Joseba Salbador Goikoetxea

Esneki zentroak bultzada emango die sektorearen berrikuntza proiektuei

Leartiker Zentro Teknologikoak bultzatuta, urte hasieraz geroztik lanean da Esneki Zentroa, euskal sektorea osatzen duten ekoizle txiki eta artisauen dibertsifikazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko helburuarekin.

Markina-Xemeingo egoitzak instalazio espezifikoak ditu edozein gazta tipologia zein esneki fresko ekoitzi ahal izateko. (Unai ESCORIAL)
Markina-Xemeingo egoitzak instalazio espezifikoak ditu edozein gazta tipologia zein esneki fresko ekoitzi ahal izateko. (Unai ESCORIAL)

Hazi Fundazioarekin eta Lakuako Gobernuarekin elkarlanean sortua, Euskal Herriko lehen esneki zentroa Markina-Xemeinen dago eta bere helburu nagusia sektorea indartzea da, batez ere produktore txikiz osatuta dagoelako eta horiei ezinezkoa egiten zaielako beren kabuz berrikuntza eta garapen proiektuak aurrera eramatea.

Horrela, Esneki Zentro honen bitartez, ekoizle txiki horiei aholkularitza tekniko aurreratua, formazio espezializatua, berrikuntza proiektuen garapena eta beste hainbat zerbitzu eskainiko zaizkie, betiere elikagaien segurtasuna oinarri hartuta.

Zentro honetan egiten diren produktuen garapenerako, Markina-Xemeingo egoitzak instalazio espezifikoak ditu, baita esneki-gune bat ere, edozein gazta tipologia zein esneki fresko ekoitzi ahal izateko.

Malen Sarasua, Esneki Zentroko arduradunak nabarmendu duenez, «sektoreko ekoizleentzako erreferentziazko zentroa izango da, zerbitzu aurreratua, pertsonalizatua eta eraginkorra jasotzeko bermea izango baitu». Era berean, sektoreko beste eragileekin etengabeko elkarlana izango du oinarri.

Sektorearen diagnosia

Euskal Herriko esneki sektorearen diagnosiari dagokionez, guztiz artisaua dela esan daiteke: ekoizle txikiz osatua, kultura eta tradizioari errotua, elikadura eredu jasangarriaren alde egiten duena, osasungarria, ‘km 0’ filosofian oinarritua eta garaian garaiko produktuak eskaintzen dituena.

2019ko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 190 gaztandegi daude eta horietatik %95 erabat artisauak dira; hau da, familia unitateak dira eta, esnea ekoizteaz gain, eraldaketa lanetan ere murgilduta daude. «Mikro-gaztandegi» ereduan oinarritzen dira, gazta tradizionalak ekoizteko balio erantsia mantendu eta ziurtatzeko asmoz.

Baina eredu horrek gabeziak ere sortzen dizkie ekoizle txikiei eta zailtasun handiak izaten dituzte inbertsioak gauzatzeko, teknologia berriak barneratzeko, produktuetan dibertsifikatzeko, langileak kontratatzeko eta abarrerako. Sektorea ez da gai ekonomikoki esparru horiei guztiei aurre egiteko.

Era berean, kanpo-aholkularitza teknikoaren premia handia dago, asko direlako egunerokoan sektore honen baitan egiten diren jarduerak: esne-ekoizpena, esnearen eraldaketa, araudi higieniko-sanitarioen aplikazioa eta kontrola, produktuen merkaturatze-prozesua... Kanpo-aholkularitza tekniko falta horrek sektorean eragin zuzena du eta esneki sektorea ahuldu egiten du.

Premia horretan oinarrituta sortu da Esneki Zentroa. Zentro honetan eskainiko diren zerbitzu ezberdinei esker, Euskal Autonomia Erkidegoko esne eta esneki sektorea indartzea da helburua. Eusko Jaurlaritza eta Hazi Fundazioaren babesarekin, Leartiker Zentro Teknologikoaren Esneki Sektorearen Espezializazioaren jarraipena izango da Esneki Zentroa. «Urteetan zehar egindako lanak emandako esperientzia eta ekoizleekin izandako harreman estuari esker, Leartikerrek zuzenduko duen zentro hau Euskal Herri mailan esne eta esnekien sektorean erreferente izateko jaio da», azaldu dute bertako arduradunek.

Sektorearekin elkarlanean

Leartiker Zentro Teknologikoak hamar urte baino gehiago daramatza esneki sektorearekin elkarlanean, esparru ezberdinetan: produktu berritzaileen garapenean, aholkularitza zerbitzu aurreratuan, formazio espezializatuan eta elikagien segurtasunaren arloan, besteak beste. Horri esker, ekoizle txikien dibertsifikazioan lehiakortasuna bultzatzeaz gain, sektore artisau honetan berritzeko grina piztea ere lortu da.

Azken urteetako ibilbide arrakastatsu horri esker, Leartiker zentro teknologikoan argi zuten erronka berriei aurre egiteko garaia iritsia zela eta Esneki Zentroa da horren adibiderik argiena.

Esneki Zentroak eskaintza integrala eskainiko die sektoreko ekoizle eta ekintzaileei, ondorengo zerbitzuen bitartez: dibertsifikazio proiektuen garapena, ekintzailetza, aholkularitza teknologikoa, formazio espezializatua (Hazi eta Academie MonS-ekin hitzarmena), kalitate kontrola, segurtasuna eta analisi sentsorialak, afinazioa, merkaturatzea, gastronomia, difusio ekintzak...

Esneki sektorean lanean dabiltzan eta sektoreko erreferente diren entitateen arteko koordinazioa eta kolaborazioak zentro berri honen oinarria dira. Zerbitzu eraginkor bat eskaintzeko, dibertsifikatzeko, balio kate osoko zerbitzuak ahalbidetzeko eta produktu berriak garatzeko, diseinu eta ekoizpenetik hasi eta merkaturatu arte.

Formazio espezializatuko eskaintza berezia

Esneki sektorearen lehiakortasuna bermatzeko asmoz, Esneki Zentroak formazio espezializatuarekin ere osatzen du bere eskaintza. Horretarako, frantziar Estatuko Mons Formation Zentroarekin hitzarmena sinatu du formazioaren atala beraien eskutik elkarlanean garatzeko.

Horrela, gazten afinazioan eta gazten salmentan oinarritutako ikastaroak eskaini dira iraila eta urrian zehar. Ikastaro horien baitan, gaztagile talde batek Mons Fromageur Affineur enpresaren egoitza bisitatu zuen, gazten afinazioan eta merkaturatzean nola lan egiten duten bertatik bertara ezagutzeko.

Joan den astean bertan, mundu mailan ezaguna den David Asher gaztagile eta gazta-hezitzaile kanadarra Markinako egoitzan izan da astebeteko formazioa ematen. «Gaztaren elaborazio naturala baserrian» izeneko ikastaroa egin duten 13 pertsonako taldetik, gehiengoa atzerritarrak ziren: hiru kanadar, bi estatubatuar, argentinar bat eta Costa Ricako bat. Horiekin batera, hiru espainiar eta hiru euskaldun egon dira.