NAIZ

EAEko ostalari elkarteek covid pasaportea beste esparru batzuetara zabaltzearen alde egin dute

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalari elkarteek zalantzak dituzte covid pasaportearen eraginkortasunaren inguruan. Hala ere, pandemiaren goranzko joera geldiarazten laguntzen badu, «ongietorria» izanen dela nabarmendu dute eta, kasu horretan, kirol edo kultur arloko esparruetara zabaltzeko beharra.

EAEko Auzitegi Nagusiak bihar erabakiko du covid pasaportearen inguruan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
EAEko Auzitegi Nagusiak bihar erabakiko du covid pasaportearen inguruan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak astelehen honetan erabakiko du jatetxeetan eta gaueko aisialdiko jarduera jakin batzuetan (kontzertuak barne) covid pasaportea derrigorrezkoa den, eta ostalariek neurri hori beste esparru batzuetara, hala nola kirol-ekitaldietara eta txokoetara, zabaltzearen alde egingo dute.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, 50 mahaikide baino gehiagorentzako lekua duten jatetxeetan sartzeko derrigortasuna planteatzen da, baita diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizundun dantzalekuetan, musika-tabernetan eta karaokeetan ere. Pub eta taberna berezietan (gaueko ordutegikoak) 22:00etatik aurrera eskatuko da.

Lakuak EAEko Fiskaltzaren abala du, eta ziurtagiria nahitaezkoa izatea nahi du 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 150 kasutik gorakoa denean. Ziurtagiria Osasun Sailaren webgunean eta Zuzeneanen bulegoetan eskura daiteke, aldez aurretik hitzordua eskatuta, eta hiru egoera egiaztatzen ditu: pertsona txertatuta dagoela, gaixotasunetik sendatu dela (kasu honetan 6 hilabeteko baliozkotasuna du) edo antigenoen test batean negatibo eman duela aurreko 48 orduetan edo PCR batean aurreko 72 orduetan.

Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerenteak aitortu du horrek «lan gehigarria» ekarriko lukeela, baina covid paseak pandemiaren goranzko joera geldiarazten laguntzen badu, «ongietorria» izanen dela.

Bizkaiko ostalariek, bere hitzetan, pasaportea «ez dute gaizki ikusten», baina «komenigarritzatç jotzen dute kultura eta kirol esparrura zabaltzea, baita txokoetara eta enpresako jantokietara ere. Ildo horretan, Sanchezek argudiatu du «Athletic ikusteko txertoa jarrita egon behar dela jakiteak txertaketa sustatuko lukeela».

Ildo beretik, Kino Martínez Gipuzkoako Ostalaritzako idazkari nagusiak bere harridura adierazi du pasaportea ez delako derrigorrezkoa izango museoetan, kultur ekitaldietan eta kongresuetan, besteak beste, eta deitoratu du gaur egun duen ikusmoldea «oso partziala» dela eta «sektorea estigmatizatzen» duela.

Martinez Alemaniako eredua jarraitzearen aldekoa da; izan ere, ziurtagiria beharrezkoa da garraio publikoa erabiltzeko edo lanera joateko, eta pandemian sektorearen lankidetza agindu du.

Araban, aldiz, ez dira ziurtagiriaren hain aldekoak. Juan Carlos Antolinek, SEA Arabako patronaleko Ostalaritzako lehendakariordeak, adierazi duenez, «teoria erraza da, baina praktikara eramatea zailagoa da», eta paradoxak ere aipatu ditu, pertsona bat barrara sartu ahal izatea bezala, baina ez establezimendu bereko jantokira, 50 lagunentzako lekua badu.

Gainera, zalantzan jarri du «bezeroei covid pasaportea eskatzeko erantzukizuna ez dagokiela» sektore bateko lokalen arduradunei. Nolanahi ere, Antolin bat dator Bizkaiko lankideekin covid pasaporteak «murrizketa gehiago egon ez daitezen eta berriro itxi ez gaitzaten laguntzen badu, ongi etorria izan dadila» esatean.