Larunbat honetan Athleticek Alavesen aurkako derbia eskuratu ondoren, bihar jokatuko dituzte Realak eta Eibarrek 13. jardunaldiko neurketak. Egoera eta aurkari desberdinak izango dira talde bientzat; baita eszenatokiak ere, biek etxean jokatzen duten arren, . armaginek Elgoibarren hartu beharko dute Granadilla, Unbeko errepidea moztuta baitago euriak eragindako lur-jausi batengatik.
Bigarren postuari eustea izango da Realaren helburua, Huelvako Sporting-en aurka Zubietan (12.00,ETB1/RSTV) jokatuko duten partidan. Faborito garbiak dira donostiarrak, aurreko hamabi jardunaldietan hamar garaipen lortu dituztela kontutan hartuta. Sporting, berriz, garapenik lortu ez duen Lehen Mailako talde bakarra da.
Baina Huelvakoei irabaztea kostatzen zaien arren, aurkariek ez dute erraz gainditzen talde andaluziarra. Izan ere, berdinketaz berdinketa, jaitsiera postuetatik kanpo mantentzea lortu dute orain arte. Horren inguruan doa Natalia Arroyok eman duen abisua, Sportingek zelai indartsuetan «ezusteko berdinketak lortu» dituela gogoratuz «eta horrek erne jarri behar gaitu». Zalantza larregirik ez dauka entrenatzaile txuri-urdinak bere jokalarien jarrerari dagokionez, hala ere, eta argi dauka «mentalizatuta» zelairatuko direla, konfiantza gehiegirekin jokatu barik, ondo dakitelako «jardunaldi bakoitza garrantzitsua» dela. «Bi orbantxo izan ezik, taldearen ibilbidea garbi-garbia da», gogorarazi du Arroyok, bere taldea mota guztietako aurkari guztien kontra gogo beraz aritzen dela aldarrikatuz.
Berritasun batekin dator partida, belauneko lesioa gainditu ondoren, lehen aldiz sartu baita deialdian Realak udan fitxatu zuen Allegra Poljak aurrelari serbiarra.
Eiba -Granadilla (12.00, RTVC)
Badago albiste ona Eibarrentzat ere, belauneko lesioa sendatu ondoren Honoka deialdian sartu baita denboraldian lehen aldiz. Zoritxarrez, salbuespena da japoniarraren itzulera, gainontzeko berritasunak aurkako bidean baitoiaz. Ana Junyentek atzo bajarik ez zuela esan bazuen ere, Noelia, Llompart, Gantxeti eta azken asteotan kirofanotik pasa diren Morera eta Bernabe deialditik kanpo geratu dira. Eta ez dirudi arrazaoi teknikoengatik dela, 17 jokalari besterik ez dituela deitu kontuan hartuta.
Bigarren zailtasuna armaginentzat zelaian egongo da. Unbeko errepidea lur jausi batengatik moztuta dagoenez, Mintxetan hartu beharko dute Granadillaren bisita, bertan behin ere entrenatu barik. Eta hirugarren oztopoa, noski, aurkaria bera izango da; ibilbidea sendotu eta dagoneneko goiko postuetara begira jarri den Granadilla.
Azken bost jardunaldietan lau garaipen ospatu dituzte Tenerifekoek –porrot bakarra, Realaren kontra–, Eibarrek oso urrutitik ikusten dituen zenbakiak, guztira hiru partida irabazi baititu denboraldi osoan. Jaitsiera postuetatik bost puntutara dago eta urtea amaitzeko Realaren kontrako derbia eta Valentzia aurkari zuzenari egingo dion bisita geratzen zaizkiola ikusita, argi dago nolako garrantzia duen biharko neurketak.
Lana eta sentsazioak «oso onak» direla azpimarratuz, «taldeak irabazi, irabazi eta irabazi nahi» duela esan du Junyentek, «etxean zein kanpoan zein edonon. Tenerife dator asteburu honetan eta badakigu oso talde konplikatua dela baina gogo handiekin gaude eta puntuak eskuratu ditzakegula uste dugu».