«Nire kirol ibilbidea nahi baino lehenago amaitu da»
Zarauztarrak 24 urterekin bukatutzat eman behar izan du bere ibilbide profesionala, Euskaltelek baja eman ondoren. Bere maila erakusteko beste urtebete segitu nahiko luke. Hala ere, txirrindularitzak etorkizunerako balio izango diolakoan dago.
Jokin Aranburuk hiru urte eman ditu profesionaletan, Euskaltel-Euskadi taldean. Eskertzen dio emandako aukera, baina etorkizunik bazuen ala ez ikusteko egutegi egokirik eta segidarik ez duela izan sentitzen du.
Bukatutzat eman dituzu jarraitzeko saiakerak?
Bai. Nire kirol ibilbidea nahi baino lehenago amaitu da. Azaroa izaten da normalean ni entrenatzen hasten naizen garaia, baina ikusita aukera onik ez neukala, ziklo berri bati ekin diot Fisioterapia ikasketak amaitzeko eta horretan zentratuta nago. Orain ez daukat bizikletan entrenatzeko konpromisoa, eta lasaiago.
Atzera egiteko aukera ez duzu aztertu?
Ez. Oso garbi daukat. Euskaltel-Euskadin aritu ondoren ez nuen neure burua maila baxuago batean lehiatzen ikusten. Txirrindularitzan beti nahi izan dut gora iritsi. Orain arte izan ditudan baldintzak ez dira bereziki onak izan. Irabazten duzunaren zati handi bat inbertitu behar duzu gora egiteko. Ez badaukazu anbizio pertsonalik, laster joango zara kalera, beste guztiek izango dutelako eta postua kenduko dizutelako. Gora iristen ez bazara, 24 urterekin lagatzea edo 27rekin berdin da. Beste lanpostu batean hasteko prestakuntza azkarrago izateko, hobeto 24 urterekin. Atzera pauso bat ematea zen eta nagoen egoeran ez nintzen ikusten kontinental mailan eta, are gutxiago, afizionatu mailan, nahiz eta gaztea izan. 24 urte dauzkat, ez 30… Ez dut jaso eskaintzarik, baina gehiegi ez naiz saiatu nire kabuz bilatzen.
Azkenean gaztea zara, aurreneko soldatak dauzkazu, baina 30 urterekin ez nuen neure burua egoera horretan ikusten. Nire ilusioa izan da koskak igotzen joatea, egonkortasuna lortzea pelotoian. Txirrindulari gazte guztiak hasiera batean horretarako borrokatzen dira. Ion Izagirre, Omar eta hauek oso asentatuta daude, Tourrean… Baldintza oraindik eskasagoak ematen zizkidan talde batean ez nuen ikusten neure burua. Probatu dut zer den txirrindularitza profesionala eta garbi neukan Pro Conti batean, adibidez, Kern Pharman edo Caja Ruralen ez jarraitzekotan nahiago nuela zikloa amaitu eta beste lan batean zentratu. Orain arte bizitako esperientzia ez didate kenduko.
Euskadi Fundazioarekin pasatu zinen 2019an, 21 urterekin...
Afizionatuetan ez nintzen izan sekulakoak egin zituena; bi karrera irabazi nituen. Ez naiz “fuera de serie” bat izan; aukera eman zidaten eta eskertuta nago. Aurreneko urtea gogorra izan zen, ez super, baina txarra ere ez. Helburua zen ihesaldietan sartzea eta harrapatu nituen, baina Pro Conti mailan lehenengo urtean pandemia eta bigarrenean pasa dudan guztia...
Pandemiaren ondoren bost egunetan korritu zenuen iaz, eta aurten, 39tan, jarraipenik gabe. Turkian Cavendish eta Philipsenekin lehiatu zinen...
Esperientzia oso ona izan zen Turkiakoa. Egunak aurrera joan ahala ikusi nuen neure burua goraka zihoala eta azkeneko etapan saiatu nintzen. Nahiz eta oso zaila izan, zeure burua lehiakor ikusten baduzu, konfiantzak asko laguntzen du. Ikusita taldean esprinterrek zorte handirik ez zeukatela, esan nuen ea nire aukera jokatzea posible zen; eman zidaten nire postua jokatzeko eta hori egin nuen. Hor argia piztu zitzaidan eta esan nuen: Igual posible dut zerbait egitea ezta?
