«Errespetuan eta elkar zaintzan oinarritutako ereduen falta handia dugu»
Emaize sexologia zentroan dihardu Ane Ortiz Ballesteros hezitzaile eta irakasleak. Gazte eta nerabeen arteko harremanez jardun gara berarekin, genero indarkeriak horien artean duen presentzian fokua jarrita.
Pandemiaren inguruko neurriek gazte eta nerabeengan izan duten eraginaz asko hitz egiten da azkenaldian. Esaterako, horien arteko harremanetan nola eragin duen ere aztertu da. Era berean, genero indarkeriak gazteen artean duen presentziaren inguruko kezka ez da berria. Duela aste batzuk ‘Ez da maitasuna’ ikerketa aurkeztu zuen Save the Children erakundeak, gai honetan sakonduz. Horretaz hitz egin dugu Ane Ortiz Ballesteros irakasle eta sexologoarekin. Estereotipoz jositako egiturazko arazo baten aurrean gaudela azaldu digu, eta hezkuntza arloan bidean den lege berriak aldaketak ekarriko dituela espero du. Aurrera egiteko, baina, gizarte osoaren inplikazioa beharko duen aldaketa da.
Haur eta nerabeen artean genero indarkeriak duen presentziaren inguruko kezka areagotu da. Gaia kokatze aldera, zein berezitasun ditu bizitzaren etapa honek, gai hau lantzeko kontuan hartu beharko liratekeenak?
Ez da erraza, alde batetik, jakitea genero indarkeria dagoen nerabeen artean, indarkeria hori, beste asko bezala, isilean mantentzen delako. Gainera, nerabeek orokorrean esperientzia eta tresna gutxiago dituzte batez ere indarkeria psikologiko eta emozionala identifikatzeko, baita salatzeko orduan ere. Horrek zaildu egiten du egoeraren irakurketa integral bat egitea.
Bestalde, gai hau jorratzerako orduan askotan gazteen artean helduon artean izaten ez diren zenbait ezaugarri daude. Gehitu beharko genizkioke, adibidez, normalean gazteen artean lehen maitasun harremanetan dagoen intentsitate maila handia, harremanen iraupena askoz laburragoa izaten dela, ez dagoela elkarbizitzarik bikotean, eta sare sozialen erabilera.
Identitatearen definizioa, aldaketa fasea, esperimentazioa, berdinen arteko harremanen garrantzia... gauza asko gertatzen dira etapa horretan.
Nerabezaroa etapa zail bezala saltzen digute, bereziki trantsizio momentu gisa ulertzen delako. Baina nerabezaroa gauza asko da, aipatu dituzunez gain, jakin-mina, desirak mahai gainean jartzea, lotsa kudeatzea, askatasuna dastatu nahi hori... Haurtzaroa atzean utzi eta helduarora salto egiteko denbora tartea da eta askotan beldurraren eta irrikaren artean mugitzen da. Hori, hormonen dantzarekin batera, identitate baten eraikuntza prozesua da. Zailtasunak eta aukerak ekar ditzake.
Maitasunaren inguruko hausnarketa ere egin beharko genuke? Save the Children erakundeak argitaratu duen ikerketa batek horretan ere jartzen du fokua. Neska nerabeen artean maitasunaren idealizazioa gertatu ohi dela aipatzen du. Ados zaude horrekin?
Bai, neskek, desberdindutako sozializazio prozesu baten ondorioz, txikitatik maitasun harreman bat helburu izan ohi dute. Oraindik ere harremanei buruzko mitoak oso barneratuta daudelako. Maitasun erromantikoaren mito gisa izendatu denak askotan bikotearen barruan indarkeriazko forma eta jokabide jakin batzuk nolabait legitimizatzen ditu. Egia da pixkanaka maitasunaren ideia horiekin apurtzen ari garela, baina prozesua ez da nahiko genukeen bezain azkarra. Errespetuan eta elkar zaintzan oinarritutako ereduen falta handia dugu. Denis de Rougemont autoreak ‘Maitasuna eta mendebaldea’ liburuan aipatzen du gurean ez ditugula maitemintzetik haratago doazen istorioak. Askotan bakarrik maitemintze fasearen ereduak ditugu; hau da, pasioa eta lehenengo momentu intentso horiek ardatz dituen ereduak ezagutzen ditugu baina, bat-batean, elkarbizitza datorrenean pelikula bukatu egiten da. Ez dakigu harreman horiek nola joango diren gero, egunerokoan gertatzen diren gatazka horiek nola ebatzi, nola eduki errespetuzko elkarrizketak, nola jarri erdigunean zaintza... Ez ditugu aniztasuna erakusten duten ereduak ere, ezta bikote harreman heteronormatibo tradizionaletatik haratago doazenak ere.
