NAIZ

Txertoek 470.000 bizitza salbatu dituzte Europan 60 urtetik gorakoen artean, OMEren arabera

Covid-19aren aurkako txertoek 60 urtetik gorako 470.000 pertsonen bizitza salbatu dute Europan, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ostegun honetan plazaratutako ikerketa baten arabera.

Emakume bat, covid-19aren aurkako txertoa jasotzen, Iruñean. (Eduardo SANZ/EUROPA PRESS)
Emakume bat, covid-19aren aurkako txertoa jasotzen, Iruñean. (Eduardo SANZ/EUROPA PRESS)

OMEk argitaratutako txostena 33 herrialdetan bildutako datuen azterketan oinarritzen da, besteak beste, espainiar eta frantziar estatuetan, Portugalen, Britainia Handian, Italian, Suedian, Austrian eta Polonian. Ez du jasotzen, ordea, 60 urtetik beherako jendeari txertoa jartzeagatik edo txertoek birusaren transmisioa murriztean zeharkako efektuagatik salbatutako bizitzen inguruko kalkulurik.

Aipatutako zifra hori, 470.000 bizitzena, herrialde horietan txertorik gabe gertatutako 60 urtetik gorako helduen arteko heriotzen kopurua kontabilizatzetik ateratzen da. Astean asteko zenbaketa erabiltzen dute erreferentzia gisa eta zenbatespenen eta kopuru errealaren arteko aldea kalkulatu dute, 2020ko abendutik aurtengo azarora.

«Covid-19ak biktima kopuru ikaragarria eragin du gure eskualdean, baina orain esan dezakegu txertoak pandemia hau geldiarazteko tresna gisa erabili gabe askoz ere jende gehiago hilko zela», adierazi du, ohar batean, Hans Kluge OME-Europako zuzendariak.

Klugek «zientzia modernoaren miraritzat» jo ditu txertoak, hitzematen zutena lortu baitute, bizitzak salbatu eta gaixotasun larriaren aurkako babes handia eskaini, herrialde batzuetan hildakoen kopurua bikoitza izango litzatekeela gogoraraziz.

Azterketak, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroarekin (ECDC) batera egin denak, nabarmentzen du 60 urtetik gorakoen txertoen estaldura asko aldatzen dela herrialde horietan, %20tik %100era.

Ikerketaren arabera, txertoa jartzen azkarren hasi ziren herrialdeetan eta 60 urtetik gorako pertsona gehien immunizatu dituen horietan salbatu dela pertsona gehien; beste herrialde batzuetan, berriz, immunizazioaren eragina mugatua izan zen, prozesua motelagoa izan zelako edo bestelako erremedio batzuk aplikatu zirelako.

«Herrialde batzuetan, txertaketa-indize baxuen ondorioak gainezaka egindako osasun-sistemetan eta heriotza-tasa altuetan islatzen ari dira. Immunizazio-arrakalak ixteko eskatzen diegu herrialdeei, batez ere pertsona ahulenei dagokionean», adierazi du ECDCko zuzendari Andrea Ammonek.

OMEk gogorarazi du txertoak tresna multzo baten parte direla eta, berez, ez dutela osasun-krisi honekin amaituko; beraz, beste neurri batzuk ere hartu behar dira, besteak beste, barrualdeetarako maskarak, distantzia fisikoa, eskuen higienea eta aireztapena.

«Pandemia amaitu arte, herrialdeek osasun publikoko neurri sendoak izan behar dituzte, hala nola doako testak, transmisio-kateak hausteko kontaktuen bilaketa eta lehentasunezko taldeetako pertsonek premiazko txertoa hartzea», ohartarazi du OMEk.