Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Nola izan garen gauza’, fikzio batzuek begirada alda dezakete

Iban Zalduak ‘Gauza’ deitzen dio euskal arazoak bere baitan biltzen duen guztiari. Hortik ‘Nola izan garen gauza, euskal gatazkaren inguruko ipuin (ia) guztiak’ ipuin bildumaren izenburua. Eufemismotik gutxi dute narrazioek, ezin jakin nondik asaldatuko zaituzten.

Itxaro Borda eta Iban Zaldua idazleak, Donostian egindako aurkezpenaren atarian. (Maialen ANDRES / FOKU)
Itxaro Borda eta Iban Zaldua idazleak, Donostian egindako aurkezpenaren atarian. (Maialen ANDRES / FOKU)

Iban Zalduaren ‘Nola izan garen gauza, euskal gatazkaren inguruko ipuin (ia) guztiak’ (Erein) obrak 2018an gaztelaniaz argitaratutako ‘Como si todo hubiera pasado’ du aurrekari. Bertan, idazle donostiarrak euskal gatazkaz idatzitako 42 ipuin jasotzen ziren. Orain, lana osatu eta 60 ipuin bildu ditu, tartean lau berri. Ibon Egañaren hitzaurrea eta Uxue Apaolazaren atzealdeko gonbidapen testua ere baditu liburuak.

1989an argitaratu zuen lehenengo liburua gaztelaniaz; hamar urte geroago, euskaraz. Bilduma honetako lanik zaharrena 1999koa da, eta orain arte argitaragabea, berriena. Garai bakoitzaren aldartearen isla dira. Ahalik eta ipuin gehien jasotzen saiatu da egilea, baina ez daude denak, batez ere ‘gauza’-ri buruz idazten ari delako orain ere.

Ipuingilea da Zaldua, baina ipuin hauek guztiak bilduta ikustean eleberrigile sentitu da lehenengoz, «nobela faltsu bat izan arren, txatalez josia». Bertzetik, idazle gisa eman zituen lehenengo pausoak oroitu dituela kontatu zion GARAri. «Premia sentitzen nuen gaiaz idazteko, baina nola heldu erabakitzeko orduan zalantzak nituen». Geroztik, talaia, trama eta helduleku ezberdinak probatu ditu begirada ahalik eta gehien zabalduz.

«Izaera poliedrikoa»

Obra honen «izaera poliedrikoa» aipatzen du Egañak aitzinsolasean. «Alderdi asko dauzka euskal gatazkak, eta gizarte osoa permeatu du gehiago edo gutxiago. Ez dut honetaz bakarrik idatzi, baina niretzat gai inportantea da, hau delako gurean gertatu zaigun gauza potoloena azken 50-60 urteotan; hau da, ni munduan egon naizen denbora guztian», adierazi zuen idazleak.

Itxaro Borda gonbidatu zuen aurkezpenera, «gai honen inguruko idazle esanguratsua delako». Baita idazleei norbere lanaz mintzatzeko perspektiba falta zaiela uste duelako ere. «Joera dugu munduko onenak garela pentsatzeko, edo beste muturrera goaz, segurtasun falta ikaragarrira». Baionarrak argi hitz egin izan du euskal gaiaz, ausardiaz. Eta gardena izan zen ekitaldian ere. «Urruntzen ari zaigu ‘gure gauza’, baina beti zaila da argi hitz egitea. Halako liburuek hitza libratzen ahal dute, euskaraz. Orain arte gai honi buruzko testuak erdaraz ditugu gehienbat», erran zuen. ‘Cosa nostra’ etortzen zaio burura ‘gure gauza’ aipatzean, «mafiatik» ere baduelako. Izan ere, bere irudiz, «behartua sentitu izan da euskalduna (...) denek batera nahi ala ez utzi dugu piztia haztera».

Distantzia lantzeko gaitasuna

«ETA amaitu denetik, ezker abertzalea gauzak argitzen ari denean biktimei buruz, azken gauza bat bada argitzeko: errelatoaren gerla», agertu zuen Bordak. Konfrontazioa bilatzen da kontakizun baten eta bertzearen artean, eta «hor kokatzen da literaturaren funtsa. (...) Zerbait gogor gertatzen zaigularik distantzia bat behar da sortu, gauzak erran, eta literaturak badu distantzia hori lantzeko ahalmena».

«Irakurle gisa zein sentsaziorekin gelditzen gara, gehienbat historia latz hori bizi dugunok?», galdetu zuen. «Irrealitatearen sentsazioa dut alde batetik, irudi du pertsonaiek ez dutela loturarik errealitatearekin. Beste irudipen bat honakoa da: hainbeste hil eta zauri eragin dituen historia horretako pertsonaiak espektroak al dira? Diskurtso politikoetan ere bada fikzio bat: gure gauza sustengatzera edo kritikatzera eraman gaituzten erran guztiak gure buruari kontatzen genizkion istorioak ote ziren? Jende asko, politikan engainatuak direlarik, batzuetan ez dira erraten ausartzen pentsatzen dituzten gauzak».

Apaolazak abisatzen duenez, liburuan barneratzen bazara kontuan izan itzulerarik gabeko bidaia bat hasteko zorian zaudela. «Ipuinak liburua itxi orduko isilduko diren itxaropena baduzu, gaixoa; fikzio batzuek begirada aldatzeko boterea baitute, eta badakigu, historiaren joanean elementu bat bakarra aldatuz gero, zer gerta daitekeen, bai orainaldian bai etorkizunean».