Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Fagor, Ulma eta Danobat, euskara biziberritzeko praktiken laborategi

Lana euskalduntzeko martxan dauden ekimen batzuk jaso ditugu. Ezezagunak dira, baina emaitza nabarmenak eman dituzte. Ulman paketatzeko makinak euskaldundu dituzte, Danobaten produkzioko dokumentazioa euskaraz sortzen dute, eta Fagorren Kontseilu Orokorra arnasbide bilakatu dute.

Ulman paketatzeko makinak euskaldundu dituzte.
Ulman paketatzeko makinak euskaldundu dituzte.

Urriaren amaieran, jardunaldi batean parte hartu zuten Fagor Taldeak, Ulmak eta Danobat Groupek. Laugarren kooperatiba batek, Emunek, antolatutako Internet bidezko topaketa jendetsua izan zen. Aurkezpenean adierazi zutenez, lan mundua euskalduntzeko egiten ari diren ekarpena jendartean ezagutaraztea gakoa da aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Saioak elkar ezagutzea izan zuen xede, baita elkarrizketak sortzea ere, badutelako zer erakutsi.

«Ikasketa eta esperimentazio gune inportanteak» dira. «Salto esanguratsuak» egin dituzte eta euren praktikak eredutzat har daitezke mundu mailan.

Fagorreko Leire Okarantzak azaldu duenez, orain arte ez dute tarterik hartu ekimen hauek partekatzeko eta «aberatsa» izan da ezagutzea. «Segur aski praktika guztiak dira norberaren etxera ekartzeko modukoak, egokituz betiere».

Mugitzeko deia

«Askotan ez gara ohartzen gure lantokitik kanpo zer egiten den. Besteen lana ezagutzeko aukera izan genuen eta babestuta sentitu ginen ez garela bakarrak ikusita», adierazi du Ulmako Maider Larrañagak. Ideia berriak hartu zituzten horien gainean hausnartu eta aurrera egiteko.

Danobateko Peio Beristainentzat ederra litzateke elkarren lana aprobetxatzeko bide bat lortzea. «Hemen inguruko beste enpresa batzuetara joatean jende euskalduna erdaraz entzuteak pena ematen dit. Esfortzu bat eskatzen du, lan bat, ez badugu guk egiten ez digu inork egingo, espabilatu behar dugu denok», egin du dei. Lantegi gehiago dinamika hauetan sartzeko garaia dela aldarrikatu du.

«Muntatzaileak euskaraz jasotzen du makina. Itzuli egin behar du aldatu nahi badu»

Ulma taldeak hainbat sektoretan egiten du lan: petrolioan, eraikuntzan, meategietan... 5.000 langiletik gora eta bederatzi kooperatiba dira eta horietako bat da Ulma Packaging. Maider Larrañaga bertako termoformatu lineako elektronika saileko kidea da. Kontatu duenez, telefonoari so ohartu ziren, Korean egina izan arren, euskaraz erabil zezaketela; aldiz, Oñatin egindako makinak, ez. Horrek bultzatuta, programatzaile eta erabiltzaileak elkarlanean hasi ziren, paketatzeko makinen muntaketaren azken fasean pantailetan euskaraz lan egiteko aukera sortzeko. 2.000 mezu inguru euskaratu zituzten. «Hitz teknikoen itzulpen egoki bat topatzea» izan zen zailtasun handiena. «Nola jarriko duzue hori?», galdetzen zieten erabiltzaileek. «Guk beti ‘euskañolezko’ hitz hori esaten dugu». «Bai bai, baina helburua da gaztelaniaz esaten dugun hitz hori euskaraz erabiltzen hastea». Sareko hiztegi teknikoek asko lagundu zieten, eta ohartu ziren uste baino gaztelania gehiago erabiltzen zutela ustez euskaraz ari zirenean ere: “Avancea”, “vacioa”... Teknologia euskaraz erabil daitekeela eta horretarako gai direla ikasi zuten, «ohiturak aldatzea kosta» arren.

