Jon Ormazabal

Garaipen erosoak eskuratu dituzte Laso-Imazek eta Irribarria-Rezustak Binakakoan

Labriten bikote urdinak ez die aukerarik eman Urrutikoetxea-Arangureni (9-22) eta Altuna-Martijak ezer gutxi egin ahal izan dute 2017ko txapeldunen abiaduraren aurka Bartzelonako pilotaleku bereziki azkarrean.

Eroso eta eraginkor aritu da Unai Laso Binakako hasiera honetan. (Iñigo URIZ/FOKU)
Eroso eta eraginkor aritu da Unai Laso Binakako hasiera honetan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Lau eta Erdiko final gogoratua amaitu zenetik aste bat bete ez denean, lehiaketara itzuli behar izan dute Jokin Altuna eta Unai Lasok eta Binakakoaren hasieran gauzak oso desberdinak izan dira amezketarrarentzat eta Bizkarreta-Gerendaingoarentzat. Final estu eta ezin oreatuagoaren ostean, partida motz eta azkarrak izan dituzte biek ere, oso emaitza desberdinekin; Ander Imazek lagunduta 9-22 nagusitu da nafarra Urrutikoetxea-Arangurenen aurka Labriten eta Bartzelonan aldiz, kaiolako txapeldunak eta Martijak ezer gutxi egin ahal izan dute Irribarria-Rezustaren abiaduraren aurka Bartzelonan.

Kolore bakarreko partidak izan dira gaurko biak. Iruñean, hasiera-hasieratik hartu dute aldea Unai Laso eta Ander Imazek, bakoitza bere eremuan parean izan dituzten arerioak baino askoz hobeak izanda. Igandean kolpea jaso bazuen ere, sasoiko heldu dio Unai Lasok Binakako txapelketa honi eta partidari beste abiadura bat eman dio jokoan sartzeko aukera izan duen bakoitzean. Errematean ere dotore aritu da eta hori gutxi balitz, atzean izan duen Ander Imaz ere Aranguren baino gehiago izan dan atzean, ia une oro arerioa dominatu eta bere aurrelariari aukera sortuz.

Mikel Urrutikoetxeak jokatzeko zegoela zirudien arren, beti maldan gora aritu behar izan du eta partida oso azkar hausti da (3-10) erreakziorako inolako aukerarik gabe.

Hasieratik oso urdin

Eta Labritekoa segituan apurtu bada, zer esan Bartzelonakoaz. Pilotaleku bereziki bizkorra da Vall d'Hebronekoa, lurrak apenas uzten du defentsan erreakzionatzeko aukerarik eta bertan Irribarria eta Rezustak pilotari ezarri dioten abiadura erabakigarria izan da. Oso entxufatuta sartu da kantxara 2017ko bikote txapelduna eta oso hotz Altuna-Martijak osatutakoa eta bigarren hauek konturatzerako 9-0 ihes egina zien partidak.

Rezustak asko eman dio atzean, zuloak ireki ditu eta aurrean Irribarriak zuku handia atera dio bere bolea indartsuari eta erraz xamar lortu dute lehen puntua.

FITXA TEKNIKOAK:

Iruñean:

Urrutikoetxea-Aranguren: 9

Laso-Imaz: 22

Pilotakadak: 382. Iraupena: 49,31 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-6, 3-6, 3-10, 4-10, 4-13, 6-13, 6-14, 7-14, 7-19, 9-19, 9-22. Sakeak: 2 Lasok. Tantoak: 4 Urrutikoetxeak, 0 Arangurenek, 9 Lasok eta 3 Imazek. Hutsak: 4 Urrutikoetxeak, 4 Arangurenek, 4 Lasok eta 1 Imazek. Gorabeherak: Sarrera erdia Iruñeko Labriten.

Bartzelonan:

Altuna III.a-Martija: 11

Irribarria-Rezusta: 22

Pilotakadak: 492. Iraupena: 53 minutu. Markagailua: 0-9, 1-9, 1-10, 2-10, 2-13, 4-13, 4-14, 9-14, 9-16, 10-16, 10-21, 11-21, 11-22. Sakeak: 3 Altuna III.ak eta 2 Irribarriak. Tantoak: 6 Altuna III.ak, 0 Martijak, 11 Irribarriak eta 3 Rezustak. Hutsak: 4 Altuna III.ak, 2 Martijak, 1 Irribarriak eta 1 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera polita Bartzelonako Vall d'Hebron pilotalekuan.