NAIZ

Ligako azken sailkatu Antequeraren aurka Anaitasunak ez du ezustekorik nahi

Andaluziarrek 13 jardunaldiren ostean garaipen bakarra pilatu dute eta Quique Dominguezen taldeak sailkapenean gorantz egingo luke Malagako taldeari irabaziz gero. Azaroaren 13an jokatzekoa zen neurketa hau, baina iruindarren artean sorturiko covid-19 kasuen erruz atzeratu behar izan zen.

Ligako azkenaren aurka, Anaitasunak bere nagusitasuna erakutsi behar luke. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Ligako azkenaren aurka, Anaitasunak bere nagusitasuna erakutsi behar luke. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Joan zen azaroaren 13an jokatu behar zuten Anaitasuna kiroldegian Helvetia Anaitasunak eta Malagako Iberquinoa Antequerak, baina talde nafarrean covid-19 kasuak azaltzen hasi ziren eta bertan behera geratu behar izan zen dema. Hala, asteazken honetan 19.00etan hasita, hartuko du talde iruindarrak Asobal Ligako azkenengo sailkatua.

Hamahiruna jardunaldi jokatu dituzte biek ala biek, eta Quique Dominguezek zuzentzen duen taldea Asobal Ligako sailkapenaren erdialdean, 12 punturekin, bederatzigarren postuan dagoen bitartean –baina seigarren dagoen Nava taldearengandik bi puntura baino ez–, Antequerak bi puntu baino ez ditu pilatu, garaipen bat eta 12 porrot jasan ondoren. Hala, esan gabe doa iruindarrak direla asteazkeneko lehia irabazteko faborito, eta inondik ere ez dutela sorpresarik nahiko talde andaluziarraren aurka.

Anaitasunak 28-24 galdu zuen Logroñon joan zen igandean, markagailuan beti atzetik eta ezinean aritu ostean. Egia da, bestalde, covid-19aren olde malapartatua igaro ostean partida bat bestearen atzetik ari direla jokatzen Quique Dominguezen gizonak eta halakoetan ez dela erraza beti maila altuan jardutea, baina Antequeraren aurkako demak ez du barkamenik nafarrentzat, sailkapen nagusian gorantz begira jartzea nahi badute bai ala bai irabazi beharrekoa baita.

Antequera Asobal Ligara talde igo berria da, baina horrek ez du esan nahi bere jokalari guztiei gorengo mailan eskarmentua falta zaienik: Diego Moyano, Rafa Baena –bere garaian Espainiako selekzioan aritu zen pibotea, hain zuzen–, Franco Gavidia, Jorge Da Silva edo Angel Perez de Inestrosa lako jokalariek badakite Asobal Ligan jokatzea zer den. Hargatik, iruindarrek egin dezaketenik onena partida aurrez irabazitzat jo gabe jokatzea izango da.

Asteazkeneko neurketaren ostean, Anaitasunak larunbatean jokatuko du 2021eko azkenengo neurketa, Nava taldearen aurka. Partida hau ere etxean jokatuko dute nafarrek. Gauzak ongi ateraz gero, Anaitasunak urtea seigarren postuaren inguruan amaitu lezake.