Parametro gehienak ikono bidez adierazten dituzte; alarma mezu asko daude, ordea. «Gogotsu hasten zara, ‘gaur ehun mezu itzuli ditut’. Hurrengoan mezu batekin blokeatzen zara, ezinean, etsita. Kostata baina lortu genuen». Gaur egun makinak euskaraz daki, baina etengabe garatzen doa eta mezuak eguneratu behar dituzte.

Larrañagak agertu duenez, euskarazko hitz asko, berez existitzen direnak, ez dira ikasten. «Gailu elektronikoen izenak eta beste gauza batzuk ikasketetatik datoz. Baina gure makinen hizkuntza lanean ikasten da. Lan mundura sartzen zarenean negozio bakoitzak bere hiztegi espezifikoa dauka eta hori euskaraz ikastea komeni da. Langile berriei hasieratik hala erakusten diegu. Hiztegi berria euskaraz ikasten bada, gero lan bat gutxiago».

Gaur da eguna makina %100 euskaraz erabiltzen ahal dena, eta langile askok hautu hori egiten dute. «Langile gehienak euskal hiztunak dira eta horrek asko laguntzen du. Hasierako hitz berezi eta arrotz horiek euskaraz ikasita etortzen badira, errazagoa da. Mezua ikusi eta ‘zer jartzen du?’ galdetu dezakete. Hasieran esfortzu txiki bat egin behar dute, baina gero ohitzen dira». Elektronika saileko kidearen iritziz, beti posible da ohitura aldatzea, «gogoa jartzea» da kontua.

Bukaerako muntatzaileak makina euskaraz jasotzen du. Gaztelaniaz nahi badu, itzultzeko lana egin behar du. Alderantziz balitz, badakite ez lukeela euskaratzeko lanik hartuko. «Gako bat da hori. Langileak ulertzen badu ez du hizkuntza aldatuko. Ongi ulertzeko zailtasunak dituena ere saiatuko da tope egin arte, eta, ezin badu, orduan aldatuko du gaztelaniara». Ezusteak hartu dituzte, euskal hiztunak ez diren batzuek makinak euskaraz erabiltzen dituztelako, mezuen esanahiak ikasita.

«Ahalegintzen den bakarra ez da ulermena ez daukana. Euskaraldiaren ariketa da»

2021eko Abbadia Saria jasotzea errekonozimendu bat izan da Fagor Taldearentzat. «Urte askoan pertsona askok euskararen alde egindako lanari eta hartutako erabakiei aitortza bat», Leire Okarantza Euskara koordinatzailearen hitzetan. Talde zabala dira, zortzi kooperatibak eta ia 5.000 pertsonak osatua. Euren jarduera anitza da, automozioa, makina erreminta, sukalde industrialak eta elektronika hartzen ditu barnean, besteak beste.

Duela urtebete “Kontseilu Orokorra Arnasbide” praktika jarri zuten abian. Administrazio organo nagusia da Kontseilu Orokorra. Bertan elkartzen dira kooperatibetako ordezkariak. Batzorde horrek euskara hutsean funtzionatu izan du urte dezentetan, baina 2020an gertatu zen kide batek ez zekiela euskaraz. Aldibereko itzulpena baliatzen hasi ziren orduan. «Gure batzar nagusietan urte askoan erabili izan dugu. Hauetan partaide bakoitzaren hitzaldiak ondo prestatuta daude eta itzulpena modu antolatuagoan egin daiteke. Kontseilu Orokorra ezberdina da. Edukiak ez daude guztiz antolatuta, eta parte hartzeak ugariak dira».

Pandemiaren hasieran ekin zioten praktikari eta horrek aldibereko itzulpena kanpotik prestatzea eskatu zien. Lagungarri izan zen. «Bai ala bai behar genuen ‘online’ kanal bat bi hizkuntzatan. Horrek ahalbidetu zuen kide guztiek euskaraz segitzea eta pertsona honek, aldibereko itzulpenaren bidez, edukiak gaztelaniaz jasotzea».

Itzultzaileek jarraibide batzuk eman zizkieten: hitza txandaka hartu, hitzaldi motzak erabili, esaldiak bukatu… Bilera egiteko modua bera egokitu zuten, eta horretan dabiltza oraindik.

