Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Euskarazko euskal-ikusentzunezkoen aldeko manifestua aurkeztu du Pantailak Euskaraz-ek

Pantailak Euskaraz herri ekimenak euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua publiko egin du larunbat honetan Durangoko Azokan. Zuzenketak aurkeztu dizkio, halaber, Madrilgo Gobernuaren Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren proiektuari.

Manifestuaren alde egin duten herri ekimen, elkarte eta norbanakoak bildu dira Irudienean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Manifestuaren alde egin duten herri ekimen, elkarte eta norbanakoak bildu dira Irudienean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Pantailak Euskaraz herri ekimenak euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua aurkeztu du larunbat honetan Durangoko Azokan. Iñigo Arandia –Tinko Euskara Elkartea–, Ibon Iza –Zinemak Euskaraz–, Alex Aginagalde –Disney Club Euskaraz– eta Izaskun Rekalde –Netflix Euskaraz– bildu dira hedabideen aurrean.

Ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia bermatzeko euskalgintzako euskal ikus-entzunezko industriako eragileekin adostutako manifestua da gaur aurkeztu dena. Hauek dira manifestuari atxikimendua eman dioten eragileak: AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, APIKA ikus-entzunezko produktoreen elkartea, Bertsozale Elkartea, BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, Bilboko Kafe Antzokia, Dianey + Euskaraz ekimena, EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, Ene Kantak taldea, Euskal Encodings ekimena, EHE Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Konfederazioa, EPE/APV Euskal Produktoreen Elkartea, Game Erauntsia elkartea, Hekimen euskal hedabideen elkartea, IBAIA ikus-entzunezkoen euskal ekoizle burujabeen elkartea, Ikastolen Elkartea, Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa, Kantu Kolore taldea, Katxiporreta elkartea, Euskalgintzaren Kontseilua, Kristau Eskola, Lanartea euskararen langile profesionalen elkartea, Napar ikus-entzunezkoen ekoizpen naparra, Netflix Euskaraz ekimena, Sortzen eskola publiko berriaren aldeko elkartea, Tinko Euskara elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, 3000TWITZ ekimena, UEMA Udalerri euskaldunen mankomunitatea, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, Zinea.eus ataria, Zinemak Euskaraz ekimena eta Zukugailua elkartea.

Gaur publiko egin den dokumentuan jasotako neurriak «estrategikotzat» jo dituzte «bai gure hizkuntzarentzat, bai gure herriarentzat ere». «Ezinbestekoak dira neurriak etorkizunean euskaraz bizi ahal izateko», nabarmendu du Rekaldek.

Manifestuan jasotako neurriek hizkuntzaren normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, kalitatezko bikoizketa eta azpidatziak indartzea, eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea dute helburu.

Batetik, ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa argitu eta handitzea eskatzen du manifestuak. Bestetik, EITB indartzea eta berau euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea. Baita euskarazko streaming plataforma sortu eta gaur egun abian diren streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia bermatu eta areagotzea.

Ezinbestekoa ikusten dute, era berean, zinemaren lege propioak sortzea eta bideo-jokoetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea. Baita espainiar eta frantziar Estatuko kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea ere.

Legeari zuzenketa

Madrilgo Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartutako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrari zuzenketa aurkezteko asmoa iragarri dute. Pantailak Euskaraz herri ekimenak bere sorreratik aldarrikatu du tramitazioan sartu den Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrean hizkuntza gutxituei dagokienean %7,5eko kuota ezarri behar zela. Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta Tokikom-ekin batera emendakina aurkeztu zion legeari.

Ikus-entzunezko plataformetako katalogoaren gutxienez %6 euskaraz, katalanez edota galizieraz egotea adostu zuen ERC alderdiak Madrilgo Gobernuarekin, Estatuko aurrekontuak onartzeko negoziaketetan.Azkenean lehen zirriborroan %6ko kuota ezarri da, baina solik Estatuan egoitza duten plataformei eragingo die. Beraz, besteak beste Netflix, HBOMax eta Amazon Primek ez dute eskakizuna bete beharko, oraindik irekita dagoen negoziaketan zuzentzen ez bada.

Horren aurrean, euskalgintzarekin eta Galiza eta Kataluniako eragileekin emendakina aurkeztuko du Pantailak Euskaraz herri ekimenak kuota indarrean sar dadin.

Sinadurak

Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren proiektuaren aurrean urtean zehar egindako firma bilketaren berri ere eman dute. Orain arte egindako kanpainetan 30.159 sinadura bildu dituzte denera. Eskerrak eman dizkie Rekaldek babesa eman duten herritar eta eragileei. 

Ikus-entzunezkoen alorrean euskarak duen presentzia eskasarekin arduratuta dauden herri ekimen eta elkartez osatutako mugimendua da Pantailak Euskaraz. «Joan den ekainean gure indarrak batzea erabaki genuen euskarazko ikus-entzunezkoetan eta ikus-entzunezkoetan euskarak duen egoera larria irauli eta euskarazko etorkizun baten alde gure ekarpena egin nahian», gogoratu du Rekaldek.

Euskal Herriko norbanakoez osatutako laguntzaile sarearen sorreraren berri ere eman du Rekaldek. Momentu honetan 460 dira kanpainan laguntzeko prest agertu diren pertsonak.