarroa, REAS Nafarroa eta AHTrik ez! plataformak ere.

Iruñean, larunbatean, 12.00etan, Baluarte plazatik abiatuko da martxa. Ordu berean, Gasteizen Artiumetik eta Donostian Alderdi Ederretik. Bilbon, Moyua plazatik irtengo da 17.30ean.