Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak Binakako Txapelketaren ligaxkako bigarren garaipena eskuratu dute Azkoitian, Iker Irribarria eta Beñat Rezusta 22-16 menderatu ondoren. Egungo txapeldunek iaz erakutsitako joko maila bikainari eusten diote aurten eta sailkapenaren buruan kokatu dira, jokatutako bi neurketak irabazita, Laso eta Imazekin berdinduz.
Argi dago bikote honen indarra batez ere atzean dagoela, Zabaletak azken urteotan erakusten duen nagusitasunean, baina orain arte jokatu dituzten bi norgehiagoketan defentsako lanean aritzea ere tokatu zaie, eta horretan ere bikain moldatu dira. Udako partida askotan Etxarrengo atzelariak partidak hasieratik apurtzen zituen arren, aurreneko bi jardunaldi hauetan lan asko egitea tokatu zaie, eta bigarren zatian erabaki dituzte demak fisikoki aurkaria baino osoago iristen direlako azken txanpara.
Lehen erdi ikusgarria
Azkoitiako neurketaren lehen erdi luzea benetan ikusgarria izan da. Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak asko atzeratu dute pilota eta Jose Javier Zabaletari sufritzea egokitu zaio behin baino gehiagotan. Askotan airez jardun behar izan du defentsan eta markagailuan parekotasuna izan da nagusi 14-13kora arte.
Erritmo oso bizian jokatuz, bi atzelariak nabarmendu dira batez ere lehen zati horretan, erasoan nahiz defentsan egin duten lanagatik. Eta bi tanto bikain izan dira horren erakusgarri: 4-1ekoan Zabaleta izan da tantoa ezker airez pilota goxo txokoan utzita amaitu duena, aurrelari lanetan ikusgarri jardun ostean; 6-8koan Rezustak egin du dejada bikaina zabalean, aurrez pilota benetan zailak eraman ondoren.
Eguraldiari aurre egin eta pilotalekura hurbildu diren zaleek asko eskertu dute lau pilotarien lana eta txalo zaparrada handiak entzun dira. Lehenago jokatu duten 1-1ekoa, Elezkanok zabalean amaitu duena 38 pilotakadaren ostean, edota 8-8koa, Zaratamoko aurrelariak horma-bikoz bukatu duena Rezustaren defentsa gaindituz, ere ederrak izan dira benetan.
Urdinen beherakada
Baina aipatu bezala, 14-13ko horretatik aurrera urdinen artean nekea nabaritzen hasi da. Atzean Beñat Rezustak jada ez zion hasieran bezala behartzen Zabaletari, eta aurrean Iker Irribarriaren hutsak iritsi dira, gehitxo 22ra heldu ahal izateko. Danel Elezkanok, aldiz, begia oraindik horituta zuela aurreko jardunaldian jasotako pilotakadaren ondorioz, oso inspiratuta jarraitu du amaierara arte eta horrela ulertu daiteke markagailuak bukaeran erakutsi duen 22-16koa.
«Eustea, horixe izan da gakoa. Beraiek oso jotzaileak dira, lan asko egin behar izan dugu defentsan, eta hor egon da gakoa. Gero amaieran Ikerrek huts batzuk egin ditu eta uste dut hortik joan dela neurketa», aipatu du amaieran Jose Javier Zabaletak, «pozik puntuarengatik eta partida nola joan den ikusita garaipena lortu dugulako».