NAIZ

EH Bilduk esnearen sektorearen aldeko neurriak har ditzatela eskatu die EAJri eta PSEri

Esnearen sektorearen aldeko neurriak har ditzatela eskatu die EH Bilduk Arabako Foru Gobernua osatzen duten EAJri eta PSEri. Mahastizaintzarekin egin bezala, esnearen sektorean legea betetzen dela eta prezioa ekoizpen kostuan ordaintzen dela bermatzea eskatu du.

Euskal esne ekoizleen topaketa baten artxiboko argazkia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Euskal esne ekoizleen topaketa baten artxiboko argazkia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

EAJren eta PSEren Foru Gobernuari esnearen sektorean lan egiten duten abeltzainen aldeko neurriak har ditzatela eskatu die ostegun honetako prentsa agerraldian Eva Lopez de Arroyabe Arabako EH Bilduren batzarkideak.

EH Bilduk mozioa aurkeztu du Batzar Nagusietan, «esne ustiategien aldeko errekonozimendua eta haien aldeko konpromisoa eskatzeko». Izan ere, neurri zehatzak ere planteatu ditu koalizio subiranistak: «esne ustiategien batez besteko ekoizpen kostuen urteroko txostena egitea, aldeen arteko kontratuak eta klausulak betetzen direla ziurtatzea, esnea ekoizpen kostuen gainetik ordaintzea eta Espainiako Gobernuari behar diren neurri guztiak hartzea».

Lopez de Arroyabe batzarkideak esan du esnearen sektorea «inoiz ikusi gabeko krisian» dagoela, eta krisi hori «areagotu dela azken hilabeteetan kostu finkoak eta aldakorrak igo egin direlako».

«Pentsuen, energiaren, garraioaren eta gainerako inputen prezioak eta ekoizpen kostuak ere estaltzen ez dituzten prezioak ekaitz perfektua eta lurraldeko abeltzaintza ustiategi gehienen porrot teknikoa lortzen ari dira», esan du batzarkideak.

Sektorearen egoera

Sektore profesionalizatua bada ere, kanpoko beste sektore batzuen «mendekoa» dela eta egoera ekonomiko «ahulean» dagoela nabarmendu du Lopez de Arroyabe. «Azalera handiko merkataritza-guneek ere badute erantzukizuna horretan: Esnea kontsumitzaileak erakartzeko trikimailu gisa erabiltzen dute, eta salmenta prezioarekin jolasten dute, horretan lan egiten dutenen egoera kontuan hartu gabe», gehitu du.

Koalizio subiranistaren batzarkideak azaldu duenez, Araban 90 ustiategi izatetik 47ra pasa da azken hamar urtean, «horregatik da premiazkoa eredua birmoldatzea, sektorea babestea eta esneagatik kobratu beharreko prezioak ekoizpen-kostuak gainditzen dituela ziurtatzea».

«Esnearen sektorean lan egitea ez da beste edozein lan; paisaia, lurraldea eta herriak zaintzeari lotutako bizimodua da», amaitu du esaten Lopez de Arroyabek.