«Ziur asko ez da izango guk nahi izango genukeen Azoka, beste behin ere osasun egoerak baldintzatuta datorrelako, halabeharrez. Hala eta guztiz ere, baikortasunez eta arduraz erantzungo diogu egoerari, Durangoko Azoka kulturzale guztion topagune bihurtu dadin abenduaren 3tik 7ra online, eta 4tik 8ra aurrez aurre». Beñat Gaztelurrutiak, Azokako kudeatzaileak, hitz hauekin laburbildu du astebete barru egingo den edizioaren egoera.
Garai ‘mugikor’ honetan aurrez aurreko Azoka berreskuratzearen alde egindako apustu irmoak azken bost hilebeteotan hainbat buruhauste eragin baitie antolatzaileei. Komunikabideon galderak ere, ostegun honetan egin den aurkezpenean, osasun segurtasun neurrietan jarri dute fokua.
Azokak berak dituen bi ezaugarri propiotan oinarritu ditu Gaztelurrutiak: lehena, «kultura ikusgarri eta ukigarri egiten duen ekimen masibo bat da, euskal kultura bizirik dagoen froga»; bigarrena, «ekimen kolektiboa da, komunitate ireki baten afirmazioa eta, era berean, gonbidapena egiten diona gizarteari bertaratu dadin».
Lana hirukoiztu egin zaiei Gerediaga elkartekoei pandemiaren gorabeherekin. Iazko erronka online denda martxan jartzea izan zen, eta horretarako laguntzaile boluntario sare handi bat martxan jarri ahal izan zuten; aurten denda mantentzeaz gain, bi gune nagusietarako erreserba sistema kudeatu beharko dute. Online dendari dagokionez, aldaketa batzuekin dator antolakuntzaren aldetik: erakusmahaietan egunean zehar egin diren erosketak jasoko dituztela iluntzean, eta orduan bidalketak martxan jarriko dituzte. «Agian standak goizean zabaltzen dituztenean Landako bertan aurkituko gaituzte», aipatu du umorez Gaztelurrutiak.
Azokara joateko zer egin behar dugu?
Ohiko itxura berreskuratzeko bidean dagoen arren –219 erakusmahai egongo dira–, Landako Gunearen aforoa oso baldintzatuta dago pandemiaren aurrean hartutako neurriekin. Esaterako, ohiko egoeran 3.400 lagunentzat aforoa duen arren, egun 1.200ena du. Biderketa egina, argi gelditzen da bisitarien kopuruaren erabateko murrizketa.
Beraz, bost txanda izango dira barnera sartzeko, 1.200 lagunenak bakoitzean. Ordu eta erdiko bisitaren ostean, gunea hustuko da ordu erdiz.
Zer egin behar dugu Azokara joateko? Azokaren web orrialdean, astelehenetik aurrera –hurrengo egunetan finkatuko dute zehazki zein ordutik aurrera–, ordua eskatzen has gaitezke. Eskaera bakoitzean lau txartel eskatu daitezke, baina horrek ez du esan nahi txartel gehiago ezin denik eskuratu, nahi beste eskaera egin daitezkeelako.
Web orrialdeak emaila bidaliko digu txartela eskuratu dugula egiaztatzeko. Gerediagatik arduraz jokatzeko eskatu diete, era berean, bisitariei. Bisita bertan behera edo beste ordu bat eskatzeko asmoa dutenei, behin txartela hartuta, mezu elektroniko bat igorri beharko dute Azokara, horren berri emateko. Aforoaren murrizketagatik joan nahi duen beste bati tokirik gabe ez uzteko, batez ere.
Txanda bakoitza Landako gunera sartu beharreko unean seguruenik sortuko diren ilaretan «arduraz» jokatzeko eskatu dute, era berean, Gerediagakoek. Ilaran musukoa behar da eraman –distantzia bermatu behar ezin den egoera guztietan bezala– eta, behin Azokako guneetatik ateratzean, Durangoko herrian ere «arduraz jokatzeko eskatzen diegu guztiei».
Plateruenako kontzertuei dagokienez, funtzionamentua antzeko izango da. Aforoa murritzagoa da hemen (410 lagun), baina zutik eta mugimenduan dauden guneentzat ezarritako osasun neurriek kontrola zorrotzagoa eskatzen dutenez, kontzertuetara joan nahi dutenek txartela eskuratu beharko dute ere Azokaren webgunean.
«Baina txandarik gabe ezin izango da bi gune hauetan sartu», azpimarratu dute. Gainerako guneetan ez da sistema hori ezarriko. Aulkiak bete ahala, eta aforoa osatu denean, ateak itxiko dira.
Eskaintza oparoa
Erronkaz beteriko datorren Azoka izango da hau, Azoka bakar batean bi batuko direlako: aurrez aurrekoa eta online. Streaming bidez, Azokaren webgunean Landako Gunean eta Platerunean egingo diren kontzertu eta aurkezpenak jarraituko ahal izango dira bi kanaletan.
Aurrez aurrekoari dagokionez, normaltasunaren bidean dagoela ematen du. Ikasleen egunari dagokionez izan ezik –abenduaren 3an behar zuen izan, baina bertan behera utzi da–, gainerako guneak bere betiko martxara itzuliko dira.
«Jabetzen gara Azokan erakusmahaia jarriko duten askok ahalegin handia egin behar izan dutela Durangora etortzeko. Erakutsi duten jarrera txalotzekoa eta eskertzekoa da», aipatu du kudeatzaileak. Guztira, 165 parte-hartzaile izango ditu Durangoko Azokako 56. edizioak: argitaletxeak, diskoetxeak, kultur elkarteak, erakundeak, banatzaileak... Horietatik 17 autoekoizleak, 10 Durangaldekoak eta 28 lehenengo aldiz stand bat jarriko dutenak.
Azokaren aurretik, abenduaren 1etik 4ra, Durangoko espazio desberdinetan ‘Da! Pro’ egitasmoa burutuko da; hau da, sortzaileak eta kultur sektoreko profesionalak harremanetan jartzeko topagunearen hasiera.
Eta abenduaren 4tik 8ra, herriko gune desberdinetan diziplina askotariko egitaraua antolatu du Azokak. Edizio honetan bueltatuko dira Szenatokia, Irudienea, Kabi@a, Ahotsenea, Saguganbara, Azoka Telebista eta Talaia izeneko gune berria, Areto Nagusiaren lekukoa hartuko duena.
Bi nobedaderekin baitator Azoka: Talaia izeneko atal berria –Azokako «altxorrak» batuko dituena– eta Bartolome Ertzilla Musika Eskola gunea. Ahotsenearako hainbeste eskaera jaso dituztenez, Musika Eskola gehitu behar izan diote Azokaren «paisaiari».