Azken partidetako akatsak zuzentzera behartuta doa Amorebieta Oviedora

Etxetik kanpo denboraldiko lehen garaipena lortu nahi dute urdinek, azken bi partidetan puntu bakarra eskuratu ondoren. Iker Seguin deialditik irten da, bere lekua Oscar Gili utziz.

Urdinek ez zuten aprobetxatu Lugoren bisitak jaitsieratik irtetzeko eskaini zien aukera. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Urdinek ez zuten aprobetxatu Lugoren bisitak jaitsieratik irtetzeko eskaini zien aukera. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Amorebietak etxetik kanpoko lehen garaipena ospatu nahi du. Nahi eta behar, desabantaila handitzeko arriskua baitauka eta, izan ere, azken jardunaldiko emaitzen ondoren, talde urdina ez litzateke azken postu horietatik irtengo Tartieren garaipena lortuta ere.

Behar horri erantzuteko, beste bati ekin beharko dio lehendabizi, Iñigo Velezek azpimarratu duenez. Alcorconen eta Lugoren kontrako partidetako akatsak zuzendu, hain zuzen ere. Santo Domingon birritan aurreratu zen Amorebieta eta birritan jaso zuen berdinketaren gola, bigarrena partida amaitzeko segundo batzuk besterik falta ez zirenean. Eta Lugoren aurka, eraginkortasuna eta konzentrazioa falta izan zitzaion galiziarren golen jokaldietan.

«Gutxieneko baldintza partida osoan zehar intentsitatea eta konzentrazioa izatea da –azpimarratu du entrenatzaile arabarra–. Guztiz konzentratuta egoteko beharra dugu, hutsegiteek asko zigortzen gaituztelako, kontrako golak bilakatzen baitira». Ez da «jarrera» arazoa, baizik eta «garrantzi handiagoa eman behar zaiela xehetasun txikienei ere, borrokei, bigarren jokaldiei, partidara nola sartzen zaren…».

Hobetzeko aukera ibilbide gorabeheratsua egiten ari den Oviedok eskainiko dio Amorebietari. Bi garaipen jarraian lortu ondoren, bere entrenatzailea kolokan zegoenean, Kuko Zigandaren taldeak bi puntu besterik ez ditu lortu azken hiru jardunaldietan eta berriro ere presiopean ekingo dio norgehiagokari, porrot batek jaitsieratik gertuegi utziko bailuke.

Iker Seguinek etxetik ikusi beharko du partida, Santamaria eta Irazabalekin batera. Azken hiru partidak galdu ondoren Huescan sufritutako lesioarengatik, Oscar Gilek hartu du kapitainaren lekua deialdian eta baliteke hasierako hamaikakoan egotea ere.

OVIEDO
Hasierako hamaikakoa: Femenias; Carlos Isaac, Dani Calvo, David Costas, Mossa; Borja S., Brugman, Jimmy, Viti; Borja Baston eta Pombo.
Deialdia: Arribas, Luismi, Sangalli, Jirka, Tomeu Nadal, Obeng, Joni Montiel, Bolaño, Matheus Aias eta Pierre.
Bajak: Javi Mier eta Lucas Ahijado.

AMOREBIETA
Hasierako hamaikakoa: Saizar; Larra, Luengo, Arregi, Oscar Gil, Ozkoidi; Olaetxea, Markel Lozano, Iker Bilbao; Guru eta Unzueta.
Deialdia: Aldalur, Larru, Obi, Mikel Alvaro, San Jose, Zarra, Amorrortu, Alvaro Peña, Orozko, Aimar, Etxaburu eta Marino.
Bajak: Santamaria, Irazabal eta Seguin.

Epailea: Garcia Verdura (Katalunia).
Zelaia: Carlos Tartiere.
Ordua: 16.00 (Movistar+LaLiga)