Dabid Lazkanoiturburu

Sudango Armadak sarraskia eragin du manifestarien artean

Internet eta komunikazioak etenda dauden arren, Estatu-kolpearen aurkako protestek jarraitzen dute, indarra galdu badute ere. Hori nahikoa ez eta Armadak tiroka erantzun zien atzo manifestariei, guxienez 15 hildako eraginez. Milizia kolpistak ehunka zaurituen bila ari dira ospitaletan.

Manifestariak Jartum hiriburuan. (AFP)
Manifestariak Jartum hiriburuan. (AFP)

Gutxienez 15 pertsona hil dira azken orduetan Sudanen Estatu-kolpea salatzeko protesten aurkako errepresioaren ondorioz. Sudango Medikuen Batzordeak jakitera eman duenez, Poliziak eta Armadak tiroka ezabatu ditu manifestazioak.

Jartum iparraldeko barrutian zazpi hildako zenbatu dituzte, haietako batek tiroak buruan eta lepoan jaso dituela. Beste bat Omdurman hirian hil dute eta beste hiru Jartum hiriburuan. Zaurituetako lau, hiru gizon eta emakume bat, Al-Baraha ospitalean zendu dira eta beste bat Ahmed Gasim ospitalean.

Izan ere, dozenaka zauritu daude, hauetako asko zauri larriekin, eta Medikuen Batzordeak salatu duenez, zailtasun handiak dituzte osasun zentrotara eramateko.

Are gehiago, «Estatu-kolpearen aldeko miliziak ospitaletan indarrez sartzen saiatzen ari dira eta setiopean dituzte, zirujia oso delikatuak jasaten ari diren zauritu asko barnean daudela jakitun», salatu du. Gas negar eragileak bota zituen bart Poliziak Alwad ospitalean eta Al Farenta ospitalean «ez zuten zaurituak eta pertsonala sartzen uzten», gaineratu du.

«Erregimen kolpista osasun eskubidea erabat hausten ari da, aurrez bizitzeko eskubidearekin berarekin egin duen moduan», salatu du.

Estatu-kolpearen aurka

Milaka eta milaka sudandar kalera atera dira gobernu zibila aldarrikatzeko. Telefono eta internet sareak itxita daude Estatu-kolpea izan zen egunetik, urriaren 25etik. Oposizioak SMSen bidez antolatu izan ditu beti martxak.

Ordutik hona, gutxienez 38 dira hildako manifestariak eta zauritutakoak, aldiz, ehunka zenbatzen dira, baina errepresioak urrats berri bat egin zuen asteazkenean, nahiz eta protestetan parte hartu dutnen kopuruak behera egin duen.

Dozenaka mila manifestari atera ziren kalera urriaren 30ean eta azaroaren 13an. Atzo, ordea, milaka batzuk baino ez ziren izan, beldurrak jota eta euren artean komunikatu ezin zutenak gainera. Gehiago ziren Jartumeko zubiak eta bidegurutzeak ixten zituzten poliziak eta soldaduak.

Hala ere, oposizioaren aitzindari den Sudango Profesionalen Elkarteaen ustez, «sarraski honek gure leloak indartzen du: ‘militarrekin negoziaziorik ez, konpromisorik ere ez, ez eta inolako elkarlanik’».  

Aldaketarako eta Askatasunerako Indarren oposizioko koalizio politikoak salatu duenez, militarrek herrialdea isolatu dute «krimenak eta eskubide urraketak ezkutatzeko» eta harrituta agertuta da Armadaren errepresio izugarriarekin.  Horrela, bada, dei egin die segurtasun indarrei «kolpisten krimenetan parte har ez dezaten» eta manifestarien kontra tiro egin ez dezaten.

Urriaren 25ean, Abdelfatatah al-Burhan generalak Armadak oposizioarekin sinatu zuen trantsizio-akordios hautsi egin zuen eta zibilak Gobernutik kanporatu zituen, tartean Abdallah Hamdok lehen ministroa, etxean atxilotuta dagoena.

2019ko matxinada

2019an oposizioaren matxinada batek 30 urtez boterean eman zituen Omar Al-Bashir autokrata kargutik bota eta atxilotzea lortu zuen. Al-Burhan generalak amore eman behar izan zuen Armada herritar sudandarren haserretik babesteko.

Matxinadan 250 hildako baino gehiago izan zituen oposizioak. Armadarekin elkarlanean aritzea ere onartu behar izan zuen, baina hasieratik gobernu guztiz zibila exijitu zuen.

Armadak Gobernuaren kontrola mantendu nahi izan du betidanik eta irailean ustez Al Bashirren aldeko militar talde batek egin zuen Estatu-kolpe saiakerak eragin zuen tentsioa profitatu zuen urrian trantsizioa hankaz gora uzteko.

Hala ere, sudandar askoren haserrea dela eta nazioarteko kritikak direla –batez ere Europako Batasunetik eta AEBetatik– gauzak ez ditu oso argi ikusten Armadak eta Gobernura bueltatzeko gonbitea luzatu dio Hamdok atxilotutako lehen ministroari.  Baina honek aurretik errepresioaren amaiera eta ehunka atxilotuen askatasuna aldarrikatzen du, militarrak benetako trantsizio batekin konprometitu daitezen exijituz.