Oso lehiakor ikusi nuen neure burua, baina gero etxera iritsi eta hilabeteko geldialdia izan nuen. Jarraitu nuen entrenatzen, bestela ez zara hain sasoi onean iristen hurrengo lasterketetara eta konfiantza galtzen joaten zara. Hurrengo itzulia ez zen oso ondo atera, Andaluzia zen eta berez ez nuen hara joan behar, Mallorcara baizik. Ez zen niretzat lasterketa egokia. Saiatu nintzen taldekideei laguntzen, baina ezin duzu, pelotoian asko sufritzen duzulako. Hobe izango litzateke karrera bakoitzera espezialistak joatea. Turkiara joan zirenen gehiengoa errodadoreak ziren eta Andaluziara igotzaileak. Eta urte guztia lasterketak planifikatu gabe. Igual normala da, baina niri zaila egiten zitzaidan, ez daukadalako txirrindulari eginago batek izan dezakeen oinarria.
Ez dakizunez zer lasterketa izango duzun, beti nahi duzu ondo egon, intentsitate handia ematen diezu entrenamenduei eta igual pasa egiten zara. Sasoia mantentzeko intentsitatea sartu behar duzu eta hilabete batean zer korrituko duzun ez jakiteak zaildu egiten du dena.
Zure maila erakusteko aukera ez duzula izan sentitzen duzu?
Bai, sentsazio hori badaukat, behar nuela urte batean egutegia niretzat bideratuta. Ez naiz baloratuta sentitu taldean; beti soberan dauden txokoak betetzen urte guztian. Alde batetik, badakit hori normala dela gaztea zarenean, baina ez jakitea hurrengo lasterketa noiz izango den... Ia karrera guztietan azkeneko momentuan sartu naute. Horrela ez da hain erraza prestatzea. Sentsazio hori gelditu zait. Ez dakizu inoiz noraino iritsiko zaren, baina orain dauden askok, euskaldunak batez ere, bere garaian 23 urterekin ez zekiten noraino iritsiko ziren eta multzo handi horretatik azkenean baten bat gora heldu da.
Ni gelditu naiz ez dakidala aterako nintzen edo ez, sentsazio horrekin. Igual urtebete gehiago behar nuen bai edo ez esateko. Baina bizitzan erabakiak ez dituzu beti zuk hartzen, eta zure gain ez dauden erabakiak ahalik eta hobetoen eramatea inportantea da. Nahiko nukeen jarraipena eduki, hiru-lau astean lehiatu eta gero atsedena. Baina hori estatus bat izan gabe ez da batere erraza. Aukerak pasatzen dira eta ez badituzu aprobetxatzen hori gertatzen da. Bota egin naute, hiru gazte igo eta beste bat fitxatu, baina ni taldearekin ez naiz sartuko. Nire lana gauzak ondo egitea da, saiatu naiz ondo egiten eta taldeari eman diot ahal nuen guztia. Ziklo bat bukatu zait, baina horrek ez du esan nahi ziklo hobe bat ez datorrela. Seguru nago bizitzan askorako balioko didala txirrindularitza profesionalak.
Noiz esan zizuten ez zenuela Euskaltelen jarraituko?
Txus Ezkurdiak esan zidan nire kontua beltz zegoela abuztuaren 30ean, Vueltako bigarren atseden egunean. Hasiera batean abuztuan Limousin egin behar nuen, baina azken unean egutegi dena aldatu eta ostiral batean esan zidaten igandean Getxo korrituko nuela eta gero astelehenean Portugalgo Voltara. Nire planifikazioa aldatu zen eta Portugalen covida harrapatu nuen. Errekuperatzen nengoenean esan zidaten ez nuela jarraituko, ez zutela nirekin kontatzen.
