‘North Pole’ (2021, Ipar Mazedoniako Errepublika-Serbia) fikziozko film laburrak, Marija Apcevskak sinatuta, Zinebi jaialdiko aurtengo edizioko Sari Nagusia lortu du, 7.000 eurokoa.
Cannesko Zinemaldiaren aurreko edizioan aurkeztu zen ‘North Pole’, eta honi esker munduko zinemaldirik garrantzitsuenean sartu zen lehen mazedoniar filma bihurtu zen. Bilbon lortutako sariari esker, gainera, Zinebik 2022ko Zinemaren Europako Sarietarako (EFA) hautagai gisa proposatutako lehen film laburra izango da.
Sinopsiaren arabera, hauxe da kontatzen duen istorioa: «Paisaia lainotsu batean, jendez gainezka dagoen aldagela batean, Margok toki desegokian dagoela sentitzen du. Agian birjintasuna galduko balu, azkenean bere lekua aurkituko luke».
Zinebiko nazioarteko epaimahaiaren arabera, «protagonistaren aurpegia bezain delikatua da filma, eta itxaropenaren, betebeharraren, presioaren eta askapen gozoaren artean dabilen zerbait bezala deskribatzen du emakumeen desira. Nerabezaroan, drama mugimendu bakar batean sortu eta desagertu zen».
New York Film Academy-an graduatuta, Marija Apcevskak, ‘North Pole’ filmeaz gain, ‘Ambi’ (2017) eta ‘Bardo’ (2012) film laburrak zuzendu ditu. Ostiral arratsaldean jasoko du saria, zinemaldiaren amaiera-galan. Sra. Polaroiska talde artistikoak zuzendua, 19.30ean hasiko Arriaga Antzokian. Horren ondoren, Palmares Ofizialean saritutako film laburrak proiektatuko dira.
Vanesa Fernandez Guerra, Zinebiko zuzendaria, nekatuta baina pozarren azaldu da Zinebiren sariak jakinarazteko eman den prentsaurrekoaren ostean. Alde batetik, ‘North Pole’ bezalako lanak Bilbora ekartzeko apustu garbia egin baita zinema jaialditik: «Gu film labur eta dokumental onenak ekartzen saiatzen gara, eta horregatik Cannesen, Berlinalen, Rotterdamen eta Montecarlon aurkeztutako film laburrik onenak Zinebin estreinatzen ditugu, Estatu espainiarrean hemen estreinatzen baitira».
Ikusleen aldetik ere, oraindik zenbakirik eman ezin den arren, sentsazio onak ditu zuzendariak: «Egiaztatu dugulako jendeak berriz itzuli nahi zuela zinema aretoetara, eta era berean antolatutako topaketetan parte hartu nahi izan dute: zinemagile mexikarrekin, Margarethe Von Trottarekin... esan dezaket erabat bete direla aretoak. Oso pozik gaude, egiaztatu egin delako jaialdiak presentzialak behar direla izan».
«Euskal zinemak izan duen ‘tiroia’ nabarmentzekoa da ere», aipatu du era berean. «Kanpotik jende asko etorri da, industriarekin antolatutako elkarguneak arrakasta izan du, epai mahaikideak pozik... beraz, ni ere pozik», gaineratu du.
Nazioarteko palmaresa eta euskal uzta
Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako palmaresa Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia, ‘Azaletik azalera’ animazioak lortuta (Mel Arranz, 2021) eta Estatu espainiarreko Film Labur Onenaren saria, nazioarteko epaimahaiak ‘Descartes’ dokumentalari emandakoa (Concha Barquero & Alejandro Alvarado, 2021) osatzen dute.
Guztira, 55 film labur (18 fikzio, 18 dokumental eta 19 animazio) lehiatu dira Zinebiren edizio honetan, eta Mikeldi sariak ere banatu dira generoka: ‘Inherent’ (Nicolai G. H. Jacobsen, 2021) Danimarkako produkzioak fikziozko film labur onenaren Mikeldia jaso du, ‘Crumbs of Life’ (Katarzyna Miechowicz, 2020) Poloniako filmak animaziozko film labur onenarena eta ‘Some Kind of Intimacy’ (Toby Bull, 2021) britainiar-frantses koprodukzioak film labur dokumental onenarena.
Saritutako film laburren izenak atal honetako epaimahaiko kideek iragarri dituzte. Aurten, Isabel Herguera euskal zuzendari eta ekoizleak, Jone Laspiur aktore donostiarrak, James Lattimer programatzaile, kritikari eta zinemagile britainiarrak, Itandehui Jansen zinemagile eta irakasle mexikarrak eta Florencia de Mugica Argentinako ekoizleak osatu dute epaimahaia.
Bestalde, SGAE-Euskadiko Kontseiluak Maider Oleagaren ‘Kinka’ (Euskal Herria, 2021) fikziozko film laburrari Euskadiko Gidoi Onenaren Saria eman dio, 3.000 eurokoa. Film labur honen gidoia Maider Oleaga eta Carlota Peredarena da.
Eta euskal ‘uztari’ dagokionez, beste sari bat: cineclub FASek 2.000 euroko saria eman dio Ainara Elgoibarren ‘Rotor’ (Euskal Herria, 2021) lanari, Bertoko Begiradak sailean lehiatzen diren film laburretako onena izateagatik.
«Rock Bottom Riser», Berlinalen eta Bilbon
Sail Ofizialeko saririk handienari dagokionez —12.000 eurokoa—, ZIFF-Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketako opera prima onenari emandakoa, ‘Rock Bottom Riser’ izan da irabazlea. Ekoizpen estatubatuarra da hau eta Fern Silva zuzendariak Berlinaleko ‘Encounters’ saileko epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen aurten debuteko filmagatik.
Fern Silva ‘Ride Like Lightning, Crash Like Thunder’ film dokumentalarekin lehiatu zen Zinebiko Nazioarteko Film Laburren Lehiaketan 2017an.
Helena Wittman artista eta zinemagile alemaniarrak, Eva Sangiorgi idazle eta programatzaile italiarrak eta Paula Arantzazu Ruiz kritikari, kazetari eta unibertsitateko irakasleak osatu duten epaimahaiak honela deskribatzen du film irabazlea: «Materiaren egoera ezberdinetan zehar nabigazioa, bere denborazkotasunak eta testurak, gizakiaren aztarna biziaren eta naturaren indarkeria ederraren artea».
Epaimahaiko hiru kideek aipamen berezi bat ere eman diote ‘Faya Dayi’ (Etiopia-AEB-Qatar) dokumentalari. Jessica Beshir zuzendari mexikar-etiopiarraren eskutik, «Komunitate baten jarduera produktiboa eta ekonomia bere efektuen mamuekin, ukigarriaren eta oroigarriaren artean, errealitatearen eta bere nahien artean uztartzen dituen lana delako».
UPV/EHUko ZIFF Gazte Epaimahaiaren saria, 2.000 eurokoa, Diego Hernándezen ‘Los fundadores’ (Mexiko, 2021, Fikzioa) filmak jaso du.
EiTB publikoaren saria, 3.000 eurokoa, Diana Cam Van Nguyenren ‘Milý tati’ (‘Love, Dad’), (Txekiar Errepublika - Eslovakia, 2021. Animazioa) laburmetraiarentzat izan da.
Azkenik, Unicef saria Paula Armijoren ‘Écoutez-moi’ (Estatu espainiarra, 2021) film dokumentalarentzako izan da.