Maitane Aldanondo

«Txinparta txikiak gara, baina denon artean kristoren sua egiten dugu»

Bizigaia elikadura kooperatibak azaro amaieran irabazi du Goierriko Garapen Agentziak antolatutako Enpresa Ekimen Berriari Saria. Eratze bidean den kooperatibak kate osoan parte hartzen duten eragileak batu nahi ditu, aktiboki jardun dezaten sistemaren aldaketan.

Bizigaia elikadura kooperatibako kide ugari.
Bizigaia elikadura kooperatibako kide ugari.

Elikadura burujabetza sustatzeko xedez, Goierrin eratutako egitasmoa da Bizigaia. Kezka bera duten zenbait norbanako eta eragilek abiarazi zuten iaz, eskualdean ekonomia sozial eraldatzailearen balioetan diharduen Biziola sarearen barruan. Goierriko Garapen Agentziak (Goieki) azaroaren 24an ezagutarazi zituen Enpresa Ekimen Berrien XXIV. Sariketako irabazleak, eta elikadura kooperatiba izan da proiektu onena. Aintzatespenaren 4.000 euroez gain, beste 3.000 ere jaso dituzte izaera juridikoarengatik. Kopurua datorren udaberrian martxan jartzea espero duten asmoa antolatzera bideratuko dute.

KoopFabrikak eskualdean identifikatutako erronka estrategikoak lantzeko lau monografiko egin zituen iaz. Elikadurari buruzkoan aurkeztutako bospasei ekimenen baturan du oinarri Bizigaiak. Bilerak egin dituzte eta katean parte hartzen duten eskualdeko eragileak gehitzen saiatu dira: ekoizleak, landa garapen elkartea, jangela kolektiboak, kontsumo elkarteak, herritarrak, denda txikiak... Elkarrekin ondorioztatu dute inguruan gero eta ekoizle gutxiago daudela, gehienak adinekoak, eta transmisio katea eten ez dadin eta ekoizpen berriak era daitezen, kolektiboki baldintza egokiak sortu behar dituztela. Baita horretarako trantsizio integrala behar dela ere: ekoizpen moduetan, kanpoko produktuen beharrik gabe eta krisi klimatikoari aurre egiteko norabidean; kontsumoan, gertukoa, garaian garaikoa eta ekologikoa; eta banaketan.

Aldaketarako lehen pausoa da Bizigaia. Nekazari eta kontsumo kooperatiben «ikuspegi partziala» gainditu nahi dute. Andoni Mikelarena kideak aitortu du ez direla «ezer asmatzen ari», Euskal Herrian lehendik ere martxan diren beste batzuen «inspirazioa» dutela: Erein eta Jan, Labore... Ereduak egokituz osatu dute beraiena, gauza batzuk kenduz eta beste batzuk aldatuz.

Eskaeratik ikasi, ekoizteko

Eskaera gakoa da. Ekoizle berriak gehitu, «modu duinean» jarduera garatu eta planifikatzeko gaitasuna izateko, eskari antolatu bat osatu nahi dute. «Jakin badakigu, hasieran eta denbora luzez, produktu asko kanpotik ekarri beharko ditugula; baina informazio hori baliatu nahi dugu ekoizpen berriak sustatzeko eta laguntzeko. Horiek abiarazteko baliabide humano-ekonomikoak jartzeko gai izango bagina, hor etor daiteke jauzia». Erosketa gune bat zabalduko dute Lazkaon, era berean, logistikarako eta beste erabilera batzuetarako ere baliatuko dutena. Asmoa, eskualdeko herri guztietara banatzeko sistema bat antolatzea da, gerora, jangela kolektiboak hornitzeko ere balioko duena.

Beasaingo Murumendi ikastetxea izango da horietako bat. Bertako guraso Antton Aranburuk azaldu duenez, eskolak urteak daramatza elikadura iraunkorraren alorreko jarduerak eta heziketa lantzen eta Hezkuntza Sailari eskatu zion sukaldea berreskuratzea. Hala, Murumendik proiektu honi eskain diezaiokeena «eskaera antolatu bat da, urte osoan zeharreko eskaera konstante bat. Berrehundik gora ume dauzkagu egunero bazkaltzen eta hori asetzeko nekazariak eta lehen sektoreko jendea behar dugu. Sinesten dugulako». Ez da parte den ikastetxe bakarra, hala ere. Aranburuk nabarmendu duenez, kideak norbanakoak izanda ere, atzean familia eta inguru bat dute, beste batzuk gehitzeko alea jar dezakete. «Txinparta txikiak gara, baina denon artean kristoren sua egiten dugu. Jendea hunkituta ikusi dut, negarrez, atzean dagoen indar eta energiagatik. Hori gaur egun oso zaila da».

Hilabeteotan hazten joan da Bizigaia eta kideak gehitzen. Hamar bat laguneko talde motorraz gain, hiru lantalde dituzte: heziketa, banaketa sistema eta irizpideen lanketa. Norabidea hasieratik zehaztua izatea ezinbestekotzat dute. Intza Barandiaran kideak argitu duenez, nola ekoitzi eta kontsumitu nahi duten definitu dute eta horren inguruko adierazleak zehazten ari dira. «Irizpide agronomiko batzuk lantzen ari gara ekoizpenaren jarraipenerako: iraunkortasuna, irizpide sozialak, parte hartzea... Oinarrizkoa iruditzen baitzaigu prozesu irekia eta denon artean eraikiko dena izatea». Halaber, hiru hilean behin saio irekiak egiten dituzte.

Bazkidetzaren nondik norakoak zehazteke badituzte ere, 50 euroko kuota ordaindu beharko dute, zenbait abantaila ekonomikoren truke. Ez dute partaidetza horretara mugatzerik nahi, ordea. Mikelarenaren esanetan, «anbizioa» bestelako konpromiso bat lortzea da, bazkidea erabiltzaile hutsetik harago eraikitzailea ere izatea, «helburu honen bidean proiektu berriak martxan jartzen eta sustatzen laguntzea guztiok auzolanean».