NAIZ

Bandera hori batek sailkapena apurtu eta Lewis Hamiltonek eraman du polea Qatarren

Gaslyk izandako istripu batek bandera horia aterarazi du sailkapeneko azken txandan, pilotoen buelta frenatuz eta onuraduna Lewis Hamilton ingelesa izan da, denborarik onena baitzuen ordurako. Bere atzetik, Mundiala irabazteko aurkari zuzena den Verstappen liderra aterako da igandeko lasterketan.

Lewis Hamilton (Mercedes), Qatarreko Sari Nagusirako sailkapenean lehiatzen. (Karim JAAFAR/AFP)
Lewis Hamilton (Mercedes), Qatarreko Sari Nagusirako sailkapenean lehiatzen. (Karim JAAFAR/AFP)

Hiru lasterketa besterik ez dira falta 2021eko 1 Formulako Mundiala amaitzeko. Titulua bi pilotoren artean erabakiko da: Max Verstappen (Red Bull) liderra eta Lewis Hamiltonen artean (Mercedes). Lehenengoak 332.5 puntu dituen bitartean, ingelesak 318.5 ditu. Larunbat honetan Mercedesekoak susto ‘txiki’ bat eman dio herbeheretarrari, bere ibilbideko 102. polea eskuratuz.

Hala, igande honetan korrituko den Qatarreko Sari Nagusiko lasterketan lehen postuan aterako da Hamilton. Hori bai, atzean, bigarren postuan, Verstappen bera egongo da, ingelesaren taldekide Valtteri Bottasen aurretik, hain zuzen ere.

Gaurko sailkapeneko azken txandan, Hamiltonek zorte apur bat ere izan du. Egia da denborarik onena berak egin duela, baina azken bueltan, bere aurkari guztiak denbora hobetzeko korritzen ari zirela, erritmoa jaitsi behar izan dute Pierre Gaslyk (Alpha Tauri) gurpila galdu baitu helmugako zuzenean. Zuzendariek bandera horia atera behar izan dute, ondoren berriro kentzeko, baina denborarik gabe geratu dira denak Hamiltonen marka hobetzeko.

Mercedeseko piloto ingelesaren denbora 1:20.827 izan da eta Verstappenena 1:21.282. Igande honetako lasterketak 57 buelta izango ditu eta guztira 306 kilometro beteko dituzte gidariek.

Qatarreko Sari Nagusiko datu guztiak NAIZeko webgune berezian azter daitezke.