Egia da maitasun erromatikoaren mito hauek suntsitu nahian- edo askotan, askatasunaren izenean, harremanen kontsumoa gertatzen ari dela. Arazoa ez da oso denbora gutxian harreman asko izatea; horiek gainera gure desiretatik urrun egoten dira maiz. Nolabait esateko, kapitalismoa gure intimitatean ere sartzen ari da. Garrantzitsuena norberaren desirekin konektatzea da.
Errespetua, zaintza... horrek talka egiten du aipatzen dituzun eredu horien baitan legitimatzen diren jokabideekin. Aipaturiko ikerketak indarkeria batik bat kontrol eta botere mekanismoen bidez adierazten dela ere azaltzen du.
Indarkeria mota hauek askoz zailagoak dira identifikatzeko eta gainera maitasun erromantikoaren estereotipoek babesten dituzten jarrerak dira. Oso indarkeria sutila da eta gure inguruan alarmak pizten ez dituena. Hemen aipatu behar dugu tresna elektronikoen erabilerak ekarri duen aldaketa. Kontrol eta indarkeria mekanismo hauek egokitu egin dira espazio berri honetara. Lehen gazteekin hitz egiten genuenean aipatzen ziren arroparen edo lagunen inguruko kontrola. Orain estrategia horiek aldatu egin dira: Instagrameko argazkia aldatzeko eskatzen diote bikotekideari, sareetan besteei ematen zaizkien ‘atsegin’-ak kontrolatzen dira... Ikerketan aipatzen da, adibidez, gehien erreproduzitzen diren jokabideen artean daudela iraintzea eta erridikulizatzea, eta batez ere, mugikorraren bidez egiten den kontrola.
«Tresna elektronikoen erabilerak aldaketa ekarri du. Kontrol eta indarkeria mekanismo horiek egokitu egin dira espazio berri honetara»
Historikoki indarrean egon diren eta oraindik ere badauden estereotipoak –adibidez, mutilek babesle papera dutela eta neskak ahulak direla– daude horren atzean?
Azken hamarkadetan zenbait arlotan estereotipo batzuk gainditzen joan gara, baina bereziki harremanekin eta maitasunarekin zerikusia dutenak oraindik nahiko barneratuta ditugu. Neska gehienak maitasuna beraien bizitzaren erdigunean jarriz sozializatzen dira eta beraien poztasunaren giltza besteari ematen diote. Mutilak emakumearen babesle modura agertzen dira eta betiere nolabait beraien emozioak ezkutatuz, zaurgarritasunik erakutsi gabe. Horrek binomio arriskutsu bat sortzen du, maitasun-kontrolaren binomioa. Menpekotasunean oinarritutako harremanak ahalbidetzen ditu. Gainera, erakarpen ereduak ere genero roletan eta maskulinitate hegemonikoan oinarritzen dira oraindik, gizon indartsu eta ‘malote’ horiek desiragarri eginez.
Hitz egin dezagun harreman sexual-afektiboez.
Hasteko, lehen harreman sexual-afektibo bat zer den definitu beharko genuke. Bakoitzak modu oso ezberdinean ulertuko du eta erritmo ezberdinak daude. Zer da? Lehen koito bat, lehen musua, norbaiten aurrean biluzik gauden lehen aldia? Erantzunak anitzak dira eta, batez ere, erotikari buruz ari garenean kontuan hartu behar dugu ‘lehen aldi’ asko daudela eta denak direla inportanteak. Lehen koitoari buruz hitz egiten ari bagara, ikusten ari garena da pornografiaren kontsumoaren ondorioz ere inolako komunikaziorik gabeko harremanak direla. Ez dago elkarrizketarik, ez dira desirak mahai gainean jartzen... Mutilak dira protagonismoa eta erabakiak hartzen dituztenak, inongo planteamendurik gabe.
«Mutilek jarraitzen dute euren desirak mahai gainean jartzen eta besteak erabakitzen du baiezkoa edo ezezkoa ematea. Adostasunaren baitan jardutea egokiagoa litzateke»
Idealizazioa, boterea, erabakiak hartzeko eskumena, kontrola‚ kontzeptu horietaz aritu gara lehen. Ikerketak, esaterako, aipatzen du sexu harremanen portzentaje esanguratsu batean neskak ez direla jakitun mutilek aurrera daramatzaten hainbat praktikaz. “Baimenaren” kontzeptuaz hitz egin izan da. Egokia da?
