Etxerat elkarteak elkarretaratze bat egin du asteazken honetan Gasteizen frantziar eta espainiar estatuek ezarritako salbuespenezko espetxe politikak eragindako biktimak gogoratzeko. Eta Memoriaren Eguna aprobetxatu du beste gatazka batzuetan onartu egin den «sufrimenduaren berdintasun morala» aldarrikatzeko, bizikidetzan aurrera egiteko.
Elkarteko kidea den Patricia Belezek azaldu duenez, kontaera bakarra inposatuz ezinezkoa da memoria eta bizikidetza indartzea. Zentzu honetan ohartarazi duenez, euskal errepresaliatuen senide eta lagunak «minduak eta gaizki tratatuak» sentitzen dira erakundeen aldetik.
Izan ere, haren esanetan, «oraindik ere espetxera joan etorrian bizitza galdu duten senide eta lagunei, dispertsioaren eta urrunketaren eraginez, eta salbuespenezko espetxe politika anker baten eraginez hildako presoei ez zaie ezagutza hori eta memoria hori eman».
«Eta gainera ikusi dugu azken hilabete hauetan kriminalizazio saiakera bat», gaineratu du, Ruben Garate, urrunketak eragindako biktima, gogoratzeko Otxandion margotutako murala kentzea agintzen duen epaia gogoratuz.
«Orain dela bi urte hitz egiten ari ginen 12/2016 legearen inguruan, eskubideen urraketak tratatzen duen legearen inguruan, eta badirudi azken bolada honetan atzerapausoak izan direla», kritikatu du Belezek, biktima guztiak mahai gainean jartzea proposatu duenak, «eztabaida lasai batean murgiltzeko».