Dena prest da 2020koa behar zuen 2021ko Xilabaren finalarentzat. Larunbat arratsaldean taularen gainean erabakiko da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako txapeldun berriaren izena. Lehian honako seikotea: Amets Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Patxi Iriart Hiribarren eta Miren Artetxe Sarasola.
16.30ean hasita saio berezia eskainiko du NAIZ Irratiak finala zuzenean jarraitu ahal izateko. Asier Iriondok gidatutako tartea izango da eta Battit Crouspeyr izango du alboan komentarista.
Finalari begira jakin beharrekoak aztertu ditugu Iriondo berarekin eta txapelketaren jarraipena egiten ari den Idoia Eraso lankidearekin. Larunbateko beste protagonista nagusia ere izan da gurean, Andoni Iturriozen eskutik jasoko du irabazleak 2021ko Xilabaren txapela. Lapurdi hegoaldean ezaguna da Iturrioz, Senpereko bere Larraldea etxaldea Bertsularien Lagunak elkarteari eta kultur elkarteei uzten dielako.
Iturriozek «ohorea» dela esan digu txapela jaztearena, bertsozalea baita. Parisen urteak eman zituen eta han bere aitaren ahotan entzuten zituen Xenpelarren bertsoak. Berak XVI.mendeko baserri zahar bat konpondu eta bertsolariei txoko bat uzten hasi zen. Orain, «euskal elkarteei heltzea utzi eta haiek egiten dute heltzekaria». Maite du bertso elkarteek haurrekin egiten duten trasmisioa, «euskara atxikitzeko aitzakia delakoz».
Finala «parekidea» izango da, ez soilik bertsolarien aldetik, baizik eta gai jartzaileak eta epaileak erdibana izango direlako. Lehen aldia dute finalean Maddi Ane Txoperena Iribarrenek eta Patxi Iriart Hiribarrenek eta oso pozik mintzatu dira finalaren atarian. Ikusteke dago finaletik Bertsolari Txapelketa Nagusira nork emango duen urratsa, Sustrai Colina eta Amets Arzallusek txartela lortuta baitute.
Antolakuntza pozik dago parekidetasunagatik; eta ez hain pozik atzeratu behar izan zutelako Xilaba eta aurten publiko gutxiago hurbildu delako. Gogoratu behar da osasun ziurtagiria aurkeztu behar dela leku itxietara sartzeko eta horrek nolabait gerturatzea makaladu du. Halaber, azken egunetan sortutako giroarekin espero dute jendea gerturatzea.
Asier Iriondo gidari izango da larunbatean eta bere ustez bertso maila oneko finala izango da. Battit Crouspeyr izango du alboan, iazko Xilaban, bertan behera geratu zen hartan, parte hartu zuen eta bertso analisietan ezaguna denez, gustura ariko da harekin. Iriondoren esanetan Amets Arzallus da faborito nagusi, baina Miren Artetxe bera aipatu du txapelaren hautagaitzat.