Ni hasiko nintzateke baimenaren kontzeptua aldatzen. Hitz horren atzean betiko ideiak erreproduzitzen dira. Ematen du mutilek jarraitzen dutela euren desirak mahai gainean jartzen eta besteak erabakitzen duela baiezkoa edo ezezkoa. Adostasunaren baitan jardutea egokiagoa litzateke. Oso garrantzitsua da guztien desirak plazaratzea. Badakigu gure gazteak pornografia kontsumitzen ari direla eta pornografia mainstreamak oso gutxitan erakusten dizkigu komunikazioan oinarritutako eszenak. Gazteen imajinarioa aldatu behar da.
Erreferenteek ere pisu handia dute. Kasu kezkagarriak ezagutu ditugu sare sozialetan eta espazio publikoan esandakoengatik; Naim Darrechi «tiktoker»-arena datorkit burura.
Argi gelditu da sare sozialetan edozeinek edozer gauza esan dezakeela eta, gainera, askotan sekulako oihartzunarekin. Komunitatearen erantzuna txalotu nahi nuke; argi gelditu da diskurtso horiek ez dutela tokirik gizarte honetan.
Erantzuna ere sare sozialetan ikusarazi zen. Nola erakarri tresna horien indarra erabilera sano batera?
Hezkuntza digitalarekin sexu hezkuntzarekin gertatzen den antzeko fenomeno bat ikusten ari gara. Arriskuetatik eta beldurretatik bideratzen ari den zeozer da eta argi daukat zerbaiten miserietatik ezin dela ezer positiboa eraiki. Oso garrantzitsua da beste ikuspegi batekin lantzea, arriskuak ikusaraziz baina aukerak bilatuz.
Hezkuntzaren beharraz hitz egiten dugu. Hezkuntza ikastetxeetan eta ikasgelatik harago. Nola heldu erronkari?
Bada garaia komunitateko eragile guztiek kalitatezko sexu hezkuntza integral bat martxan jartzeko. Hori ez da gutxi batzuek egin beharreko zeozer; gizarte guztiaren konpromisoa ezinbestekoa da. Argi eduki behar dugu, gizaki sexuatuak garen heinean, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte sexualitatea hor daukagula. Prozesu horretan bidelagunak izatea beharrezkoa da. Solastatzeko espazio seguruak eraiki behar dira eskolan, aisialdian, etxean... Eta beti modu positiboan eginez: autoezagutzari buruz hitz egitea, plazeraz, errespetuaz... Saiatzea bestelako erreferenteak bilatzen. Orain etorriko den lege berriarekin ikusiko dugu zer gertatzen den; asmoa bada sexu hezkuntza txikitatik txertatzea eskolan. Hor profesionalen aholkularitza ezinbestekoa da, gure mezuak bat izateko.
Konfinamenduak eta covid-aren inguruan ezarritako neurriek eragin zuzena izan dute gazte eta nerabeengan. Zer ondorio atera ahal izan dituzu?
Bereziki ikusi dugu gazteek ez dutela espaziorik izan sozializatzeko, plano analogikoari dagokionez. Horrek zer ekarri du? Ba sare sozialen kontsumoa handitzea eta beraien harremanak, lagun harremanak eta erotikoak, geroz eta gehiago plano digitalean izatea. Adibidez, zibersexuaren eta sexting-aren praktikak asko handitu dira, bereziki konfinamendu garaian.
Azken urteetan feminismoaren balioek eta aniztasunak tokia irabazi dute. Jarrera erreakzionarioak ere ikusi ditugu. Non gaudela esango zenuke?
Horrelako jarrerak topatzea gauzak ondo egiten ari garen seinale dela uste dut. Pribilegioen banaketa berri bat gertatzen ari da eta horrek beldurra eta amorrua eragiten ditu. Arlo horretan pila bat aurreratu dugu eta gazteengan oso agerikoa da. Gizarte baten argaki bat izateko gazteak kontuan izatea ezinbestekoa da, informazio oso ona ematen dutelako. Argi dago feminismoak gero eta indar handiagoa duela, bai maila indibidualean bai kolektiboan. Hor jarraitu behar dugu, maskulinitate hegemonikoa zalantzan jartzen, emakumeen presentzia indartzen eta eraldaketan sakontzen, denok bizitza hobea izan dezagun.