Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Euskal Herrira iritsi eta euskal hizkuntzara etortzearen erronka

Euskarak egungo egoera soziologikora egokitu beharra dauka eta erronka nagusietako bat migranteei harrera linguistikoa egitea da. Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldietan hainbat esperientzia eta gabezia partekatu dituzte gaur Iruñean.

Fullaondo, Ikardo, Vadillo eta Urzelai, ezkerretik eskuinera. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Fullaondo, Ikardo, Vadillo eta Urzelai, ezkerretik eskuinera. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Soziolinguistika Klusterrak antolatutako ‘Migrazioak eta harrera linguistikoa’ jardunaldiak hartu ditu gaur Iruñeko Baluarte jauregiak. «Gizartean ematen ari den aldaketa nagusietako bat da migrazioarena eta euskararen biziberritzearen ikuspegitik adi egon beharra dugu, bertan eragiteko gaitasuna lortzeko», azaldu dio Asier Basurto antolakuntzako kideak NAIZi.

Bertara herri eta komunitate mailako errealitatea eta esperientziak ekarri dituzte Gasteiz eta Bortzirietako ordezkariek, baita Ikuspegi behatokiko Arkaitz Fullaondok.

Azken honek mitoetako bat lurperatu du bere hitzartzean. Lakuako Gobernuak argitaratutako azken inkestaren arabera, EAEra iritsi diren hiru migrantetik batek dauka euskararen nolabaiteko ezagutza. Guztira, 55.000 lagun baino gehiago. Hala ere, zailtasunak egon badaude.

Bortzirietako euskara zerbitzuko Urko Ikardok aurkeztu du bertako errealitatea. «Lehentasunezko helburu» dute Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakan etorri berriak «euskara eta euskal kulturara gerturatzea». Nafarroan euskararen arnasgune da lurraldeko iparraldean dagoen eskualde hau. 8.500 biztanle ditu eta horien %70a da euskalduna eta bertan jaiotakoak ez dira %60ra iristen. Guztira, 25 nazionalitate inguruk elkarbizitzen dute.

Ikardok azaldu duenez, iritsi berrien euskalduntzean 2003an hasi ziren modu formalean. Lehen pausoa ‘Ongi etorri’ argitalpena izan zen eta atzetik iritsi ziren migrazio prozesuekiko ikerketa eta etorri berriekin elkarlan prozesu bat. 2013an aurkeztu zuten I Plan Estrategikoa eta hiru urte beranduago ezarri zuten helduentzako euskara ikasteko doakotasuna. Hori guztia, Bortzirietara iritsitako komunitateekin komunikazio plan bat gauzatuz.

Plan estrategiko hori hautetsi eta udal langileen esku jarri zen, erroldatu berriei igorri zitzaien eta zaintza eta ostalaritzarekin, etorri berri horiek gehien errepikatzen dituzten lanetako bitan, akordioak egin ziren euskara ikastaroak errazteko. Haurrekin, era berean, Solasean proiektua jarri dute martxan, hizkuntzarekin zailtasunak dituzten haurren euskara indartzea helburu.

Ez haiek gurera hurbiltzea, baizik eta elkar hurbiltzea

Arnasgune izan arren, erronkak ez dira falta Bortzirietan eta Ikardoren hitzetan, «mugimendu sozialen berrindartzetik etorri daiteke euskararen sendotzea ere». Baina ez soilik kaletik. Instituzioen ardura ere ez du ahaztu eta nafar Gobernuari «beste inplikazio bat» eskatu dio.

Gasteizko Udaletik Alex Vadillo eta Elena Urzelai izan dira Iruñeko jardunaldian. Gogora ekarri dutenez, duela 15 urte inguru, etorkinentzako ikastaroak eskainiz hasi ziren, baina laster ikusi zuten «hori ez zela nahikoa». «Aldebikotasuna lantzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Ez haiek gurera hurbiltzea, baizik eta elkar hurbiltzea», adierazi du Vadillok. Eta bide horretan jarri zituzten martxan 2016an anHitzak topaketak.

Topaketa horietatik ondorioztatu zuten «aliantzak eraiki» eta «entzute aktibo bat» ezinbestekoak zirela euskara eta etorri berriek elkar topatu dezaten. Eta horretarako harrera prozesuak definitu nahi dituzte. «Hor ikusi dugu denek berebiziko garrantzia ematen diotela jatorrizko hizkuntzari eta hori etxean transmitituko dutela. Baina baita etxetik kanpo hau garatzeko lekuak behar dituztela. Euskara eskola eremuaren bidez ikasiko dutela sinetsita daude».

Bigarren belaunaldikoen gakoa

Horren aurrean, Urzelaik azaldu du aisialdirako «gune informalak» eta etorri berrien «gune abegikorrak» bultzatzea onuragarria izango dela, baita hizkuntza topaketak edo Europan hain ohikoak diren ‘tandem’ bikoteak. Egun batean euskara eta hurrengoan bikoteko beste kidearen hizkuntzara gerturatzeko ekintza da hau.

2021ean, dagoeneko, etorkinak ez dira zerbait berria Euskal Herrian eta hori ere baliatu daitekeela iritzi du Urzelaik. «Bigarren belaunaldiko migranteak formatu behar ditugu, euren komunitateetan zubi lana egin dezaten».

Ezer ez jakitetik zerbait jakitera talde handi bat dago

Hau guztia praktikan jartzeko «informazio falta handia» dagoela gaineratu du Fullaondok. Horregatik baliatu du arestian aipatutako Lakuaren inkesta eta datu horiek duten balioa azpimarratu du. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskara ezagutzen duten 55.000 migranteetatik 10.000k oso ongi, ongi edo nahikoa menperatzen dute. «Ezer ez jakitetik zerbait jakitera talde handi bat dago. Konturatu zenbat belarriprest dagoen hor».

Pertsona migrante baten euskararako bidea bultzatzeko «pertsona horren migrazio prozesua ezagutzea» beharrezkoa dela iritzi du. «Iritsi berri direnean lehen helburuak etxebizitza, lana edo paperak dira». Horren eredu da euskara ezagutzarako gakoetako bat Euskal Herrian daramaten denborarena dela. Ehuneko handiena duela 10-14 urte iritsi zirenen artean dago.

Horregatik «euskara maila ezagutza ezberdinak» bultzatzea jarri du mahai gainean, «oinarrizko ezagutza batetik hasi».

Baliabideak handitzea

Honetatik guztiatik «irakasgaiak ateratzea» du jomuga Soziolinguistika Klusterrak eta «aurrera begira egin behar duguna elkarrekin pentsatzea», nabarmendu du Basurtok.

Gakoak ateratzen ari diren arren, «baliabideak handitzeko eta gaiari zentralitatea emateko beharra» aldarrikatu ditu.