Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Egoera eta beharrak aurkaria baino garrantzitsuagoak dira Amorebietarentzat

Amorebietak Zaragozaren bisita hartuko du igande honetan (16.00), azken bi partidak galdu ondoren. Larrazabalek ezin izango du jokatu, kontratuak eragotzita. Iñigo Velezek neurketa ondo hastearen garrantzia azpimarratu du.

Amorebietak azken jardunaldiotako jokoa hobetu beharko du garaipena eskuratu ahal izateko. (Monika Del Valle/Foku)
Amorebietak azken jardunaldiotako jokoa hobetu beharko du garaipena eskuratu ahal izateko. (Monika Del Valle/Foku)

Amorebieta bi helbururekin itzuliko da igande honetan Lezamara (16.00): hobetu eta irabazi. Bigarrena lortzeko, hiru partida besterik galdu ez dituen Zaragoza gainditu beharko du, baina urdinentzat euren egoera eta beharrak dira garrantzitsuagoak aurkaria baino, Inigo Velez de Mendizabalek azpimarratu duen bezela.

Denbora dauka talde bizkaitarrak mailari eusteko behar diren puntuak eskuratzeko, oraindik 25 jardunaldi, 75 puntu, lehiatu behar baitira. Baina azken aldian beheranzko joerari berrekin ondoren –Valladolideri aise irabazi ostean, Alcorconen berdindu eta Lugoren eta Oviedoren aurka galdu du–, aldeak handitu dira. Bihar jokatuko duen Leganesetik bost puntura dago eta Mirandesek eta Lugok zazpi eta zortzi puntutako abantaila dute dagoeneko. Zulo sakonetako iluntasunak itsutzeko arriskua nabaria da.

Egoerari buelta emateko lehen urratsa, gutxienez, eman dute zornotzarrek, baitakite zeintzuk diren azken aldi honetan hain garesti ordaindu dituzten akatsak eta, beraz, puntuak eskuratzeko egin –edo ez egin– beharrak. Batez ere, konzentrazioa eta intentsitatea hasieratik amaierara arte mantendu, Alcorconen aurka azken minutuetan edo Lugoren aurkako lehenengotan gertatutakoa ez errepikatzeko.

Tartieren ez zuten lortu, lehen zati eskasa eginez eta atsedenaldiaren ondorengo erreakzioa ez zen nahikoa izan aurrekoa konpontzeko. Horregatik, Iñigo Velezek, «partidan ondo sartu behar» direla eta jokalari guztiek «lehiatzeko intentsitate maximoa izan behar» dutela azpimarratu du. «Partidan sartuta egon behar gara hasieratik azken minutura arte» eta «jokaldi guztietan %100eko kontzentrazioa izan». «Aurkariak gola sartzen badu, bere kalitateagatik izan dadila» eta ez Amorebietak berak eskainitako erreztasunengatik.

Kalitatea badauka Zaragozak eta azken aldi honetan agerian uztea lortu du. Bederatzi berdinketa jarraian lortu ondoren, marka guztiak hautsiz, hiru garaipen lotu zituen Aragoiko taldeak, jaitsiera postuetatik ihes eginez eta hainbat urtetan urrutitik begiratu behar izan dituen igoerako postuetara gerturatuz. Izan ere, bien erdibidean dago, azken astean Leganesek bere bolada apurtu zuen arren. Iñigo Velezek aurkari «oso ona» dela eta bera gainditzea «konplikatua» izango dela onartu du baina bere jokalariak «guregan kontzentratu» behar direla adierazi du eta argi dauka «beti bezela, partida irabaztera irtengo» direla.

Aurkariak, edozein kasutan, badauka eragina entrenatzaile arabarraren lanean, Gaizka Larrazabalek ezin izango baitu norgehiagoka jokatu. Zaragozak utzita, kontratuaren ondorioz harmailetatik jarraitu beharko du partida hegaleko bizkaitarrak. Baja nabarmena Iñigorentzat, gehien erabili duen hirugarren futbolaria izateaz gain, azken aldi honetan alternatiba gehiago eman baitizkio entrenatzaileari erasoan jokatuz. Larrarekin batera, Santamaría eta Irazabal lesionatuta geratu dira deialditik kanpo. Seguin itzuli da berriz eta kapitainak hasieratik jokatuko duela aurreikusten da. 

AMOREBIETA
Hasierako hamaikakoa: Marino; Aldalur, Luengo, Arregi, Oscar Gil, Seguín; Olaetxea, Markel Lozano, Iker Bilbao; Unzueta eta Orozko.
Deialdia: Saizar, Ozkoidi, Larru, Obi, Mikel Alvaro, San Jose, Zarra, Amorrortu, Alvaro Peña, Aimar, Etxaburu eta Guru.
Bajak: Santamaria eta Irazabal, min hartuta; eta Larra, kontratoak eragotzita.

ZARAGOZA
Hasierako hamaikakoa: Cristian Alvarez; Fran Gamez, Frances, Jair, Chavarria; Francho, Eguaras, Zapater, Vada; Alvaro Gimenez eta Narvaez.
Deialdia: Raton, Petrovic, Clemente, Adrian, James, Nieto, Yanis, Bermejo, Lluis López, Borja Sainz eta Ivan Azón
Bajak: Vigaray, Dani Lasure eta Nano, min hartuta.

Epailea: De la Fuente Ramos (Gaztela eta Leon).
Zelaia: Lezama.
Ordua: 16.00 (Movistar+LaLiga).