Larrabetzuko frontoian larunbat honetan ospatu den Bizkaiko Bertso Txapelketako azken finalaurrekoan Nerea Ibarzabal izan da irabazle, hortaz, berak eskuratu du finalera zuzenean sailkatzeko azken txartela. Berarekin batera, Pagonabarraga, Lekue, Bizkarra, Uria, Galletebeita, Etxebarrizarraga eta Enbeita igoko dira Miribillako oholtzara, Bilbon, datorren abenduaren 18an.
Zortzikote hau, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera sailkatzeaz gain, Euskal Herriko txapelketean egongo da. Era berean, Miren Amuriza eta Oihana Bartra bertsolariak ere Euskal Herrikoan lehiatuko dira, sailkapenean puntu gehien dituzten hurrengoak baitira.
Larrabetzuko finalaurrekoan nagusitasun handia erakutsi dute parte hartu duten bi emakumeek. Ibarzabalek, irabazleak, 542,5 puntu eskuratu ditu, eta Uria, bigarren postuan, hurbil egon da, 534 puntu eskuratu baititu. Sailkapenean hirugarrena suertatu den Txaber Altubek, ostera, 483 puntu poltsikoratu ditu, bi emakumeengandik urrun. Gainerako bertsolariek, Ander Elortegik, Eneko Abasolok eta Julen Arzanegik, 477, 469 eta 436,5 puntu batu dituzte hurrenez hurren.
Larrabetzuko frontoia publikoz lepo egon den arren, 700 ikusleko gehienezko aforoa bete da, saioa ez da bertsozaleentzat era aproposenean hasi. Izan ere, kazkabarrak gogor jo du zortziko nagusiko froga egiten ibili diren bitartean, eta euriak frontoiko teilatuan egin duen zaratari pilotalekuko oihartzuna gehituta, zinez konplikatua izan da bertsolariek abesten zutena hitzez hitz ulertzea.
Ondoren atertu egin du eta zortziko txikiaren txanda iritsi da. Froga honetan bereziki fin ibili da Ibarzabal bere bikotea izan den Altuberekin batera. Gaia ondokoa izan da: ‘Altube eta Ibarzabal adinean gora doazen bi lagun dira. Elkarrekin joaten dira oporretan Benidormera. Ibarzabalek Altuberi esan dio leku lasaiago batera joan nahi duela. Altubek, kontrara, Benidormera joaten jarraitu nahi du’.
Horrela ekin dio Altubek bertso sortari: «Ia hogei urte joder ze tamaño/ enaiz errenditzeko iritsi honaino/ Nerea ze leku da lasaiago hau baino/ jubilatuentzako diskoteka baino». Ibarzabalek, erantzun: «Hobe hondartza ertzean edota yatean/ edo bestela gure herriko parkean/ ‘Pajaritos’ dantzatzen ia indar batean/ esginzea egin nuen iaz besapean».
Zortziko txikian zoli ibili den beste bikote bat Uriak eta Arzanegik osatutakoa izan da. Arzanegi bikotekideari maitasun eskutitzak bidali nahian ibili da. Uriak, ostera, eskutitzak postontzitik lapurtu ditu. Hurrengoa izan da bien arteko solasaldia, Arzanegi hasita: «Neskari kariñoa adierazi guraz/ baina etxakoz heltzen ta nago arduraz/ ikusi dot zelanik daroazuzen zugaz/ nahi badozu zuri be idazko deutsudaz».
Gero, Uriaren erantzuna: «Ez, ez nik ez dut behar deus larrosa usain/ guztia metafora kursi eta esaldi guaiz/ nahiz eta zuk ez duzun irekiko garaiz/ benetan mesede bat egiten ari naiz».
Hamarreko txikian
Hamarreko txikian Ibarzabal eta Uriak osatutako bikotea izan da txalo zaparrada handiena jaso duena. Izan ere, bataz besteko maila baino dezente finago ibili dira bertsotan saio osoan zehar.
Kartzelako gaia hurrengoa izan da: ‘Ondotik pasatzen den bakoitzean, txarto begiratzen zaitu. Ezin duzu gehiago’. Premisa horretatik abiatuta, ondoko gaiak aukeratu dituzte bertsolariek (oholtzara igotako ordenan): Uriak emakumeen aurkako indarkeria izan du mintzagai; Altube ligatzen ez dakien nerabe baten azalean sartu da; Ibarzabalek seme nerabe eta oldarkor bat duen ama bat gorpuztu du; Abasolok, bere aldetik, militante ohi baten eta PSOEko kide baten arteko topaketa izan du ardatz; Elortegi bullyingaren inguruan aritu da eta, bukatzeko, Arzanegik txapelketako lehia hartu du azpigaitzat.
Froga honetako bertso azpimarragarrienen artean Uria eta Ibarzabalenak egon dira. Uriak: «Hain guztion begitara zeina hain jator hain guapo/ herriko mutil katxarro beti jantzita galako/ batera ibili giñen hori aitortu beharko/ ta hasieran bihotzak maiz egiten zidan salto/ gerora etorri ziren mehatxu eta halako/ ta nire irri guztiak bihurtu zituen malko/ orain pasatu aldiro hain begiratzen nau txarto/ jendeari nolakoa den kontatu diodalako».
Ibarzabalen kasuan, sortako azken bertsoa izan da aipagarriena: «Eztuzu bizi nahi umezaroko aspaldiko ametsean/ dena barkatzen dena onartzen bere akatsak aletzean/ itxaron egin nahiko nioke gauean ate ertzean/ ea susto bat edo hartzen duen bihotzean saihetsean/ ze haur hau iñortxok ezin du moztu neronek egin ezean/ atea itxita aurkituko du uler dezan gau beltzean/ biolentorik ez dela onartzen bere amaren etxean».