Aurrez aurreko bilerak egiten hasi dira, baina itzultzaileak telematikoki jarraitzen du saioa. Ordenagailu bat dute konektatuta bilerako edukiak har ditzan, eta gaztelaniazko kanaletik igortzen du itzulpena. Ulermen maila mugatua duen lagunak gaztelaniaz hartzen du hitza eta «balorazioa oso ona da gainontzeko kide guztiek euskarazko parte hartzeari eusten diotelako».

«Aldibereko itzulpenaren erabilera berri bat» deskubritu dute. «Beste ikasketa bat da baliabide honek funtzionatu ahal izateko esfortzua egiten duen bakarra ez dela ulermen maila ez daukana. Euskaraldiaren eta elkarrizketa elebidunen ariketa berbera da. Euskaldunok beregana zuzentzeko dugun moduak sekulako eragina dauka. Nire euskalkian hitz egiten badut, esaldiak bukatu gabe, ulermena asko murrizten da». Lagun hau euskara eskolak jasotzen dabil, “Ulerrizketa” saioetan, eta hurrengo urratsa litzateke bileretan itzulpenik gabe edukiak euskaraz jasotzea.

«Kate bat denez, inportantea da lanak euskaraz hastea»

Danobat Group makina erremintan eta fabrikazio aurreratuan espezializatutako industria taldea da. Guztira 1.300 langile eta zazpi kooperatiba dira, tartean Goimek. Bertako programatzailea da Peio Beristain. Produkzioko dokumentazioa euskaraz sortzen du beste bost kiderekin batera. 30 langile daude zuzenean makinetan lanean, eta egunero jasotzen dute dokumentazio hori. «Zorte puntu bat» izan zutela esplikatu digu Beristainek, 2016an lana hobetzen hasi zirenean Mondragon Unibertsitatetik gazte bat joan zitzaielako karrera amaierako proiektua egitera. «Homogeneizazioa, inbentarioa… dena euskaraz egiten hasi zen. Guk parte bat egiten genuen, eta sekulako bultzada eman zion. Ohitura bat sortu da, inguru bat euskaraz egiten duena». Makinetako langileei informazioa euskaraz iristen zaienez, intzidentziak eta oharrak transmititu behar dituztenean ere hala egiten dute. Lehen pausoa erreminta taula da. Hortik aurrerakoa kate bat da: dokumentu batek bestea ekartzen du. Horregatik, «garrantzitsua da lan batzuk, epe luze batean geldituko direnak behintzat, euskaraz hastea, gero hala segitzeko».

Langileek gutxieneko ezagutza bat izatea ere funtsezkoa da. Beristainek urte asko daramatza Euskara Batzordean. «Lan asko egiten dugu, gauzak lortzen ditugu, baina pertsona konkretu batzuek ez badute euskaraz ulertzen dena goitik behera erortzen zaigu. Goimeken ehuneko txiki bat dago ulermenik ez duena eta horiei euskaraz idazten zaie ‘email’ orokorretan. Esfortzu bat eginez Interneteko itzultzaileekin moldatzen dira eta ez dute oztoporik jartzen».

Sarri egunerokotasunak jaten ditu. «Gauzak azkar eta ondo egin nahi izaten ditugu eta beti ez da erraza. Suertez Itziarren gaude, inguru euskaldunean eta langileak nahiko sentsibilizatuta daude. Jende gaztea da eta gehienak alfabetatuta daude».

Hori guztia lagungarri da, baina horren gainean lan egin behar da. «Danobat taldeak euskararekiko apustu inportante bat egina du eta baliabideak jartzen ditu. Gutxieneko ezagutza eskatzen zaie langile berriei, bai edo bai ulertu behar dute, eta, hitz egiteko trebetasunik ez badute, baliabideak jartzen zaizkie ikasteko». Ofizialki aurten onartu dute kontratazio politika hori, baina aurretik ere bide bera jarraitzen zuten. Euskararik gabe Goimeken lekua egitea zaila dela dio Beristainek, ez bakarrik arlo profesionalean, pertsonalean ere bai. «Gu euskaraz bizi gara hemen».

Etorkizunera begira, hitz teknikoak landu eta egoki erabiltzea eta euskaraz lan egiteko ohitura produkziotik beste sail batzuetara hedatzea dituzte erronken artean.