Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Beñat Zaldua NAIZeko kazetaria, Rikardo Arregi Sariaren irabazle

Beñat Zaldua NAIZeko kazetaria izan da Kazetaritza atalean Rikardo Arregi sariaren irabazlea. ‘Nola iritsi gara honaino’ artikulu sorta, pandemia ardatz hartuta baina osagai asko bilduaz, izan da guztien artean onena. Komunikazio ataleko saria Basilika kultur-podcastak jaso du.

Beñat Zaldua, Rikardo Arregi saria eskuetan. (Jon URBE/FOKU)
Beñat Zaldua, Rikardo Arregi saria eskuetan. (Jon URBE/FOKU)

Andoainen banatu dira, urtero legez, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. XXXIII. edizioan ere Komunikazio eta Kazetaritza multzotan banatu dituzte sari bana. Lehena Beñat Zaldua NAIZeko kazetariak jaso du ‘Nola iritsi gara honaino’ artikulu sortarengatik eta, bigarrena, ‘Basilika’ podcast-ak.

‘Nola iritsi gara honaino’ artikulu sortarekin «alde batetik bestera irakurlearen arreta bereganatzea lortzeagatik» eta historia humano baten dibulgazio saio «indartsua, aberatsa, zorrotza eta irakurtzeko erakargarria» egiteagatik saritu dute kazetaria, Iker Morenoren ilustrazioei ere aipamena eginda. Urtarrilean argitaratu zen GARAn eta aste honetan bertan NAIZen irakurgai izan da. Hemen lehenengo kapitulua; zortzi dira guztira.

Senide eta lankideak gain, NAIZeko komunitatea osatzen duten harpidedunak eskertu ditu Zalduak bere hitzartzean: «Beraiek egin dute posible nik gaur hau jaso izana». Gogora ekarri du baita, saria eskuan, aurtengo irailean zendu zen Josetxo Zaldua kazetaria, bere osaba zena. Eta baita bere bikotekide Samara Velte, anekdota gisa bere lana lehiaketara aurkeztu zuena, eta iaz jaio zen semea. Aitortu du gertaera honek eman ziola gaurkotasunetik zertxobait aldentzeko aukera eta kazetaritza lan borobil hau burutzeko perspektiba eskaini.

Gerora, NAIZ IRRATIAri esandakoetan, «sopresa handia» izan dela aitortu du. Mimoz egindako lan bati aitorpena jasotzeak poztu du, noski, maila pertsonalean, baina lorpen kolektiboari begiratzea nahiago izan du Zalduak: «Urte gogorretatik gatoz NAIZen, GARAn eta NAIZ IRRATIAn; zorraren gainean erori zitzaigun pandemia, eta uste dut aitortza guztiendako dela».

‘Nola iritsi gara honaino’ artikulu sorta irakurri ez duenari gonbitea luzatu dio bidaia horretara batzeko: «Seriea da saiakera bat azaltzeko birus batek zergatik egin ditzakeen halako triskantzak leku oso desberdinetatik, jorratu nuen medikuntzaren aldea, gai ekonomikoa edo historikoa».

Hautagaien artean, Kazetaritza sailean, Beñat Zalduarekin hauetxek ziren lehian; ‘Berria’ egunkarian argitaratutako ‘Ahomentan’ elkarrizketa seriea eta Urtzi Urrutikoetxeak idazten duen ‘Leku-lekutan’ atala, eta Euskadi Irratian Zaballako espetxetik egindako ‘Faktoria’ saioa.

‘Basilika’ podcast-a, Komunikazioan saridun

«Gogoetara eramaten dituzten saioak egiteagatik», ‘Basilika’ podcast-ak jaso du Komunikazio arloko saria, Jone Uriarteren eskutik. «Urtebeteko bidean eduki kulturalak modu kritiko batean kontatu ditugu podcast-en bitartez», agertu du Uriartek

Komunikazio sarirako beste hiru hautagai izendatu zituen epaimahaiak: Oier Aranzabalen ‘Barruan gaude’ podcast-a, 3000twitz kolektiboa eta Pantailak Euskaraz egitasmoa.

Lakuak eta Andoaingo Udalak antolatzen dituen sariotan, irabazleek 9.000 eurona eta Xabier Lakaren eskultura txiki bana jaso dituzte.

Sariketarako finalistak izendatzeaz arduratu den epaimahaia ondorengoek osatu dute: Itxaro Borda idazlea, Aingeru Epaltza idazlea, Maite Goñi eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko HUEZIko irakasle eta komunikazioan adituak, Elixabete Larrinaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea eta Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea. Mahaiburua Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi ardunaduna den Alexander Huitzi izan da, eta Arantza Aguado Udaleko euskara teknikaria, berriz, idazkaria.

Beñat Zalduaren lana

‘Nola iritsi gara honaino’ artikulu seriea zortzi artikuluz osatutako lana da. Bertan koronabirusaren krisia klima aldaketarekin eta beste zenbait gertaerarekin lotu zituen Zalduak, ibilbide historikoaren bitartez ere josiz eta haren zergatietan sakonduz.

Erebus baleontziak 1842an Antartika izoztutik hasitako bidaian barrena darama irakurlea Zalduaren lanak, egunean zientzia, pandemia eta klima aldaketaren ertz bakanetan porturatzeko.

Hala, kazetariak agertu ditu gerora SARS-CoV-2 izendatuko zen patogenoaren sorrera, bakterioen mutazioak, mikrobioak ikusteraino doitutako mikroskopio zehatz-zehatzak, eltxoaren teorema, distantzien subjektibotasuna, txertoen esanahia bi mende atzera, ekonomia eta osasunaren lehia edo onak ere badiren patogenoak.

Martin Ugalde gogoan

Ekitaldiaren hasieran, Anjel Lertxundiren hitzek gogora ekarri dute Andoainen, Rikardo Arregi eta Martin Ugalderen sorlekuan, azken honek 1997an Rikardo Arregi sariaren ohorezko aipamena jaso zuenekoa, nola Venezuelan zein Euskal Herrian egindako lanengatik, hala euskarazko kazetaritzari egin zion ekarpenagatik. «Martin Ugaldek zeraman Xabier Lizardiren lekukoa», esan du amaitzeko.

Billabonako Oinkari dantza taldea eta Urki, Andoainekoa, ere izan dira ekitaldian, Martin Ugaldek aitarekin konpartitzen zuen dantzarako zaletasuna zentzatuz.

Maider Lainez Andoaingo alkateak Ugalde eta Arregiren loturak aurkeztu ditu aretora. Batak erbestea bizi zuen, besteak frankismoa. Adinez ez ziren gertuko, ezta geografian ere. Baina biek asmo bera zuten, nabarmendu du Lainezek: «Kazetaritza euskaraz egitea». Ugalde Euskal Herrira itzuli zen urte beren zendu zen Arregi. Baina bi euskaltzaleen bidearen lekukoa hartu zuen Ugaldek berak, ‘Euskaldunon Egunkaria’ sortzeko.