Euskara, integrazioa eta gobernantza eredua. Horiek dira Ikastolen Elkartearen iritziz EAEko balizko Hezkuntza Legean garrantzia eta aldaketarako premia gehien izan beharko luketen ardatzak. Sare publikoarekin lehian aritzea ez da eraginkorra, erakunde honen ustez, legeak aurrera egitea ekar dezakeen «une historiko» honetan: «Bakoitza bere zilborrari begira badago ez dugu lortuko, marra gorri gutxi izango dituen eztabaida behar dugu».
EAEko etorkizuneko hezkuntza sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko hitzartzeak izan dira asteazken honetan Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, Hezkuntza Legearen oinarri izan asmo duen ponentziaren bigarren egunean. UPV/EHU, Deustu, Mondragon eta BAMeko arduradunez gain, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Jose Luis Sukiak ere hartu dute parte.
EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk hezkuntzaren arloan «akordio zabal» bat lortzeko bultzatutako ponentzian izandako tarte laburrean, Ikastolen Elkarteko ordezkariek aldaketak eskatu dituzte azken 30 urteetan (1992ko Hezkuntza Hitzarmenerako Akordio Politikoa oinarritzat hartuz, Euskal Eskola Publikoaren Legea bultzatu zenetik) beretsu mantendu den EAEko hezkuntza sisteman. Aldaketa horiek, egungo gizartearen joerak kontuan izateaz gain, hiru bideetatik etorri behar direla defendatu dute Tellituk eta Sukiak, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistema osorako lege bat izan behar dute helburu.
Euskararena da, beraien aburuz, lege berriak irauli beharko lukeen ardatz bat, azken urteetan hizkuntza honen erabilera eta ezagutza «maldan behera» doalako EAEko ikastetxeetan, Koldo Tellituk nabarmendu duenez. Ikasleek, esan du, gutxienez B2ko gutxieneko maila lortu beharko lukete ofizialak diren bi hizkuntzetan, eta ohartarazi hori ez dela lortuko A eta B «ereduen sistemarekin».
Ereduen sistema baztertu eta murgiltze ereduaren alde egin du Ikastolen Elkarteko lehendakariak, baina birritan esan du hori ez dela nahikoa izango aipatu helburua betetzeko. Ikastetxeetan hizkuntza proiektu «sendoak» landu behar direla aldarrikatu du, zentroen «eguneroko jardunean» eragingo dutenak. Eta horri gizarte osoaren elkarlana batu behar zaio, ezinbestekoa Tellituren iritziz.
Bestalde, azpimarratu du «lan berezia» egin behar dela euskara ezagutzen ez dutenekin eta baliabide bereziak bideratu behar direla horretara «ikasle guztien berdintasuna bermatzeko».
Segregazioaren gaian, publikoari begira
Ikastetxeen itunpeko sareek, ikastolek barne, ikasleen segregazioaren alorrean duten ardura da hezkuntzaren ekosisteman zentralitatea lortu duen gaietako bat, etorkizuneko Hezkuntzaren Legeari begira ere gainditu beharko den eztabaida.
Jose Luis Sukiak onartu du errealitate bat dela sare publikoak jatorriz atzerritarrak diren ikasle askoz gehiago hartzen dituela itunpeko hezkuntza sareek baino; hala ere, ardurak sare publikoaren lepotik zintzilikatu ditu. F. Javier Murillo eta Guillermina Belavi autoreen ‘Segregación escolar de estudiantes inmigrantes pobres en España’ izenburua duen ikerketa mahaigaineratu du horretarako.
Ikerketak ondorioztatzen du EAE dela Estatu espainiarreko erkidego bakarra non sare publikoko ikastetxeetan segregazio maila altuagoa den sare pribatuetan baino, nahiz eta sare publikoak etorkin tasa altuagoak dituen. «Gure sisteman sare publikoak etorkin kopuru handiena eskolatzen badu ere, dagokiona baino portzentaje handiagoan, sare publiko barruan matrikulazio hori ez da orekatua», gaineratu du Sukiak.
Hala, «ikastetxe bakoitzak dagokion etorkinen portzentajea bereganatzea da, oreka bat lortu arte», Ikastolen Elkartearen proposamena segregazioaren arazoa gainditzeko.
Titulartasunik ez
Sukiak ez du aipatu gabe utzi sare publikoaren defendatzaileen eta ikastolen aldekoen leiha. Baina antzua deritzo talka hori. «Zergatik? euskal sistemak ez dielako erantzun gaur egun gizartean dauden erronkei, eta gure ustez hori ez da izan ikastetxeek titulartasun bat edo bestea dutelako, baizik eta sistema osoak ez duelako gaitasuna dauden erronka berriei aurre egiteko», ondorioztatu du Ikastolen Elkarteko lehendakari izandakoak.
Horregatik, «publiko-pribatu» eztabaida alde batera utzi eta EAEko hezkuntza sisteman dauden gobernantza ereduak aztertu behar direla esan du. «Ikastolen ikuspegitik, hezkuntza sistema antolatzerakoan ikastetxeek betetzen dituzten baldintzak azpimarratu beharko genituzke, dituzten ezaugarrietan eta gobernantza ereduetan, hezkuntza sistemari eta gizarteari egiten dioten ekarpenetan, eta ez hainbeste ikastetxeen titularitatean».
Bide horretan aurrera egiteko iritzi dio ezinbestekoa dela ikastetxe bakoitzak benetako autonomia garatzea, izan beren hezkuntza proiektua egiteko eta garatzeko, beren barne antolaketa definitzeko edo partaidetza demokratikoa izateko, kasurako.