NAIZ

Paper hondakinen kudeaketarako plantari lotutako alegazioak jarri ditu Bergarak

Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Bergarako Larramendi poligonoan paper-industriaren hondakinen tratamendurako ezarri nahi duen plantaren inguruan alegazioak aurkeztu ditu gipuzkoar Udalak.

Representantes de la empresa Fichtner, que el Ayuntamiento contrató, en pantalla y del Consistorio de Bergara en la mesa. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Representantes de la empresa Fichtner, que el Ayuntamiento contrató, en pantalla y del Consistorio de Bergara en la mesa. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Bergarako Udalak Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Larramendi poligonoan paper-industriaren hondakinen tratamendurako ezarri nahi duen plantaren inguruan alegazioak aurkeztu ditu astelehen honetan Lakuako Gobernuan.

Udalak, azaroaren 10ean herritarrekin egin zuen bilera irekian aurreratu zituen alegazioen nondik norakoak, eta publiko egingo zituela esan zuen, herritarrek nahi izatekotan alegazioetarako eredua izan dezaten. Hilaren 29an amaituko da horretarako epea.

Ohar baten bitartez azaldu duenez, alegazioak hirigintzari eta ingurumenari lotutakoak dira. «Laburbilduz, eta hirigintzari dagokionez, indarrean dagoen Plan Orokorrak ez du jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegitura erabilera, eta beraz, ez dago Larramendi industrialdeko H partzelan onartuta», dio Bergarako Udalak.

Bestetik, hondakinen kudeaketaren erabilera ere ez dela bateragarria salatu du, «erabilera osagarri bezala onartuta dagoelako, baina ez erabilera nagusi bezala».

Ingurumenari dagokionez ere alegazioak jarri ditu gipuzkoar udalak, «kontuan harturik zuhurtziaren eta kautela-ekintzaren printzipioa eta proiektu teknikoaren kaudimenari buruzko berme teknikoen gabezia, horrek gomendatzen du jarduera ez baimentzea, gertuan baitaude etxebizitzak eta bizitegi-auzoak».

Bergarako Udalak hasieratik azaldu du kezka Valogreenen proiektuarekin. Txosten bat eskatu zuen eta, jaso ondoren, planta hori Larramendin kokatzeko baldintzarik ez dagoela ondorioztatu zuen, ez osasunaren aldetik ezta ingurumenari dagokionez ere. Azkenean, Udalak baliorik gabe utzi zuen Valogreene enpresari Larramendi poligonorako emandako hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena.

Lakuako Gobernuak, bere aldetik, proiektuari babesa erakutsi dio, nahiz eta onartu duen oraingoz ez duela ingurumen baimenik.

Azaroaren amaieran, hainbat herritarek proiektuaren aurkako mobilizazioa egin zuten.