Nahiz eta covida pasa, saiatu nintzen ahalik eta indartsuen jartzen, behintzat aukera baldin baneukan lasterketan zerbait erakusteko. Baina nire prestakuntza ez zen batere ona izan, covidaren eraginak izan nituen eta Italiako lasterketetan maila oso altua zen eta miraririk ezin da egin. Psikologikoki indarra galtzen joaten zara, zeure burua kanpoan dagoela ikusten duzulako, eta zaila da. Dena aldapan gora jartzen zaizu eta, batez ere, sasoia. Ikusi nuen egun bateko esfortzuetan ondo nengoela, baina egunak gehitzen hasten zirenean ez nuen errekuperatzen. Ez nengoen covidaz guztiz osatuta. Siziliako lehenengo egunean ez nintzen hain gaizki sentitu, bigarrenean neke handixeagoa eta hortik aurrera bi astetan bederatzi karrera geneuzkan eta ikusi nuen nire gorputzak ezin zuela fisikoki.
Baina lortu duzu profesionala izatea, Euskaltelen korritzea…
Bai, azkenean txikitako ametsa zen txirrindularitza profesionalean egotea, munduko izarrekin lasterketak korritzea, eta hori lortu dut. Gero, Itzulian parte hartu nahi duzu, Espainiako Vueltan egon, gero World Tourrean sartu… Hori ez dut lortu, baina neure buruarekin lasai nago. Egin dudanarekin gustura nago. Gehiago egitea gustatuko litzaidake, baina ikusten dut zikloa bukatu dela eta asko eman didala eta datorrenari heltzeko bizipenak oso baliagarriak izango direla. Beste askok ez dute izan profesionaletara pasatzeko aukera. Askok egin dituzte merituak eta ez dira pasa. Niri heldu zait aukera eta asko eman dit. Pertsona bezala, txirrindularitzak sakrifizioa, konstantzia, diziplina erakutsi dit, jende ezberdinarekin tratatzen duzu eta mentalidadea handitzen.
Zer gordeko duzu zuretzat ibilbide horretatik edo konkretuki azkeneneko hiru urteetatik?
Gauza asko. Ezagutu dudan jendea, eta espero dut kontaktuan egotea egin ditudan lagunekin. Baita neure burua hobeto ezagutzeko eman didana ere. Bizikleta gainean bakarrik ordu asko pasatzen ditugu meditatzen bezala, pentsatzen, eta asko laguntzen dizu. Batzuetan gehiegi pentsatzen, baina bueno...
Zoriontsu naiz txirrindularitza munduan egin dudanarekin eta oraintxe bertan ez dut horren falta nabaritzen. Hutsune hori betetzen dut kirola beste era batera egiten. Gustatuko litzaidake beste urtebete jarraitzea pauso hori emateko gai ote nintzen ikusteko, baina ikusita ezin dela ez zait mundua bukatu. Ziur nengoen lehenago edo beranduago bukatuko zela eta lanean hasi beharko nuela. Gaur egun txirindularitzatik bakarrik bizitzea gutxik lor dezakete. Beste guztiek ziklo hau bukatutakoan lanera bueltatu behar dute. Eta nire kasuan 30 edo 32 urterekin izan beharrean 25ekin iritsi da. Baina ez dut hartzen porrot gisa. Porrota izango litzateke pasa ditudan urteak gozatu ez banitu, eta disfrutatu dut. Eliteko kirola gogorra da, baina ontzat hartzen dut.
Pentsatu duzu zer egingo duzun etorkizunean?
Kirolariaren beldurra bukaera da. Hainbeste denbora dedikatuta, bizikleta bakarrik ikusten duzu, eta mundua zabalagoa da. Zoriontsu izateko ez dago bizikletaren beharrik. Gradu amaierako lana egiten ari naiz; maiatzean bukatuko dut Fisioterapia eta gero probatuko dut ‘fisio’ gisa lan egitea zer den. Fisioterapia munduan sartzeko ilusioa daukat. Jendearekin egiten duzu lana, jendea laguntzen saiatzen zara eta hori gustatzen zait. Karreran hasi nintzenean eliteko kirola bakarrik ikusten nuen, nire ezagutza handiena hor dagoelako. Baina karrera aurrera joan ahala ikusi dut ‘fisio’ mundua zabalagoa dela eta ez dut itxi beste arloetan lan egitea. Adibidez, geriatriko batean zahar bat ariketa fisikoetara bultzatzen, lesioak tratatzen... Irekita nago arlo guztiak probatzera, eta esperientzia desberdinak bildu ondoren arlo batean zentratuko nintzateke.