NAIZ

Irakasleei aitortza egiteko kanpaina abiatu du Lakuak; honela gogoratzen dituzte ikasle ohiek

Erretiroa hartu berri duten eta lanean aurten hasi diren profesionalak alboan jarriz belaunaldi-erreleboa adierazi nahi izan dute ekitaldi batean. Bertan, kanpainaren baitan sortu duten pertsonai ezagunen spota aurkeztu dute, non euren iraskasleak gogoan dituzten.

Anne Igartiburu aurkezleak, Toti Martinez de Lezea idazleak, Axi Muniain surflariak, Pedro Miguel Etxenike fisikariak, Africa Baeta kazetariak eta Andoni Luis Aduriz sukaldariak txikitan izan zituzten irakasleak gogoan izan dituzte Lakuako Gobernuak sortu berri duen spotean. Bideoa gaur Bilbon aurkeztu duten Hezkuntza Sistemako irakasleei aitortza egiteko kanpainari lotuta dago.

Horiek guztiek, haurtzaroko edo nerabezaroko irakasleren batek utzitako arrasto sakona kontatzen dute bideoetan, maitasunez eta esker onez beteriko hitzetan. Urtetan atzera egingo dute, eskola garaira, irakasle haiek transmititu zizkieten balioen testigantza emateko, eta bizitzan zehar lagun izan dituzten irakaspen baliotsuak gogoratzeko. Oraindik ahaztu ez duten irakasle hark nola lagundu zien barnean zekarten ahalmen guztia estimatzen eta ateratzen ere azalduko dute.

Kanpaina honek herritar guztiei gonbita egin nahi die, une batez ariketa bera egin dezaten, familian edo lagunartean, gogora ekarriz zein irakaslek markatu zuen norbera era positiboan.

Euskarazko bertsioan agertzen dira aurkezlea, idazlea eta surflaria.

Igartiburuk gogoan du nola txikia zela euskara ikasteko testu liburu gutxi zeuden, eta Elorrioko ikastolako irakasleek testuak pilatu eta irakurtzen eta idazten ikasteko liburua osatu zutela.

Martinez de Lezeak, berriz, «aurpegi alaieko irakasle zaharra» ekarri du gogora. Literatura maitatzen zuen, gerora idazle ospetsu bilakatuko zen gasteiztarrak bezala.

Muniain bere jarduerarekin zerikusirik ez duen musikako irakasleari buruz mintzatzen da bideoan,. nortasuna izaten irakatsi ziona, eta euskal kultura eta folklorea transmititu zizkiona.

Gaztelerazko bertsioko protagonistak dira kazetaria, ikerlaria eta sukaldaria. Bertan, Baetak bere filosofiako irakasleaz maitemidu zela aitortzen du, eta honi esker konturatu zela idazten ona zela; Luis Adurizek motibatzailea izan zen maisua du gogoan; eta Etxenike, ordea, ikasi zuen irakurtzea eta memoria izatea garrantzitsua dela.

Bilbon egin dutene ekitaldian Hezkuntza Sistemako ordezkariak izan dira: iraskale, familia, ikastetxe publikoetako zuzendariak, itunpeko ikastetxetako patronalak, unibertsitateko zein lanbide heziketako arduradunak, EAEko Eskola Kontseilua edo hezkuntza arloko ordezkaritza politikoa, besteak beste.

Irakasleak izan dira ekitaldiko protagonistak, eta horregatik taldeka oholtzara igotzeko deitzen joan dira. Lehenik erretiroa hartu berri dutenak, eta ikasturte honetak irakasle lanetan hasi direnak ondoren. Zortzi profesionalak oholtzan zirela, belaunaldi-erreleboa eszenifikatu nahi izan dute.