Garai bateko emakumeen ahotsak, Alazne Diez Muñizek bilduak
Hamahiru emakume elkarrizketatu eta haien bizipenekin garai bateko bizimoduaren eta mentalitatearen argazkia osatu du «Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak» bere azken liburuan. Oroimenarekin loturak dituen lanaren aurrean, gertatu zenaren egia erakustea justizia egitea dela uste du.
Memoria historikoaren berreskurapena Alazne Diez Muñizen pasioetako bat izan da, eta neurri handi batean horrekin lotuta dago “Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak” bere azken liburua. Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen dion bigarrena da. Aurrekoa, “La memoria, herida abierta”, 1936ko gerrako kontakizunarekin lotuta dago. «Aita langileen batailoi batean egondakoa zen eta horrek gaian sakondu nahi izatera eraman ninduen», azaldu dio GAUR8ri.
Bigarren liburu honek arrasto goxo bat utzi diola onartu du. Izango da bizipenak partekatzeak lotura bereziak sortzen dituela, kontatzen diren pasadizo askotan oroimena piztu eta elkarri josita emakume askoren memoria islatzen dutelako. Liburua idazteko egin zituen elkarrizketetako batzuk konfinamenduan egin zituen, gainera, oso une berezian, intimoan, introspektiboan, kalera irten ezin izan zen giro bereziko egun haietan.
1946an Plentzian jaioa, egun Bilbon bizi da. UNEDen Soziologian eta Antropologia sozial eta kulturalean lizentziatua eta Antropologian doktorea da Diez. Onartzen du gustatuko litzaiokeela gerra garaiko emakumeen istorioetan arreta jartzea, baina urte asko igaro dira, eta «zaila zen garai hura haiekin gogoratzea». Bere azken liburua hamahiru emakumeren bizipen eta esperientzia pertsonalen bilduma da. 1935. eta 1952. urteen artean jaiotako emakumeak dira, frankismo bete-betean jaio eta hazi zirenak, beraz.
Egileak nabarmendu duenez, garai baten memoriaren zertzeladak daude kontakizun horien atzean, ikasketetan, ardura publikoetan, euskararen arloan edo emakume eta gizonen arteko berdintasunean irabazten joan ziren urrats txikiak. Kontatzen dituzten etxekoen pasadizoek ederki laguntzen dute, bestalde, gertatu zen hura argitzen. Ama Elantxobetik 18 urterekin irten eta gaztelaniaz hitz bat bera ere jakin gabe zerbitzatzera joan zeneko kontakizuna, Bandas Etxebarriko lantegiko greba historikoaren oroitzapena, alaba txikia besoetan zuela atxilotu eta alabarekin kartzelara eraman zuten aita hura… Bizitza ezberdinen pasadizoak dira, eta tartean gertaerak eta beste emakume askoren istorioak azaltzen dira; adibidez, garaiko bizimoduaren gorabeheren ingurukoak (zailtasun ekonomikoak, diktaduraren jazarpena, lan egin behar izan zuten edo etxean lagundu behar zuten neska haien haurtzaroak...), egunerokotasunaren kronika txikiak balira bezala. Hortik dator izenburuaren bigarren zatia, hamahiru emakumeon ahotsek beste askoren bizitzen «oihartzunak» azaleratu dituztelako.
Ama, amama eta maistra haiek
Oroitzapen eta gogoeten artean, aitzitik, ama, amama edo maistra haien istorioak aipatzen dira. Garaiko etxeetan bizi zen giroa ere islatzen da pasarte askotan. Erraz irudikatu daiteke sukalde hartako bizimodua. Askotan protagonistek kontatutakoek mundu ezberdin bien arteko talka moduko bat marrazten dute: etxea eta plaza publikoa ez zetozen bat hainbat gairen inguruan. «Adibide argi bat da euskara, izan zen jazarpenarekin ez baitzen galdu, eta era berean tradizioen eta kulturaren transmisioa... eta horretan emakumeak ziren eragile nagusiak, gizonak normalean etxetik kanpo egoten zirelako».
Era berean, garai hartako gizon batzuen alde egin behar dela uste du. «Emakume hauek askotan hitz egiten dute euren aitei buruz, eta matxismo amorratu eta autoritate-irudi haren barruan autoritarismoa hain goraipatua zegoen garai hartan, euren aitek zuten sentiberatasuna nabarmentzen dute».
Bizipenen artean, ingurune soziopolitiko, ekonomiko eta kultural ezberdinetako emakumeak bildu nahi zituela nabarmendu du egileak. Horregatik, proiekzio publikorik izan ez duten emakumeak daude esfera publikoan ezagunak direnen ondoan, Miren Josune Ariztondo EAJko buruzagi ohia eta hainbat ardura publiko izan dituena edo Blanca Estrella Ruiz Clara Campoamor elkarteko presidentea, kasu.
Istorio guztiak josten dituen haria bizitako garaia da. Horregatik, errelatoetan sartu aurretik, sarrera gisa gerraosteko egoera soziopolitikoan jartzen du begirada Diezek. Azaldu duenez, kontakizunak testuinguruan jarri eta deskribatzen duten giroa ulertzeko, atzera joan behar da, gerrak utzitako itxi gabeko zauriei erreparatu, gerraosteak eta diktadurak zer ekarri zuten gogoratzeko. Oroimen historikora itzulita, gertatu zen hura berreskuratzea, egia erakustea, justizia egitea dela uste du.
Hamahiru emakume hauek zergatik aukeratu zituen galdetuta, Diezek argitu du profil ezberdinetako lagunak biltzen saiatu dela, kontakizun horietan euren burua islatuta ikus dezaketen emakumeak ere gehiago eta profil askotarikoak izateko. Aipatu duenez, kanpotik heldutako emakumeen lekukotasunak ere badaude, zer-nolako harrera eta egoerak bizi izan zituzten islatzeko.
Diezek argitu du galdetegi batean oinarritutako solasaldiak izan zirela, baina ez zituela galdera komun batzuk erabili. Bakoitzaren errealitatearen araberako galdetegia prestatu zuen, eta hortik aurrera esan behar zuten guztia adierazteko mugarik ez zutela izan nabarmendu du. «Pandemia heldu aurretik hasi nintzen elkarrizketak egiten eta gero konfinamendua heldu zen, elkarrizketa batzuk hitzartuta nituen. Niri telefonoz elkarrizketak egiten zizkidaten bezala, aukera bat zela pentsatu nuen eta grabagailua eta telefonoa eskuetan elkarrizketak egiten jarraitu nuen. Oso esperientzia polita izan zen, mundu guztia zegoen etxean, gainera, eta sentiberatasun handiko oso une berezi bat sortu zen», azaldu du.
Entzundako pasarteetan ez du anekdota bitxi edo deigarririk. «75 urterekin, gauza ezagunak dira gehienak niretzako, ezagutzen ez nituen berezitasun batzuk kenduta, adibidez, senarra itsasgizona zuen Marcaidak eta leku guztietara eraman behar zuten agiri horrena..., nik ez dut hori bizi izan, baina uste dut beste egoera batzuetan oso islatuta sentitzen garela nire adineko emakumeak».