NAIZ

Nafarroa Arenan jokatuko da Buruz Buruko Txapelketako finala lehen aldiz

Maiatzaren 29an jokatuko da Buruz Buruko Txapelketako finala eta antolatzaileek adierazi dute ez dela atzerapenik onartuko. Berritasun handi gisara, finalaren kokapena izango da, lehen aldiz Nafarroa Arenan jokatuko baita. 

Alde guztiek ostiral honetan sinatu dute akordioa Nafarroa Arenan bertan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Alde guztiek ostiral honetan sinatu dute akordioa Nafarroa Arenan bertan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroa Arena ari da toki bat egiten Euskal Herriko zenbait ekitaldiren egoitza moduan. Duela hilabete bat iragarri zuten 2022ko Bertsolari Txapelketa nagusiko finala hartuko zuela eta ostiral honetan konfirmatu dute Buruz Buruko finala ere hartuko duela hurrengo urtean, lehen aldiz. 

Finala maiatzaren 29rako programatu dute eta Esku Pilotako Enpresen Ligak (EPEL) adierazi dute ez dutela atzerapenik onartuko. Akordio hau Nafarroa Arena kudeatzen duen NICDO sozietate publikoarekin itxi du EPEL-ek. Final honez gain, hurrengo urteko Masters txapelketako bi finalerdiak (irailaren 30ean) eta finala (urriaren 2an) ere hartuko ditu Iruñeako pilotalekuak. 

Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura eta Kiroleko sailburuak hitz batzuk esan ditu akordioa iragarri duten aurkezpenean. «Buruz buruko final hau jasotzeko aukera izatea oso atsegingarria da, pilotari zein pilotazaleengan sekulako grina pizten baitu hitzordu honek. Nafarroan ere zaletasun handia dago eta oraingo honetan, etxean bizitzeko aukera izango dute», adierazi du. 

ASPE enpresako zuzendari komertzial Inaxio Errandonea ere aurkezpenean izan da eta onartu du «pilotarentzat, oro har, oso albiste ona dela beste frontoi batzuk ere finaletarako irekitzea, orain arte finalak Gasteiz, Donostia edo Bilbon jokatu baitira». «Nafarra naizen aldetik, gainera, ohorea da esku pilotan egon daitekeen finalik prestigiotsuena nire herrialdean jokatzea», gaineratu du. 

Baiko enpresako zuzendari Unai Iglesiasek esan du finala Nafarroan jokatzea «berezia» izango dela, pilotari nafar askok irabazi baitute Buruz Burukoa. 

NICDO enpresako gerente Mocho Urdainek «eskertza» adierazi nahi izan die EPEL zein Nafarroako Gobernuari Buruz Buruko finala Nafarroa Arenara ekartzeko erakutsitako prestutasunagatik: «Hitzordu garrantzitsu hau hemen jokatzeak gainontzeko ekitaldiak erakartzeko ere baliagarri izan daiteke, Masterseko finalerdi eta finala, kasu». 

3.000 eserleku

Nafarroa Arenako pabilioia 2018ko azaroan inauguratu zen eta Masterseko finala jokatu zen egun hartan. Pabilioiak 3.000 eserleku ditu eta egun hartan, guztia bete zen. Orduan argi geratu zen finalak hartzeko gaitasuna zeukala eta urte hartan zein 2019an Lau eta Erdiko finalak hartu zituen. Horrez gain, aurtengo uztailean, lehendabiziko emakumezkoen Nafarroako txapelketako finala ere jokatu zen.

Aipatu akordioaren iragarpenean, Miguel Angel Pozueta Nafarroako Kirol Institutuko zuzendaria eta Javier Conde Nafarroako Esku Pilota Federazioko ordezkaria ere egon dira.