Pandemia aurrekoen eta iazko edizioaren erdibidean dago aurtengo Azoka. Lehen bi egunek lur hartu eta Azokari neurria hartzeko balio izan dute. Denetariko iritziak bildu ditu NAIZ literatura zein musika argitaletxeetako arduradunen eta sortzaileen artean. Sortutako espektatiben arabera, botila erdi beteta ala erdi hutsa ikusi norberaren esku dago.
Gauza bat gailentzen da beste ezeren gainetik, Azoka aurrez aurrekoa izatea garaipena da. Oraindik ez baita aurkitu beste formularik presentzialtasunak ematen duena beste modu batera ordezka dezakeenik.
Ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dituzte bidelagun literatur eta musika editoreek azken hilabeteotan. Zehazki zer espero zezaketen jakin gabe iritsi ziren Durangora, urteko uzta hartuta.
Fermin Munarriz Astero argitaletxeko editorea aurkitu dugu GARAren standean. Horrelaxe aitortu du: «Zuhurtziaz hartu dugu aurtengo Azoka».
Bere esanetan «inportantea zen aurrez aurrekoa berreskuratzea. Baina aldea nabarmena da izurri aurreko garaiekin konparatuz, nahiz lehen eguna nahiko ondo joan zen. Aforoa ohikoaren herena ala laurdena denez ikusiko dugu datozen egunak nola doazen».
Olatz Osa Elkar Taldeko argitaletxeen zuzendaria «galdera ikur handi» batekin etorri zen espektatibei dagokienean. «Arraroa da, geure burua kokatzen ari gara oraindik. Lehen egunean jabetu ginen zer izango den. Jendea badabil baina ezin daiteke alderatu ohiko Azoka batekin», esan du.
Azoka presentziala izatea garrantzitsua da bere esanetan. «Balioa ematen diogu eta eman behar diogu, fisikoki hemen egotea inportantea da», esan du.
Ahalegina
Baina baditu beste alderdiak ere. Denen esfortzua nabarmendu du. «Gerediaga Elkartea zein salmahaietako ordezkarien eta argitaletxe eta disketxeak denok ari gara ahaleginean ahalik eta Azoka txukunena atera dadin, uzta gehien ekartzen eta aurten egindako lana ahalik eta txukunen erakusten. Ahalegina handia da eta ikusi beharko da nola bukatzen den baina kostako da balantze ekonomikoa berdintzea», adierazi du.
Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluagari «inpresioa» egiten dio tarteka korridoreak hutsik ikusteak. «Aldi beren, bisitariek diote inoiz baino gusturago daudela barruan. Guk ere jendearekin egoteko aukera edukitzea oso ondo baloratzen dugu, baita idazleek ere, iaz liburuak argitaratu eta ez zuten horretarako aukerarik izan. Salmentei dagokienez nahiko ezkor hasi genuen lehen eguna baina ondo joan zen».
«Berriz bueltatu gara»
Jon Jimenez Txalapartadako editorea baikor ikusi dugu. «Berriz bueltatu gara Landakora. Etorriko dira garai hobeak», dio. Halere, oraingoan ere kultura gehiago ematen ari delakoan dago. «Zer pentsa ematen dit futbol partidatako irudiak ikusteak, han ez du inork afororik aipatzen, ezta kutsadurarik egoteko arriskuaz ere. Kulturgintzan beti goaz pausu bat aurretik, gehiena ematen zaintzaren alde, muga gehiago ezarriz geure aurka. Landako leku segurua da eta 1.200 pertsona baino gehiago kabitzen dira bertan», adierazi du.
Ez zuen salmenta kopururik buruan Azoka hasi aurretik. «Ezjakintasuna erabatekoa da. Beraz, zerotik abiatu garenez botila erdi beteta ikusten dugu», kontatu du.
Bisitariaren profila anitza da bere esanetan. «Zer erosiko duen oso garbi duena eta ordu ta erdian kronometroa jarrita dabilena –dio irribarretsu– edo paseatzen dabilena, aurten denbora muga horrekin».
Eguraldia ere ez du lagun aurtengo Azokak. Ez bertara iristeko, ez euri zaparradapean ilaran zain egoteko. «Etsituak gaude eguraldiarekin, heroikoak dira datozenak eta euri erauntsien azpian ilaran zain daudenak», Pamielako Elzabururen esanetan. «Espektatiba baxuak» ekarri ditu, eta horren adibide, ohiko stand-a %60ra jaitsi duela argitaletxe nafarrak.
Bisitariak, gustura
Rafa Rueda, Maite Larburu, Oier Aranzabal, Alain Urrutia eta Iker Lauroba, beste batzuren artean... eta Harkaitz Cano. Musikariez inguratuta dago idazlea Zart kolektiboan. «Biziraupen kontua da, horrela ikasten da gauzen balioa neurtzen, eta uztargarria da autogestioa argitaletxe indartsuekin», azaldu du.
Duela urte ta erdi indarrak batu eta bidea elkarrekin egitea erabaki zuten. Canoren esanetan Azokan «espektatibak bete dira ez zirelako onak. Nahiko bazterreko proiektuak dira gureak, guk ez ditugu ehunka ale saltzen, eta saldutako bakoitzak kontatzen du; alde horretatik pozik gaude», esan du.
«Sarrera sistema hain zurruna izanik, eta kontuan izanda erreserba egiteak ez duela esan nahi etorriko zarenik, horrek uzten duen giroa argitalpenak ikusteko egokia da –irakurleekin lasai hitz egin izan dezaket– baina salmentarako nahiko mugatua».
Izaro 2016tik etorri da Azokara. Aitortu du urduritasun puntuarekin irten zela etxetik, «ez nekien zein espektatiba eduki. 2020ko edizioa hutsa izan zen, etxean geratu ginen, eta aurrekoak jende askokoak ziren gure standean». Kostatzen ari zaio erdibideko hau. Hala dio. «Bueltan gaude eta ez da gutxi, baina tristetxo gaude», dio.
Etxeko lanak eginda
Musika Zuzenean atariaren arduraduna da Koldo Otamendi. Autoekoizpen bidez diskoak ateratzen dituzten taldeen eta Azokaren arteko zubi lana egiten dute. «Musikarientzako salmentak inportanteak diren arren, horren gainetik hemen egotea da garrantzitsuena, talde berrien berri izatea publikoak», esan du.
Aurten Euskal Herrian argitara emandako 40 lan aurki daitezke standean. «Talde asko hasi berriak dira, eta ez dute aukerarik standa alokatu edo argitaletxe batean egoteko», dio.
«Egoera dena da eta ezin gara kexatzen hasi. Txukun antolatu dute, ezarritako aforoaren aurrean ezin da ezer egin –esan du–. Datozenak erostera datozela ikusten da, etxeko lanak egin eta zer erosi nahi duten garbi dutela».
Online sistemak leiho berria ireki dio Azokari. Iaz salmenta presentzialik egin ez zenez erosketa denak izan ziren digitalki eginak. Aurtengoa ikusteko dago oraindik. Egun batzuk barru etorriko da kontuak egiteko ordua.