NAIZ

‘Barraka’ euskarazko abentura-bideojokoak irabazi du Durangoko Azokako laugarren sormen beka

‘Barraka’ abentura-bideojoko «umoretsua» izango da, eta irudi errealak, stop-motiona eta animazio tradizionala nahastuko ditu. Epaimahaiak baloratu duenez, «haurrentzako fantasiazko mundu estetikoki eder eta gozagarria» sortzen du.

Ibai Aizpurua bekaren diru-laguntza jasotzen. (DURANGOKO AZOKA)
Ibai Aizpurua bekaren diru-laguntza jasotzen. (DURANGOKO AZOKA)

‘Barraka’ izeneko euskarazko bideojoko proiektuak irabazi du Durangoko Azokako IV. Sormen Beka. Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarra da lan honen bultzatzailea, eta urtebeteko epea izango du abentura-bideojoko hau garatzeko, hau da, hurrengo urteko Azokararte. Bekaren zenbatekoa 15.000 eurokoa da eta Durangoko Udalaren babesa du.

Sorkuntza digitala izan da bekaren aurtengo gaia, eta ‘Barraka’ bideojokoak oso lotura estua du horrekin, irudi errealak, stop-motiona eta animazio tradizionala nahastuko duelako. Ibai Aizpuruak azaldu duenez, «‘Barraka’ jokalari batentzako esplarazio eta abenturako bideojoko umoretsua da. Abentura hau Ainhoa izeneko neskaren azalean biziko dugu. Bideojokoa Euskal Herriko herri txiki bateko festetan girotuta dago. Ainhoa barraka sorgindu batean sartu eta fantasiazko mundu bitxi batean murgilduko da».

Ibai Aizpurua bera izango da diseinua, irudiak, animazioak, soinuak eta programazioak sortzeko arduraduna. Musikarako, ostera, Gonzalo Sardon «Amenaza»-ren laguntza izango du. «Nahiz eta azken urtetan bideojoko proiektu txiki ugari sortu izan ditudan, laguntza erraldoi honi esker aurrerapauso bat emateko aukera eman zait: bideojoko oso bat garatzeko ahalmena». Sortzaile irundarraren arabera, proiektu honen helburua «edonor erraz murgildu daitekeen euskarazko abentura-bideojoko umoretsu bat» sortzea da.

Bideojokoko protagonista, Ainhoa, goxokiz inguratuta.


Helburu hori ere kontuan hartu du Bekaren epaimahaiak erabakia hartzerako orduan. Lorea Arakistain PuntuEUS fundazioko komunikazio arduraduna izan da epaimahaiaren bozeramailea: «‘Barraka’ oso proposamen iradokitzaile eta tentagarria da. Haurrentzako fantasiazko mundu estetikoki eder eta gozagarria sortzen du, begiekin jateko modukoa. Era berean, helduoi barruan ahaztuta izan ohi dugun umea ateratzen lagunduko digu. Haur izan garen guztiontzat ezagunak diren bizipen eta erreferentziekin: herri txiki bateko festak, barrakak, gozokiz jositako mundu bat… plazerez betetako mundu bat».

Arakistainek gogoratu duenez, interneten mugitzen den trafikoaren %8 bideojokoak dira, eta, bertan, «euskararen presentzia anekdotikoa da». Arakistainekin batera, honakoak izan dira sormen bekaren epaimahaikideak: Diana Franco (Durangoko Azokako Kabi@ gunearen arduraduna), Vanesa Fernandez (Bilboko Zinebi jaialdiko zuzendaria), Rakel Esparza (Alondegiko programazio arduraduna) eta Iker Fidalgo (Arte Ederretan doktorea eta ikertzaile independientea).

Aurtengoa Durangoko Azokako Sormen Bekaren laugarren edizioa izan da. Urtero diziplina ezberdin batekin lotuta egon da. Orain arteko irabazleak honakoak izan dira: AtopiaRPG euskarazko lehenengo rol jokoa, Kai Nakai reggatoi abeslaria eta Bañolet websaila. Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak gogoratu duenez, bekaren asmoa sortzaile berriei euren ibilbide profesionala garatzeko laguntza ematea da, eta Durangoko Udalaren konpromisoa eskertu nahi izan du.

Online denda, gaur azken eguna

Gogoratu Durangoko Azoka asteazkenera arte luzatuko den arren, gaur arratsaldera arte egongo dela online denda zabalik.