Euskal Irratiek gaur goizean aurreratu duten albistearen arabera istripua Donibane Lohizune eta Getaria artean gertatu da gaur goizean. Migrazio politikari loturiko gertakari larri berria da. 25 urteko migrante bat burdinbidean zelarik tren baten ufadakoak atzera bota du. Gaztea erori da eta ondorioz zauri arinak ditu.
Ezbeharra Donibane Lohizune eta Getaria artean gertatu da. Ondoren SNCFk baieztatu duenez, iragan urriaren 12an izan zen ezbeharrarekin gertatu bezala, goizeko trena igaro denean suertatu da ezbeharra.
Eguneko lehenengo trena
Hain zuzen 04.47tan atera da TER (eskualde trena) Hendaiatik eta Donibane Lohizuneko Akotze auzoaren parean igaro denean gertatu da ezbeharra.
Suhiltzaileak izan ziren istripua gertatu zen tokira heldu diren lehenak. Han artatu dute gaztea eta Baionako erietxera eraman zuten, lehenengo informazioen arabera zangoetan zauri arinak zituela.
Iragan urriaren 12an tren batek harrapaturik hiru gazte aljeriar hil ziren Ziburun. Laugarren pertsona bat erietxera eraman zuten zauri larriekin eta onik atera zen bosgarren migrante bat handik hiru egunetara Baionan atzeman zuen frantses Poliziak.
Erietxera eraman zuten migranteak azaldu zuenez, mugatik oinez heldu ziren, nekatuta sentitu eta trenbidean etzan ziren. Tamalez loak harrapatu zituen eta goizeko 5.00ak aitzin Hendaiatik heldutako eguneko lehenengo trenak harrapatu zuen migrantzaileen taldea.
Istripu larri horren ondotik migranteekin lan egiten duten elkarteek mobilizazioa egin zuten Donibane Lohizuneko tren geltokiaren aurrean urriaren 13an.
Bertatik eskaera zehatza egin zuten: bide seguruak behar dira ireki. Mugan izanen diren frantses Poliziaren kontrolek bide gero eta arriskutsuagoak hautatzera bultzatzen dituzte migranteak.
Elkarteek galdetu zuten behinik-behin muga eta Baionako Pausa zentroaren artean bide segurua bermatzea. Izan ere, geroztik jakin izan denez frantses Estatuak ez du mugen kontrolak lausotzeko asmorik.
Are heldu den apiril bitartean barne mugak bere baitan atxikitzeko asmoa jakinarazi zioten joan zen hilabetean frantziar agintariek Europar Batzordeari.
Fontang: «Bide seguruak behar dira zabaldu»
NAIZekin mintzo, bide seguruak zabaltzea «ezinbestekoa dela» berretsi du gaur Amaia Fontang Etorkinekin-Solidarite Migrants elkarteko ordezkariak.
Bere erranetan horrelako ezbeharrak ez gertatzeko goitik behera behar da aldatu migrazio politika. Izan ere, behin behineko aterabidea badela gaineratu du.
Iragan urriaren 12an elkarteek plazaratu zuten mezuaren ildotik zehazki Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga eta Baionan Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoak kudeatzen duten Pausa zentro artean «pasabide segurua zabaltzea pertsona migranteentzat» galdetu du Fontangek.
Bere erranetan «eskaeraren jakitun dira tokiko erakundeak» eta hainbat bat herriko etxek begionez hartu dute proposamena. «Handik aurrera beraiei dagokie bide egitea, migranteeen bizitzan salbuan jartzeko neurriak sustatuz» azaldu du. «Elkarteen lana da gizartearen sentsibilizazioa areagotzea, elkartasuna zabaltzea eta etorkinek bizi duten egoera jasangaitz hau aldi oro salatzea», gaineratu du Fontangek.