Beti euskararen alde, kazetari senez eta bizitza bete-betean
Martin Ugalde Orradre kazetari eta idazle andoaindarra jaio zela 100 urte bete dira gaur. Euskal kazetaritzak izan duen inpaktu handieneko figura poliedrikoa izan zen, obra oparoa eta ekarpen ugari utzi zuena. Beti euskara lehenbizi, eta, gero, gerokoak. Beti, pertsona eta bere gizatasuna aurretik.
Andoainen bada pasta, edo kasta, berezi bat. Ez da erraza herri bat aurkitzea, euskal kazetaritzari horrenbesteko ekarpenak egin dizkioten eta horren kazetari sen indartsua izan duten hainbeste figura dituena. Lehengoak eta gaurkoak, euskarazko kazetan eta euskal prentsa idatzian, politikan, literaturan; Andoaingoa ez da ohikoa. Gaur, azaroak 11 dituenean, andoaindar kazetarien dekanoa, aitzindaria, jaio zen duela ehun urte. Martin Ugalde Orradreren jaiotzaren mendeurrena da gaur, ertz asko izan dituen pertsona serio eta konprometituarena, oroz gain euskaltzale handi-handia zenarena.
Euskal Herri osoan utzi zuen uzta, bazter guztietako euskaltzaleentzat egin zuen bere ekarpena. Bere itzala ekimen askotan zabaldu zen arren, Ugalde oso zen andoaindarra, asko maite zuen bere herria. Eta zer diren bizitzaren ironiak! Gaur egun Martin Ugalde Parkea dagoen gunean bertan egon zen garai batean Laborde Hermanos fabrika, eta bertan lan egin zuen gerraostean, erbestera jo behar izan zuen bere familiak bezala, nazionalista, separatista eta galtzaile zelakoan beste inon lanik ematen ez ziotenean, ezta gerraurrean aitarena izan zen aroztegian ere.
Figura poliedrikoa da Ugalde. Ezagutu eta ezagutaraztekoa, bere ekarpenak jendaurrean jartzekoak dira, gogora dadin beti, inoiz ahaztu ez dadin, nondik gatozen eta gure aurrekoek zer egin zuten. Bai kazetaritzan, bai politikan, beti euskara eta aberria aurrena, eta gero, intendentzia kontuak. Transmisioa ezinbesteko ariketa da horretarako; ahalik eta zabalen, desberdin askoren artean, eta ipar horrekin antolatu dira mendeurren honen karietara hainbat ekitaldi.
Venezuelan loratu zen idazlea
36ko gerra piztu zenean gorriak eta beltzak pasatu behar izan zituzten Martin Ugaldek eta bere familiak. Andu Lertxundi idazleari irakurri nionez, harri bat zuhaitzera bota eta txoriak sakabanatzen diren bezala, gerrarekin horrela sakabanatu zen Ugalde familia. Aita EAJko zinegotzia zen Andoainen eta frontera jo zuen; anaia Sobietar Batasunera eraman zuten, eta Martinek, amarekin, Mundaka eta Bilbotik pasatuta, Frantziara jo zuen, Nievre-ko Chateau Chinon-era. Handik Donibane Garazira, segidan Donibane Lohizunera, gero hilabete eta erdiz Gurs-eko kontzentrazio-esparrura.
Lau urteko periplo horren ondoren, 1941ean, igarobaimen batekin, berriz Andoainera bueltatu zen. Herrira etorri zen eta kanpora atera zuten, «bigarren exilio» batera, soldaduskara hiru urterako Marokora. Hori bukatuta, 1945 inguruan, ‘Diario Vasco’ egunkarirako artikuluak eta herriko kronikak idazten hasi zen, harik eta 1947an, 25 urterekin, Caracasera jo zuen arte, familiarekin, aitarekin eta anaiarekin berriz batzeko.
Bi hamarkada pasatxo egin zituen Venezuelan, eta pertsona eta kazetari gisa asko hazi zen bertan. Ugalde idazlea loratu zen Venezuelan. Euskal Herrira begira ere jarraitu zuen, bere konpromiso politikoari eutsiz. EAJn afiliatu zen, Eusko Gaztedi sustatu zuen, eta ardurak izan zituen alderdian (Hego Ameriketako arduraduna izan zen, kargu handia) eta Caracasko Euskal Etxean. Bizitza pertsonalean ere funtsezko aroa izan zen: Ana Mari Martinez Urreiztietarekin ezkondu zen eta familia sortu zuten.
Bihotzak, «zuaz Euskalerri’ra»
Venezuelara iritsi eta berezko begirada landu zuen, begirada kreolea, bertako errealitateekin konektatua, konpromiso sozial handikoa. Kazetaritzan freelance hasi eta zuzendaritza arduretara iritsi zen petrolio konpainien bultzadapean sortutako hainbat aldizkaritan. AEBetan master bat ikasteko eta Caracasko unibertsitatean kazetaritza eskolak emateko aukera izan zuen. Erbestearen paradoxa; ofizioan hazteko, idazle egiteko, askatasuna eta atmosfera aproposa eskaini zion.
Idazle gisa, euskarazko ipuingintza modernoaren aitatzat ikusten dute aditu batzuek, 1961eko ‘Iltzailleak’ narrazio-liburuagatik. Latinoamerikako literaturan hain ospetsua egin zen narraziogintza gurera ekarri zuen. Bibliografia oparoa utzi zigun erbestetik: ipuinak, antzezlanak... ale eder askoak.
Baina Martin Ugalderi aberriaren gogoa biziagotu eta bere beharra sutu zion Ameriketako erbesteak. Iparragirrerekin batera kantatu zuen berak ere: «Estranjeri aldian toki onak ba-dira, bañan biotzak dio… zuaz Euskalerri'ra…!». Eta itzulera prestatzeari ekin zion; besteak beste, emazteari ezkontzeko euskalduntzearen baldintza jarri zion bezala, haurrak euskaldun hezteko konpromisoa zuelako. Bere hitzetan, «haurrak gero eta gehiago ari ziren hango egiten, eta galdezka hasi zitzaizkigun zer fantasma zen herri hori, mapan ere ez zutena ikusten».
Politikan abertzaletasunagatik
Euskal Herrira 1969an itzuli zen, Hondarribira, eta segituan lotu zitzaion konpromiso politikoari. ‘Alderdi’ EAJren aldizkari klandestinoaren ardura hartu zuen eta, 1972an, Jesus Mari Leizaola erbesteko lehendakariaren kontseilari izateko deitu zioten. 1982an, Eusko Jaurlaritzan euskara sustatzeko arduradun egin zuen Carlos Garaikoetxeak, eta 1985ean, EAJren haustura bazetorrela jakitun, kargua utzi eta istilutik aparte ibili zen. Gero sartu zen EAn, Garaikoetxearekiko leialtasunez. Baina Ugalde abertzaletasunak bultzatuta sartu zen politikan, ez politikariaren trajean eroso sentitzen zelako. Ez zuen berezko bokazioa; kazetariarena zen bere betiko sena.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegirekin harremana izan zuen, eta ETArekin elkarrizketa sortzen saiatu zen. Harreman sendoa egin zuen asko miresten zuen Santi Brouard buruzagi abertzalearekin. Juan Jose Etxabe eta Jose Manuel Pagoaga Peixoto ETAko kideak ere gertutik ezagutu zituen. Abertzaletasunaren ikuskera desberdinak ez ziren inoiz muga edo oztopo izan Ugalderentzat. Pertsonak kontatzen zuen berarentzat eta pertsona hauen kategoria beti aitortu zuen.
Ametsak, arnasa beste oinaze
Ajuriagerrak ‘Deia’ egunkarira joateko eskatu zion 1977an, eta hala egin zuen. Zuzendariorde kargua onartu zuen, baina argi utziz euskarazko kazetaritza egin nahi zuela. Kalapita handi samarrak izan zituen bertan, gutxietsita ikusi baitzuen euskara sarri, eta Joan Mari Torrealdairi kontatu zionez, etsipena handiagotu zioten hark ‘Deia’-ren azalerako proposatutako bi gai kontuan hartu ez izanak: Fernando Aire Xalbador bertsolariaren heriotza, bata, eta Telesforo Monzon erbestetik Euskal Herrira itzuli izana, bestea. Biak geratu ziren azaletik kanpo.
Bizitzako azken urteetan, ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren «ametsak» arnasa beste oinaze eman zizkion Ugalderi. ‘Argia’-tik zetozen kazetari «ero» haiekin ongi konektatu zuen gerraurreko belaunaldiaren ordezkariak, bizipozez, soka luzatu eta lotuz. Ajuria Eneko Itunaren bueltako urte liskartsuetan bera nabarmendu zen EAJren boikota bukatzeko diplomazia lanetan, zubigintzaz, alderdiko «kazetari organikoen» gaizki esanak gorabehera. Egia bihurtu zen bere bizitzako ametsa Guardia Zibilak zapuztu zuen 2003an. Ohorezko presidente zela, kontu korronteak bloketatuta, atxilotua izateko arriskuan, «barne-bakeari eutsiz», hil zen hilabete gutxira. Gugan bego.